Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/07/22

EAJ-PNVk herritarrei irekitako Iturripe bat proposatu du, padel-pistak, kantxak, pilotalekua, skate park eta lurpeko aparkalekuekin

Talde jeltzaleak eredu irisgarri bat defendatzen du, kirol instalazio berriekin, doako eremuekin, lurpeko aparkalekuekin eta 2028rako amaiera duen exekuzio plan batekin.
EAJ-PNVk herritarrei irekitako Iturripe bat proposatu du, padel-pistak, kantxak, pilotalekua, skate park eta lurpeko aparkalekuekin

Duela hilabete, Udal Gobernuak Iturripeko kirolgunea eraldatzeko aurreproiektua aurkeztu zuen. Dokumentu horrek, abiapuntu gisa balio badezake ere, gabezia handiak ditu, EAJ-PNVren ustez zuzendu eta hobetu beharrekoak, Iturripek etorkizuneko Arrasate benetan ordezka dezan.

Udal talde jeltzaleak proposamen zehatz batzuk plazaratu ditu, aurreko parte-hartze prozesuetan jasotako analisi teknikoan eta herritarren ekarpenetan eta tokiko kirol taldeekin izandako bilera ugarietan oinarrituta, proiektu estrategiko honek herritarren benetako beharrei hobeto erantzun diezaien.

EAJ-PNVk aurreproiektuari egiten dion kritika nagusietako bat kanpoko espazioen erabateko pribatizazioa da. “Gaur egun, pertsona askok – bereziki gazteek – modu librean erabiltzen dute eremu hori. Ezin dugu onartu espazio osoa ordainpekoa izatea. Eremu irekiak eta doakoak mantendu behar dira”, defendatu du Ander Garay bozeramaile jeltzaleak.

Proposatutako hobekuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

      Skate park bat sortzea, Arrasateko adituekin batera diseinatua, aurreko legealdian eskari argia izan zuena.

      Erabilera anitzeko bi kantxa, hainbat kiroletan askatasunez aritzeko aukera ematen dutenak.

     • Frontoi irekia, pilota modalitate guztiak hartzeko luzera egokiarekin.

EAJ-PNVk ere bi padel-pista gehitzea proposatu du, Musakolan daudenen okupazio handia dela eta. Aurreko parte-hartze prozesuetan identifikatutako eskaera bati erantzuten dio proposamenak.

Gainera, ibilgailu, bizikleta eta patineteentzako lurpeko aparkaleku bat eraikitzea planteatzen da, eremuak gaur egun duen saturazioa dela eta. “Obrak aukera bat dira sakoneko arazo bati heltzeko. Orain egiten ez badugu, gero jasango dugu, batez ere asteburuetan”, aipatu du bozeramale jeltzaleak.

Iturripek atzerapenak pilatzen jarrai ez dezan, EAJ-PNVk egutegi egingarri bat proposatu du, baina konpromiso politikoa eskatzen duena:

     • 2025eko abendua: onartutako behin betiko proiektua eta udal lurren titulartasuna.

     • 2026ko ekaina: obren esleipena.

     • 2026ko iraila: obren hasiera.

     • 2028. urtea: Iturripe errealitate bihurtu.

“Data horiek posible dira. Borondate eta lehentasun politikoa besterik ez da behar. Udal Gobernuaren paralisiak ezin du jarraitu gure etorkizuna geldiarazten”, azpimarratu du.

Egungo Udal Gobernuaren ikuspegi ezberdina

Ikuspegi bateraturik eta entzute aktiborik gabe berriro planifikatzen ari den gobernu baten aurrean, EAJ-PNVk Iturripe erabilgarriago, publikoago eta parte-hartzaileago baten alde egiten du. Kirola, bizikidetza, mugikortasuna eta etorkizuna uztartuko dituen espazioa, belaunaldi guztientzat.

“Iturripe ezin da ateak itxita egindako proiektu bat izan. Irekia den espazio bat izan behar du, ez baztertzailea. Proposatzen duguna errealista eta bideragarria da, eta defendatzen dugun herri ereduari erantzuten dio: irekia, aktiboa eta guztiontzat pentsatua”, amaitu du Garayk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...