Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/06/16

EAJ-PNVk Abotsanitzen eredua salatu du: “Hondarribiko hirigintza konstruktorekin diseinatzen dute, eta herritarrak baztertu egiten dituzte”

Abotsanitzek orain ontzat ematen du hainbeste kritikatu zuen HAPOa eta parte-hartze prozesu berria irekitzea saihesten du. Ustezko "eredu berria" beren anbizio falta estaltzeko maniobra bat da.
EAJ-PNVk Abotsanitzen eredua salatu du: “Hondarribiko hirigintza konstruktorekin diseinatzen dute, eta herritarrak baztertu egiten dituzte”

Hondarribiko EAJ-PNV udal taldeak salatu du Abotsanitzen udal gobernuak herritarren arteko elkarrizketari eta zuzentasun teknikoari uko egin diela Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) izapidetzean, etxebizitza promotore eta konstruktorekin egindako akordioak lehenetsiz, eta hurrengo hamarkadetan hiri eredua zehaztuko duen dokumentua eztabaida publikora eramatea saihestuz.

Prozesu iluna, parte-hartzerik gabea eta kontraesan nabarmenekin

Abotsanitzen HAPOa 2023an hasierako onarpena eman zitzaion planaren aurkako alternatiba iraultzaile gisa aurkeztu da. Hala ere, diskurtso horrek talka egiten du errealitatearekin: “gaur egungo behin-behineko onarpenera eramango den dokumentua aurreko planaren jarraipen zuzena da, gobernu berak ez-esanguratsuak direla dioen aldaketekin onartuko dena, informazio publikoko prozesu berria ireki behar ez izateko”.

EAJ-PNVk azpimarratu du maniobra honek oinarrizko kontraesan politikoa agerian uzten duela: aurreko PNVren gobernuak diseinatu eta bultzatutako HAPO dokumentua hain “txarra” bazen, Abotsanitzen ordezkariek behin eta berriz esan duten bezala, zergatik hartu dute oinarri eta beren proposamenaren justifikazio gisa? Eta Abotsanitzen aldaketak ez badira esanguratsuak, benetan zertan aldatu da hainbeste kritikatu zuten hirigintza eredua? Gaur, presaka ari dira izapidetzen bere garaian beraiek aurka bozkatu zuten proposamenean oinarritutako dokumentu bat.

“Hirigintza izapidea tramite administratibo arrunt gisa erabiltzen ari dira, ez Hondarribiaren etorkizuna herritarrekin batera birpentsatzeko aukera gisa. Hau espektakulu-politikaren adibide bat gehiago da, non zabaltzen diren diskurtsoek ez duen zerikusirik hartzen diren erabakiekin”, salatu dute EAJ-PNVtik.

Informazio publikora eraman beharko liratekeen aldaketa esanguratsuak

HAPO berriaren dokumentuak, besteak beste, urbaniza daitezkeen sektoreen ezabatzea, eraikigarritasunak beste gune batzuetara banatzea eta etxebizitzen banaketa edo distribuzio berria jasotzen ditu. Hauek ez dira aldaketa txikiak. Hiri eredua, dentsitatea, mugikortasuna, ekipamenduak eta etxebizitzarako sarbidea zuzenean eragiten duten erabaki estrukturalak dira.Hirigintzako araudia argia da: egiturazko antolamendua aldatzen duten funtsezko aldaketak sartzen direnean, nahitaezkoa da hasierako onespen berri bat egitea eta informazioa jendaurrean jartzeko epe berri bat irekitzea. Abotsanitzek urrats hau saihestu du, herritarren eztabaida ukatuz eta dokumentuaren etorkizuneko baliozkotasunaren inguruko segurtasun juridikoa arriskuan jarriz.

"Aldaketa horiek funtsezkoak ez direla bermatzen duten txosten tekniko independenteak aurkeztea eskatzen dugu. Benetan hala badira, gezurra esan dute HAPO gauza berritzailetzat aurkezterako garaian. Eta hala ez badira, gardentasun eta parte-hartze betebeharrak urratu dituzte", azaldu du EAJ-PNVk. Deitoratu dutenez, "badirudi Abotsanitzek korrika egin nahi duela, eta, horretarako, Plan Orokorraren dokumentu berria herritarren kontrastera eramatea saihesten dute".

