Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/07/09

Oñatiko EAJ-PNVk agerian utzi du EH Bilduk oposizioari emandako paper hutsala eta funtsezko proiektuen atzerapena

“Proiektuen exekuzioa ez da behar bezala gauzatu, eta, besteak beste, etxebizitza-eskaintza eta irisgarritasunaren lanketa geldirik edo atzeratuta daude”, diote jeltzaleek.

Aurrekontuen balorazioan EH Bilduk datu desegokiak erabiltzen dituela ere salatu du EAJ-PNVk, “aurrekontuaren exekuzioa nabarmen makillatuz”, eta gardentasuna eta zintzotasuna falta dela balorazioetan.
Oñatiko EAJ-PNVk agerian utzi du EH Bilduk oposizioari emandako paper hutsala eta funtsezko proiektuen atzerapena

Oñatiko EAJ-PNV udal taldeak legealdi erdiko balorazioa egin du, eta agerian utzi du Udal Gobernuak, EH Bilduk, gardentasun falta “nabarmena” duela, eta zenbait proiektuen aurrerapenak eta inbertsioak ez dituela egoki azaldu.

Adostasuna eta elkarlana hitzez, baina gero kontrakoa egin

EH Bilduk, gobernuaren jardunean, hainbat aldiz adierazi du oposizioarekin elkarlanean aritzeko eta adostasunak bilatzeko konpromisoa. Hala ere, EAJ-PNVk dio benetako orduan, guztiz itxi dizkiola ateak oposizioari, eta entzule papera besterik ez diola eman. Ildo horretan, EAJ-PNVk salatu du parte-hartzerako aukera gutxi izan duela, eta proiektuak gauzatu ostean, EHBilduren Udal Gobernuaren informazioa jasotzearekin konformatu behar izan dela.

Zenbakiak ez datoz bat egindakoarekin

Udal Gobernuak argitaratutako zenbakiak euren horretan okerrak ez diren arren, jeltzaleen aburuz, ez dute egindakoa modu egokian erakusten. Azpimarratu dute proiektuen balorazioa egiten denean, Udal Gobernuak proiektu bakoitzaren garrantzia alde batera uzten duela, guztiak pisu bera balute bezala, eta, ondorioz, zenbait proiektu esanguratsu geldirik edo atzeraturik egotea ez dela ikustarazten. Horietako esanguratsuenak, honako hauek:

     • HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra).

     • Etxebizitza-eskaintzaren lanketa.

     • Irisgarritasuna Kale Zaharrean eta Obispo Otaduin.

     • Gune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezia.

Horrez gain, EAJ-PNVk dio EH Bilduk ez dituela kontuan hartu aurreko legealdiko proiektuak; 2022ko Aurrekontu Partehartzaileetan landu ziren bi proiektuak, kasu:

      • Jolas parkeetan 8-14 urteko gazteentzako elementuak jartzea (200.000 euro).

     • Plazako kioskoaren eta frontoiaren arteko gunea berritzea (121.000 euro).

Exekuzio-maila desegokia eta zehaztugabea

Bestalde, EH Bilduk aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioen % 90 eginda dagoela adierazi duen arren, datu hori desegokia dela uste du EAJ-PNVk.

Adibide gisa, Emakumion Etxia aipatu du alderdi jeltzaleak. Hasieran aurreikusitako zenbatekoa 600.000 eurokoa da; gehigarriekin partida horretara zuzendutako zenbatekoa 1.255.500 euroraino igo zen. Udal Gobernuak jarraitu duen irizpidearekin, exekuzio-maila % 209koa litzateke partida honetan, eta esan bezala, % 90 inbertsioen osotasunean. Aurrekontuen likidazioan jarraitzen den irizpidearekin, aldiz, inbertsioen gauzatze maila % 50ekoa da. Talde jeltzaleak nabarmenu du aurrekontuen likidazioan erabiltzen den irizpideak zehatzago neurtzen duela haren exekuzio maila.

Gardentasun eta zintzotasun falta

Zenbaki horiei erreparatuta, Udal Gobernuaren balorazioari gardentasuna eta zintzotasuna falta zaiola dio EAJ-PNVk. “Ematen diren datuak ez datoz bat aurrekontuen likidazioan erabiltzen den irizpidearekin, eta beraz, ez dira exekuzio-maila errealaren adierazgarri”, gaineratu dute.

Aipamen positibo batzuk gobernantzan

Hala ere, bi aipamen positibo egin nahi izan dituzte jeltzaleek: batetik, Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik lortutako diru-partidak jasotzeko egindako ahalegina; bestetik, Udal Gobernuaren lankidetza-ahalegina oposizioarekin, bi proiektu zehatzetan: Emakumion Etxia eta Energia komertzializatzailearen proiektuak.

Dena den, ezin ahaztu bi ekimen horiek salbuespenak izan direla, eta aurretik esan bezala, oro har, entzule rola (eta batzuetan hori ere ez) soilik eman zaiola oposizioari.

EAJk parte-hartze proaktiboa izan du proiektu estrategikoetan

Era berean, EAJ-PNV udal taldeak azpimarra jarri du bi urte hauetan egin duen lanean, “batzorde eta proiektu estrategiko guztietan parte-hartze proaktiboa izanik, proposamen pluralak ekarriz eta oñatiar guztien onura bilatuz. Horren adibide dira, hainbaten artean, HAPOri egindako ekarpenak edo garraio publikoari proposatutako hobekuntzak”.

Eskaintza zintzoa eta lankidetzaren beharra

Aipatutako guztia aintzat hartuta, EAJ-PNVk eskaintza zintzoa egin dio Udal Gobernuari. “Oposizioak beti egin du proposamen pluralen eta parte-hartze proaktiboen alde, eta oraingoan ere lankidetza eskatzen du proiektu estrategikoetan” (adibidez, HAPO eta energia komertzializatzailearen proiektuetan). EAJ-PNVk uste du lankidetzak eta adostasunak balioa ematen dutela, eta horiek funtsezkoak direla proiektuen gauzatzea errazteko, eta noski, herritarren egunerokotasuna hobetzeko. “Hor bidelagun gara”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...