Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/07/08

Zumaiako EAJ-PNVk EH Bilduk babesleku klimatikoak sortzeko duen ezintasuna kritikatu eta jubilatuen egoitzan neurriak hartzea eskatu du

Udal Talde jeltzaleak gogorarazi du, joan zen urteko martxoan, Udalbatzak aho batez onartu zuela berotik babesteko guneak sortzea, eta Jubilatuen Egoitzan klimatizazio-sistema egoki bat jartzea eskatu du ezinbesteko urrats gisa.
Zumaiako EAJ-PNVk EH Bilduk babesleku klimatikoak sortzeko duen ezintasuna kritikatu eta jubilatuen egoitzan neurriak hartzea eskatu du

Zumaiako EAJ-PNV Udal Taldeak salatu du EH Bilduren Udal Gobernuak ez duela borondaterik larrialdi klimatikoaren inguruan hartutako konpromisoak betetzeko, 2025eko aurrekontuan ez baitu jaso Jubilatuen Egoitzan aire girotuko sistema bat jartzeko proposamena.

Talde jeltzaleak gogorarazi du joan den 2024ko martxoaren 21ean Udalbatzak aho batez onartu zuela Zumaian babesleku klimatikoak sortzea edo egokitzea, biztanleria ahulena bero handiaren eraginetatik babesteko. Hala ere, aurrekontuen negoziazioan, Udal Gobernuak baztertu egin zuen Jubilatuen Egoitza girotzeko eta berritzeko eskatutako 200.000 euroko partida.

"Ez dugu ulertzen nola egin diezaioketen ez ikusiarena osoko bilkurak onartutako akordio bati, are gehiago larrialdi klimatiko aitortu baten aurrean. Zumaian berehala hartu behar ditugu neurriak, eta Jubilatuen Egoitza babesleku klimatiko bihurtzea ezinbestekoa da adinekoen ongizatea bermatzeko ", adierazi dute Zumaiako EAJ-PNVren Udal Taldetik.

Zentzu horretan, Udal Taldeak azpimarratu du klimatizazio-sistema egoki bat jartzea, kapritxo bat izatetik urrun, udalerriko adinekoen osasuna eta bizi-kalitatea babesteko premiazko neurri arduratsu bat dela. Esan dutenez, "Jubilatuen Etxean inbertitzea gizarte-zerbitzuetan eta adinekoen duintasunean inbertitzea da".

Horrekin guztiarekin batera, Zumaiako EAJ-PNVk gaineratu du EH Bilduren Udal Gobernuak elkarrizketarako aukera gutxi eman zituela aurrekontuen negoziazioan; izan ere, jeltzaleen zuzenketa guztiak erabat baztertu ziren, akordiorik eta alternatibarik bilatu gabe.

"Zumaiak plangintza, koherentzia eta pertsonekiko benetako konpromisoa behar dituela azpimarratzen jarraituko dugu. Larrialdi klimatikoari buruzko hitzek ekintza zehatzak eta inbertsio errealak ekarri behar dituzte ", amaitu dute ondorioztatzen jeltzaleek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...