Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/07/24

EAJ-PNV Ibarrak Udalek euskara sustatzeko duten eskubidea defendatuko du

Rodrigo Vilar Aranda EAJ-PNV Ibarrako presidentea haserre agertu da PPren eta Voxen helegitearen aurrean, eta jeltzaleek euskararekin duten konpromisoa berretsi du.
EAJ-PNV Ibarrak Udalek euskara sustatzeko duten eskubidea defendatuko du

"Onartezina iruditzen zaigu PPk eta Voxek toki administrazioan euskara komunikazio-hizkuntza gisa indartzeko dekretuaren aurkako helegitea aurkeztea", esan du Rodrigo Vilar Arandak. Bere ustez, Auzitegi Gorenean aurkeztutako errekurtsoak (Voxek zenbait artikulu partzialki baliogabetu ondoren), "arriskuan jartzen du udalek, errealitate soziolinguistikoaren arabera, zein hizkuntzatan lan egin nahi duten erabakitzeko duten eskubidea".

"Auzitegi Gorenaren epaiak euskarari lehentasuna ematen zioten funtsezko artikuluak baliogabetzen ditu, eta horrek euskararen normalizazioa eragozten du, are gehiago gutxienez 12. artikulua (toki-erakundeei euskararen erabilera egoera soziolinguistikoaren arabera planifikatzeko eta arautzeko ahalmena ematen diena) Auzitegi Gorenak berak onartu duenean", salatu du Vilarrek.

Ibarrako bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, Ibarrako EAJ ez da isilik egongo eraso honen aurrean. "Gero eta jende gehiagok hitz egiten du euskaraz udalerri honetan. Errealitate hori toki administrazioan ere isladatu dadin ari gara lanean: tramitazioan, komunikazioan... azken finean, gure herriaren bizitza publikoan”, gehitu du.

Zentzu horretan, iragarri du datozen asteetan mozio bat bultzatuko dutela Ibarrako Udaletik lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari aipatutako dekretua indartzeko eskaera helarazteko, baita injerentzia judizialen aurrean hobeto blindatzeko bideak aztertzeko ere, hizkuntza aukera uneoro errespetatu eta defendatuko dela bermatzen.

Azkenik, mezu hau bidali nahi izan die Vilarrek Ibarrako herritarrei: "mundu guztiak du aukeratzeko eskubidea, euskaldun zein erdaldun izan. Kontua ez da inposatzea, hautua errespetatzea baizik. Ibartar guztiei eskatzen diegu erakundeen bultzada honen parte izateko, hizkuntza-askatasuna eta euskararen normalizazioa babesteko.”

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...