Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/07/03

Danborradan ‘Anbotoren‘ aldeko pankarta jarri izana salatu du Eskoriatzako EAJ-PNVk

Jaiak une eta espazio partekatuak dira. Ez da onargarria guztiona dena alderdikeriaz erabiltzea
Danborradan ‘Anbotoren‘ aldeko pankarta jarri izana salatu du Eskoriatzako EAJ-PNVk

Eskoriatzako EAJ-PNV Udal Taldearen ustez, onartezina da EH Bilduren Udal Gobernuak Marisol Iparragirre etakidearen aldeko pankarta bat jartzen uztea udaletxeko balkoian, bera izan baitzen hain beste atentatu eta hilketen erantzule zuzena.

PNVrentzat "gure herria eta ETAren biktimak iraintzea" da EH Bilduk utzi izana pankarta hori ikurrinaren eta Eskoriatzako eta danborradako konpainietako banderen ondoan jartzen, ereserkia entzuten zen bitartean.

“Jaiak une eta espazio partekatuak dira. Ez da onargarria guztiona dena alderdikeriaz erabiltzea, bakoitzak zer pentsatzen duen alde batera utzita. Askoz larriagoa delitu-historia hori duen norbait defendatzeko bada” azpimarratu dute.

Edukiontziak erretzea eta istiluak

Herriko jaietan izandako istiluak ere gaitzetsi nahi ditugu: edukiontziak erre izana eta kalean izandako istiluak.

“Gogor gaitzesten ditugu eskoriatzarrok urte osoan zehar espero ditugun ospakizunak iluntzen dituzten jokabide hauek” azpimarratu dute. “Ekintza horiek kalte materialak eragiteaz gain, pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen dute” gaineratuz.

EAJ-PNV udal taldeak eskertu egin du "larrialdi zerbitzuen eta segurtasun indarren esku-hartze azkarra, bai eta herritar gehienen portaera eredugarria ere, jardueretan errespetuz eta erantzukizunez parte hartu baitute".

Amaitzeko, "herriko jai seguru, inklusibo, ez politizatu eta indarkeriarik gabekoen aldeko konpromisoa" berretsi dute. "Norbanakoaren eta taldearen erantzukizunari dei egiten diogu ospakizun horien benetako arima babesteko: alaitasuna, tradizioa eta elkarrekiko errespetua, batzuen ideien inposiziorik gabe", amaitu dute.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...