Alderdi Eguna 2025

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/08/29

"Edukirik gabeko berriketarik ez eta lan gogorra bai, jendeari ziria sartzen ibili barik, gauzak diren moduan esanda eta proiektuak aurrera ateraz"

EAJ-PNVk Zarautzen aldi politikoari hasiera emateko urtero egin ohi duen ekitaldian, Aitor Estebanek jeltzaleen eredu politikoa eta euskal autogobernua aldarrikatu ditu Tellado eta De Andrésen modura “zingira” direnen aurrean eta EH Bilduren modura “programa baino gehiago, irudi hutsa” diren alderdien aurrean

Argazkiak...

Argazkia

2025/08/29

“Ziurtasunez beteriko panorama batean aurkitzen gara, eta ez daukagu urtean zehar gertatuko dena erakutsiko digun kristalezko bolarik, baina jakin dakigu zeri ekin behar diogun. Edukirik gabeko berriketarik gabe eta lan handia eginez, jendeari ziria sartu barik eta gauzak diren moduan esanda. Ez berriketa hutsik ezta hitz lodirik ere ez. Guk proiektuak atera behar ditugu, eta gure autogobernuaren eskutik egingo dugu, gure erakundeetatik egunero martxan jartzen dugun tresna delako”. Hauxe izan da Aitor Esteban EBBren presidenteak gaur arratsaldean Zarautzen aldi politikoari hasiera emateko egin den ekitaldi politikoan zabaldu nahi izan duen mezu nagusia. 

Malekoian egin den ekitaldiko beste hizlariak izan dira GBBren presidente Euge Arrizabalaga,  eta Zarauzko Uri Buru Batzarraren Lehendakari  Nekane Iribar. Eurekin batera izan dira askotariko ordezkari jeltzaleak hala nola Euzkadi Buru Batzarreko burukideak, Imanol Pradales Lehendakaria eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako hainbat kargudun eta erakundeetako ordezkari, ekitaldira hurbildu diren dozenaka alderdikide eta alderdizale jeltzale ere bertan izan direla. 

Udako sasoiari amaiera emateko egin den lehen ekitaldi politikoan, Estebanek argi eta garbi utzi nahi izan du EAJ-PNVren ibilbide orria zein den, Alderdi Popularrak bezala “zehaztu gabeko diskurtso iraintzailearen bidetik” jarraitzen dutenen aurrean. TALGO bezalako proiektuak, etxebizitza krisia konpontzea, autogobernua errespetatzea eta zabaltzea, euskarari aurrerabidea ematea, Nafarroarekiko harremanak sendotzea eta Iparralden abertzaleen presentzia areagotzea dira Estebanek hurrengo aldirako aipatu dituen erronketako batzuk “berriketa hutsetik eta hitz lodietatik aldenduz”.  

Hain zuzen, Jeltzaleen burua oso kritikoa izan da Alderdi Popularrarekin, eta  azken hilabeteotan eta azken asteotan ere alderdi honetatik EAJ-PNVren eta bere presidentearen kontra  Miguel Tellado eta Javier De Andrések  jaurti dituzten salaketei erantzun nahi izan die. “Zingira bat dira horiek! Lokatza, basatza eta lupetza besterik ez. Basadi hutsa. Irain eta gezurrez beteriko zingira dira, guztiz lokaztuta daude boterera iristeko gaitasunik gabe, gero eta etsai politiko gehiago bilatuz, beren nahasmen horretan guzti galduta. Iparorratzik gabeko alderdia dira. Euskadik ez du hitz lodirik behar, proiekturik gabe datozenen aldetik. Ez ditu Tellado eta De Andrés behar. Beraientzat dena da titularra, EAJrentzat dena da Herrigintza", esan du jeltzaleen buruak. 

Estebanek EH Bildurentzat ere izan ditu hitz batzuk “programa baino gehiago, irudia bilatzen duen alderdia” dela esanez “definizio eta orokortasunen nahaspilan” murgilduta, uda sasoian ezker abertzalearen inguruan izan diren polemika ezberdinak gogora ekarriz, hala nola zezenketak, Vulkano orkestra edo GKS. “Ez dira aklaratzen. Eta ez dute egiten Bildurena kontakizunaren epika delako. Eta gurea proiektuaren etika da. Hor dago aldea. Batzuek ekitaldi sinbolikoak egiten dituzten bitartean, batzuekin eta besteekin argazkiak egiten dituzten bitartean, guk Euskadi altxatzen dugu proiektu errealak abian jarriz. Etorkizuna ezin da eraiki dogma zaharrekin eta iraganeko kontakizunekin, baizik eta unean uneko proposamenekin, Alderdi honek eta gure Lehendakariak lideratzen duen Jaurlaritzak dituztenak bezalakoak”, ziurtatu du. Ertzaintza eta Udaltzaingoak defendatu ondoren, Estebanek ez du ahaztu nahi izan Txiki, Otaegi eta Lauaxetaren aldeko pankarten inguruan sortu den polemika. “Begiko zurian ere ez dute antzik”, esan du euskal poetaren figura aldarrikatu ondoren eta ETAko kideen fusilatzea “astakeria onartezina” izan zela esan ondoren. 

Azkenik, EBBren buruak EAE eta NFKren eskumenak defendatu ditu Estatuan zehar gertatu diren zoritxarreko suteak “aitzakiatzat” erabiliz eskumen horiek “birzentralizatu nahian” dabiltzanen aurrean. Halaber, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariari Gasteizko Arana egoitzaren proiektuaren inguruan ohartarazi nahi izan dio eta Euskadiko harrera eredua defendatu du. 

Gipuzko Buru Batzarraren presidente Euge Arrizabalagak bere aldetik azpimarratu duenez “EAJ-PNVren seriotasuna, eraginkortasuna eta Euskadirekin duen konpromisoa etorkizunari heltzeko bermerik onenak dira”. Era berean adierazi du “EAJren proiektua Euskal Herriarentzat egina da, eta euskal gizartearen gehiengoaren gogo eta beharrei erantzuten die”. 

Arrizabalagak ildo beretik azaldu du jeltzaleen jardun politikoaren berezko elementu den “kolaborazioa”. “Beti gaude besteekin kolaboratzeko prest, baina nahiko zail gertatzen da praktikatzea euskarari eraso egiten diotenekin eta Euskadiren autogobernua ukatzen dutenekin edo joko bikoitza daramatenekin, esku batekin elkarlana eskaintzen dizuten bitartean bullying politikoa aplikatzen baitizute era guztietako pankartak instrumentalizatuz”. 

“Sekula ez dugu konformismoaren tentazioan erori behar, alderantziz, beti izan behar dugu gogoan Euskadiko herrigintzak eta aberrigintzak politikoki arrisku batzuk hartzez gain EAJ-PNVren helburu politikoa lortzeko bide  latz horretan aurrera egiten jarraitzea exijitzen digula: Euskadi askea eraikitzea emakume eta gizon askeek egina”, amaitu du GBBren presidenteak. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...