Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNV erabakigarria izaten ari da Elgetaren aurrerabidea bermatzeko
“Oposiziotik lidergo partekatua eta akordioak eskaini ditugu, baina EH Bilduri erabakiak hartzeko ausardia falta zaio”.
Elgetako EAJ-PNVk agintaldi erdiko balantze gazi-gozoa egin du gaurkoan. Batetik, udal gobernuak “asmo on” asko dituela baieztatu dute jeltzaleek, baina gero horiei bide emateko gaitasuna erakustea beste gauza bat dela; eta, bestetik, EH Bilduren kudeaketa geldoa izateaz gain, ikuspegi estrategikoa falta duela salatu dute.
Talde jeltzalearen esanetan, udal gobernua gehiengo osoak ematen dion erosotasunean geroz eta murgilduago dago, eta“hasierako ausardia eta elkarlanerako jarrera” alboratzen ari da apurka. Horren harira, Iker Laka bozeramaileak hurrengoa adierazi du: “Oposiziotik dugun ekimena erabakigarria izaten ari da EH Bilduren geldierarako joera saihesteko. Ezin dugu onartuElgeta etorkizuneko bide-orri barik geratzea eta, horregatik, orain egiten dugunaren eta nahi dugun etorkizunaren arteko koherentzia egoteko saiakeran gabiltza”.
Udal gobernuaren aldebakartasuna
EAJ-PNVren arabera agintaldia hasi eta bi urteren ostean ez dagogobernu-programarik eta EH Bilduk ez du argi esan zeintzuk diren bere etorkizuneko asmoak. “Erabakiak hartzea asko kostatzen zaie, kudeaketa geldoa da eta ez dute arriskatzeko ausardiarik. Oposizioarekiko informazio partekatzea nabarmen murriztu da azken urtean, gainerako erakundeekiko koordinazioa bezala; hainbat proiektu aurrera ateratzeko funtsezkoa dena”, salatu du alderdi jeltzaleak. Horren adibide gisa, honako hauek nabarmendu dituzte:
● Agintaldi-akordiorako eskaintza baztertzea, nahiz eta EAJ-PNVtik 40 neurriko eta 6 orrialdeko proposamena aurkeztu.
● Etxebizitza-politika eza. Etxe hutsak merkaturatzea lortu ez duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekargua bere horretan mantendu eta, aldi berean, Torrealdean etxebizitza garatzeari uko egitea.
● 2025eko aurrekontuetan eskolako jangela eraldatzeko aurreikusitako 300.000€-ko inbertsioa ez gauzatzea.
● Udaletxearen eraberritzeari uko egitea. Herriko kaleen eta eraikin publikoen irisgarritasun diagnostikoa eguneratzeko gure eskaera kontuan ez hartzea.
● Kiroldegia handitzeko proiektuari hamaika buelta ematea.
● Pagatzako industrialdeari Patxi Basauri izena jartzeari uko egitea.
● Umeentzako ur-jolasen gunea egiteari uko egitea.
● Udal batzordeen berrantolaketari uko egitea.
Eta, gurekin adostu arren, badaude EH Bilduk oraindik bete ez dituen beste hainbeste proiektu:
● Espazioen erabilera eta jarduerak arautzeko ordenantza onartzea.
● Eguneko zentroa Amelinen Etxera lekualdatzeko aurreproiektua idaztea.
● Ibilgailuen zergan motore hibrido eta elektrikoentzako hobari-tarte ezberdinak garatzea.
● Herriko ekonomia jarduerari buruzko azterketa sozioekonomikoa egitea.
EAJ-PNVren jarrera eraikitzailea eta proposamenak
Jeltzaleek gogorarazi dute lidergoa erakutsi, eta ideiak zein proposamenak mahaigaineratu dituztela oposiziotik. “Hasieratik izan dugu jarrera eraikitzailea eta proaktiboa: elkarrizketa sustatu dugu, akordioak lortu eta erakundeen arteko zubi-lanak egin ditugu”, azpimarratu dute. EAJ-PNVk bere hauteskunde-programako 10 konpromisoak, 5 ardatzak eta 3 lehentasunak lantzen jarraitu du. Helburua argia dela diote: “Elgetak etorkizuneko bide-orria izan dezala eta proiektu estrategikorik gabe gera ez dadila”. Era berean, erakunde arteko lankidetza indartzeko lan egin dutela nabarmendu dute: “Udaletik eta gainerako erakundeekin lankidetzan ari gara, Elgeta atzean gera ez dadin, konfrontazioa eta taktizismoa alde batera lagata”.
Lortutako aurrerapenak eta eskatutako neurriak
EAJ-PNVk azaldu du, eurei esker, zenbait neurri edo akordio jarri direla martxan, batez ere, fiskalitate justu, sustatzaile eta berde baterantz:
● Familia ugarientzako hobariak ibilgailuen zergan.
● Industria enpresa berrientzat hobariak, eta ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu profesionalen establezimenduak irekitzeagatiko tasa ezabatzea.
● Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzeko obra-lizentzian % 50eko hobaria.
Bete diren edo aurrera doazen beste neurri batzuk:
● Etxebizitzaren egoerari buruzko azterlana.
● Mediku-kontsultategiko kanpoaldean bankua jartzea.
● Liburutegi aurreko semaforoa moldatzea, liburutegiko eraikinaren fatxadaren ikuspegia tapa ez dezan.
● Hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eta kaleak garbi mantentzeko kontzientziazio-kanpaina.
● Etorkizuneko kiroldegiaren espazio eta beharrak definitzeko prozesu parte-hartzailea.
Udal gobernuaren jardun positiboari eskua luzatzeko prest
Modu berean, EAJ-PNVk bat egiten du EH Bildurekin zenbait puntutan:
● Liburutegiko fatxada zaharberritzea.
● Landa lurrak digitalizatzeko proiektuan aurrerapauso irmoak ematea.
● Herriko enpresei ikuskaritza fiskala egitea agintaldia amaitu baino lehen.
● Elgetako ur-zikinak Bergarako Mekolaldeko kolektorera bideratzeko eta Sesto erreka leheneratzeko eskaera egitea URA agentziari.
● Garraio publikoa hobetzeko beharra nabarmentzea.
Amaitzeko, Elgetako EAJ-PNVk mezu argia bidali du: “Oraindik garaiz gabiltza datozen bi urteetan etorkizuneko oinarriak ezartzeko, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuan jauzi bat emateko. Premiazkoa da EH Bilduk lehentasunak ezarri eta erabakiak har ditzala. Gobernu-taldeari eskatzen diogu berriro ere elkarlanerako eskua luza dezala eta, ausardiaz, proiektu estrategiko batzuen baitako adostasuna lantzeko”.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/09/30
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13