Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/07/20

EAJ-PNVk gardentasunaren eta gobernantza onaren aldeko neurriak eskatu dizkio EH Bilduri Usurbilen

Xabier Otxoak “udal-kudeaketaren iluntasuna” salatu eta “herritarren eta alderdi politikoen informazio-eskubidea bermatzea” exijitu du
EAJ-PNVk gardentasunaren eta gobernantza onaren aldeko neurriak eskatu dizkio EH Bilduri Usurbilen

Usurbilgo EAJ-PNVren udal taldeak mozio bat aurkeztu du gobernu onaren, gardentasunaren eta informazio publikoaren eskubidearen alde. Ekimenak udal gobernuak azkenaldian erakutsi duen kudeaketa opakua eta informazio-tratamendu okerra salatzen ditu, eta herritarren zein oposizioko udal taldeek informazio osatua, egiazkoa eta eskuragarriaria jasotzeko duten eskubidea aldarrikatzen du.

Xabier Otxoak bozeramaileak argi utzi du. "Demokrazia osasuntsua ezin da ulertu gardentasunaren eta kontuak ematearen oinarriak sendo ez badira. Tamalez, Usurbilen ohikoak dira alde bakarreko erabakiak eta oposizioarekiko komunikazio instituzionalaren falta. Hain zuzen ere, komunikabideen bidez ezagutzera ematen den informazio garrantzitsua aurrez udal ordezkariekin ez partekatzea, eta kudeaketaren kontu emateko mekanismo eraginkorrik ez izatea".

Otxoak salatu duenez, udal gobernuak sarri askotan komunikabideen bitartez jakinarazten ditu herritarrentzat erabakigarriak diren neurriak, aurretik dagokien batzorde informatiboetan partekatu edo adostu gabe. Egoera horrek, bere esanetan, “udal oposizioari dagokion kontrol- eta proposamen lana egiteko aukera kentzen dio, baldintza berdinetan aritzeko aukerarik gabe”. 

Horregatik, jeltzaleek herri administrazio moderno baten funtsezko oinarriak aldarrikatu dituzte: gardentasuna, parte-hartze publikoa eta integritate instituzionala. "Usurbilek ez du zertan atzean geratu. Gipuzkoak badu oinarri juridiko eta politiko sendoa praktika demokratiko eredugarria garatzeko, eta Usurbilgo Udalak neurriak hartu behar ditu norabide horretan", adierazi du. 

Aurkeztutako mozioaren bidez, EAJ-PNVk Udal Gobernuari honako eskakizun hauek galdegin dizkio:

     ● Informazio publikoa modu eraginkorrean eta gardentasunez partekatzeko konpromisoa hartzea.

     ● Erabakiak hartu aurretik ordezkari politikoekin lanketa eta komunikazio instituzional egokia bermatzea.

     ● Kontuak emateko mekanismoak ezartzea, oposizioak bere lana baldintza egokietan garatu ahal izateko.

Azkenik, Usurbilgo EAJ-PNVko bozeramailearen hitzetan, “Normaltasun demokratikoan, gardentasuna ez da aukera; derrigorrezko betekizuna da erakunde publikoentzat eta haien buruentzat. Eta horretan tinko jardungo dugu, usurbildarren konfiantza eta partaidetza aktiboa berreskuratzeko helburuarekin."

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...