Herritarrak kanpoan geratzen diren bitartean, promotoreekin akordio estrategikoak sinatzen dituzte

Herritarren parte-hartzerik eza eta promotoreekin hitzarmenak ixteko presa nabarmenak dira. Adibide argia da Residencial Montañenea enpresarekin sinatutako hitzarmena: 75 eta 84 etxebizitza artean eraikitzea ahalbidetuko duena, horietatik zati bat babes sozialekoak.

Hitzarmenak konpromiso positiboak jasotzen dituen arren —hala nola etxebizitzen zati bat Udalari ematea—, EAJ-PNVk kritikatu du erabaki horiek plangintzaren ikuspegi globalik gabe eta benetako parte-hartze prozesutik kanpo hartzen ari direla. “Zergatik sinatzen da lehenengo promotore batekin HAPO bat behar bezala eztabaidatu eta kontsultatu aurretik? Zergatik interes hori konstruktoreekin akordioak ixteko; bitartean auzo elkarte, gizarte kolektibo eta antolatutakoherritarrekin lanketa baztertzen diren bitartean?”, galdetzen dute.

Etxebizitzaren erronkari aurre egiteko anbizio falta nabarmenena

Udal gobernuaren diskurtsoaren ardatzetako bat Hondarribian bizi omen den “etxebizitza larrialdi egoera” izan da. Abotsanitzek behin eta berriz erabili du esamoldea, gazteak galtzeari eta etxebizitza eskuratzeko ezintasunari buruz ohartaraziz. Hala ere, PNVk zalantzan jartzen du baieztapen horren oinarri enpirikoa: “Non daude alarma hau justifikatzen duten azterlanak, txosten

demografikoak, datu ekonomikoak? Arazo konplexu baten erabilera populista egiten ari dira, jada aurreikusita zeuden soluzioetatik harago ezer berria proposatu gabe”.

Ildo horretan, jeltzaleek nabarmendu dute HAPO berriak jasotzen duen etxebizitza kopuru globala, aurrez onartutako planak aurreikusten zuen kopuruarekin alderatuta ia berdina dela: 1.500 etxebizitza inguru, horietatik 900 bat babes publikokoak. “Non dago orduan agindu zuten 180 graduko bira edo eraldaketa hori? Non dago ezarri nahi zutela zioten eredu berria? Ia zenbaki berdinak mantendu dituzte, baina bi urte galdu dituzte kritika eta deskalifikazio antzuekin”, deitoratu dute.

Etxebizitzaren arloan aurrera egitearen aurka agertu beharrean, EAJ-PNVk haratago joateko prest dagoela berretsi du. "Prest gaude formula berritzaileak eztabaidatzeko, garapen ambiziotsuagoak aztertzeko", esan dute. Izan ere, EAJ-PNVk eta PSEk etxebizitza eraikitzea errazteko, lurzorua desblokeatzeko eta hirigintzako izapideak arintzeko lege-proposamen bat erregistratu berri dute Eusko Legebiltzarrean. "Hori herri ikuspegiarekin jokatzea da, ez propaganda lokalista egitea", ondorioztatu dute.

Estrategiarik eta eraldaketa-anbiziorik gabeko hirigintza-eredua

Abotsanitzek proposatzen duen HAPO ez da asmo handikoa, ez koherentea, ez juridikoki segurua. Bere kontraesan politikoaren sinbolorik handiena da: urteetan zehar eredu bat kritikatzea, presaka, parte-hartzerik gabe eta interes pribatuei lagapenak eginez aplikatzen amaitzeko.

EAJ-PNVtik hirigintza arduratsu, parte-hartzaile eta hiri ikuspegidun batekiko konpromisoa berresten dugu. Ez dugu blokeatzen. Proposatzen dugu. Eta erakunde guztietan egiten dugu. Duela aste batzuk, PSE-EErekin batera, etxebizitza eraikitzea errazteko, lurzorua desblokeatzeko eta hirigintzako izapideak arintzeko lege-proposamen bat erregistratu dugu Eusko Legebiltzarrean.

Hori herri ikuspegiarekin jokatzea da. Ez propaganda lokalistarekin. Hondarribiak askoz gehiago merezi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...