Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/06/26

EAJk Andoaingo Irisgarritasun Plan berria osatzeko anbizio eta konpromiso handiagoa eskatu dio EH Bilduri

Imanol Goenaga, bozeramaile jeltzalea: “Andoaingo irisgarritasunaren arloan ezer ez egitea leporatzen diogu EH Bilduri. Urte bete igaro ondoren, ingurune garrantzitsuak kontutan hartzen ez dituen planaren aurrerapen bat besterik ez dute aurkeztu. Premiaren, eragin sozialaren, konplexutasun teknikoaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera jarduketak lehenestea eskatzen dugu”.
EAJk Andoaingo Irisgarritasun Plan berria osatzeko anbizio eta konpromiso handiagoa eskatu dio EH Bilduri

Andoaingo Udaleko EAJren Udal Taldeak mozio batean zehaztu du premiazkoa dela irisgarritasun plan anbiziotsua, errealista eta exekutagarria osatzea, udalerriko bizilagunen egungo beharrei erantzuteko. "EH Bilduk aurrerapauso esanguratsuak eman behar ditu, orain arte ez baitu erakutsi irisgarritasunaren arloak merezi duen arreta eta anbizioa", adierazi du Imanol Goenaga bozeramaile jeltzaleak.

Izan ere, 2024ko apirilean Andoaingo Udalak Udal Irisgarritasun Plana eguneratzeko kanpo-zerbitzuak kontratatu zituen arren, oraindik, urtebete geroago, amaitu gabe ez ezik, onartu gabe ere jarraitzen du. Are gehiago, Goenagak salatu duenez, EH Bilduk planaren aurrerapen bat baino ez du aurkeztu, eta aurkezpen horrek ingurune garrantzitsuak ez ditu kontutan hartzen, hala nola, Doktor Huizi kalea, “premiaren, eragin sozialaren, konplexutasun teknikoaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera jarduketak lehenestea eskatzen dugu ".

Argia da eskaera, beraz; EAJk EH Bilduri eskatu dio Irisgarritasun Plan berria ez dadila dokumentu tekniko soila izan, baizik eta ibilbide-orri ausarta eta eraldatzailea, urte anitzeko aurrekontu-konpromiso argiekin eta exekutzio-egutegi zorrotzarekin. "Ez da nahikoa asmo generikoekin: inbertsio partidak, jarduera zehatzak eta konpromiso politiko irmoa behar dira", gaineratu dute.

EAJren ustetan, aipatutako guztia ezinbesteko erronka da Andoain herri irisgarria izateko. Horren baitan, herriko auzo ezberdinen arteko ibilbide irisgarriak sortzea funtsezkoa dela nabarmendu dute, “Andoain modu autonomoan zeharkatu ahal izateko”. Era berean, zebrabideetan hobekuntzak egitea beharrezkoa dela diote; trafiko handiena duten tokietan, hala nola, norabide eta arrisku seinaleak egokitzen.

Halaber, mugikortasun bertikala da jeltzaleen beste proposamen garrantzitsuenetako bat, funtsezkoa delako egun dauden oztopo fisikoak gainditzeko. Horregatik, Mugikortasun Bertikaleko Plan Zuzentzaile bat egitea proposatzen dute, auzoen arteko konektibitatea hobetzeko, eta osasun zentrorako edo erdigunetik isolatuen dauden kaleetarako sarbidea errazteko (eskailerak edo igogailuak bezalako elementu mekanikoak edo ez-mekanikoak barne).

Gainera, funstezkoa da etxebizitzetarako irisgarritasuna ziurtatzea, ezinbestekoa izaten jarraitzen du zenbait kale berrurbanizatzea. Ildo horretan, hurrengoa esan du Goenagak: “Oso garrantzitsuak dira Gabril Aresti kalean edo Ondarreta kalean egingo diren lanak (herritarren parte-hartze prozesuaren emaitza azken hau). Gainera, EAJn uste dugu irisgarritasuna hobetzeak inpaktu positiboa izango duela tokiko merkataritzan, eta horretarako dauden oztopoak ezabatzeko ekintzak finantzatzearen aldeko apustua egiten dugu. Udal instalazioei dagokienez, hainbat urtetarako plan bat proposatzen dugu udal eraikinak irisgarritasun araudiari egokitzeko (Urigain eta Galardi kasu), besteak beste, espazio publiko guztietako seinaleztapena eguneratzen”.

Irisgarritasun unibertsalarekin duen konpromisoa sendoa da talde jeltzalearentzat, eta Imanol Goenaga Andoaingo EAJ-PNVren bozeramaileak argi azpimarratu du beste behin: “Plan honek benetako partaidetza-prozesu baten emaitza izan behar du, ACKZESIBLE bezalako elkarteak, udaleko hainbat eragile eta udal talde politikoak barne hartuta. Andoaingo irisgarritasuna ezin da Udaleko bulegoetatik soilik landu. Gizarte osoaren helburu partekatua izan behar du. Horregatik, EH Bilduri eskatzen diogu gehiago entzuteko, eta egiten ditugun ekarpenak aintzat hartzeko”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...