Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/07/08

Soraluzeko EAJ-PNVk 2025ko aurrekontuetan aurreikusitako proiektuak martxan jartzea eskatzen dio EH Bilduri

Urte erdia pasata, alderdi jeltzaleak “hitzetatik ekintzetara igarotzeko” eskatzen dio Udal Gobernuari.
Soraluzeko EAJ-PNVk 2025ko aurrekontuetan aurreikusitako proiektuak martxan jartzea eskatzen dio EH Bilduri

Soraluzeko EAJ-PNVk 2025ko aurrekontu proiektua landu zenean herriko behar nagusien inguruko proposamen sorta aurkeztu zuen, eta urte erdia pasata, Udal Gobernuari eskatu dio, “hitzetatik ekintzetara” igarotzeko. Talde jeltzalearen ustez, herritarren egunerokoan eragina duten hobekuntzak ezin dira gehiago atzeratu, eta beharrezkoa da epe zehatzetara bideratutako planifikazio serioa eta integrala ezartzea.

Zentzu horretan, EAJ-PNVk hainbat azpiegitura eta zerbitzu hobetzeko proposamenak aurkeztu zituen:

     ► Irisgarritasuna plana: lehen fase bezala, arrapala baten bidez, Udalaren jabetzakoak diren Frontoi 5eko etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzea, Calonge atzetik.

     ► Aparkalekuak: aparkalekuen eskasia egiaztatzeko azterketa egitea. “Zenbat ibilgailu eta zenbat aparkaleku dauden jakin behar da, eta, horren arabera, Erregetxeko lurrazpiko aparkalekuen proiektua serioski aztertu”, esan du Iker Aldazabal bozeramaile jeltzaleak.

     ► Olabarrenako zubi berria: azpiegitura hau eraikitzeko aurreproiektua idazteko baliabide ekonomikoak bideratzea, herritarrei eta auzoei lotura eta segurtasun handiagoa emateko.

     ► Aisialdi guneak: bidegorriaren (Carmelo Mendizabaleko industrialdea pasata),  aisialdi gune berri bat sortzea egungo eremua birgaituz, herritarren atseden beharrak asetuko dituena. “Aukera legoke bertan komun publiko bat ipintzeko, herritarren erosotasuna eta osasuna hobetzeko”, gehitu dute.

     ► Baltegietako kalearen zahar berritze lanak: Gabolatseko zubiko lanak bukatu ondoren, SAPAko eraikinaren alboak estaltzea eta alboko adokinezko kalea zahar berritzea.

     ► Udalerriko zaintza ekosistemaren proiektua abian jartzea: zaintzaren inguruko herri mailako diagnosia oinarri izanda, Soraluzeko zaintza ekosistema berri sortzea.

     ►Herri garbi baten aldeko apustua: herriko kaleetako eta eremuetako utzikeria eta txukuntasun faltaren aurrean neurri eraginkorrak hartzea.

EAJ-PNVk gogorarazi du proposamen hauek guztiak herritarren eguneroko beharretatik abiatuta egin direla. “Aurrera egiten ez duen herriak atzera egiten du. Soraluze hobea eraikitzeko benetako ekintza-plana behar da. Uste dugu, agintaldia hasi zenetik bi urte igaro ondoren, gauzak aztertzeko eta hausnartzeko nahikoa denbora izan duela Udal Gobernuak, eta exijitzen diogu aurrekontuan jasotako proiektuak martxan jartzea”, azpimarratu dute.

Talde jeltzalea prest dago elkarlanean adostasunak bilatzeko, herritarrenganako emaitzetan atzerapen gehiago eragin gabe, betiere.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...