Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/06/15

“Lanean jarraituko dugu gure herriaren etorkizuna bermatuko duten estatu egiturak lortu arte”, ziurtatu du EAJ-PNVk

"Mendekotasunetik, elkar-begirunezko estatus berri batera jauzia egin behar dugula” uste du.
“Lanean jarraituko dugu gure herriaren etorkizuna bermatuko duten estatu egiturak lortu arte”, ziurtatu du EAJ-PNVk

Igande honetan, Oñati Debagoieneko jeltzaleen topagune bihurtu da, eskualdeko Alderdi Egunean. Ekitaldi politikoan, María Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak Eusko Alderdi Jeltzaleak “Euskadiren eraikuntza nazional eta sozialarekin” duen konpromisoa azpimarratu du. Eraikuntza horretan “lanean jarraituko dugula gure herriaren etorkizuna bermatuko duten estatu egiturak lortu arte” adierazi du.

Burukideak Eusko Alderdi Jeltzalearen proiektu abertzalea azpimarratuz ekin dio hitzaldiari. “Nazio bakarra daukagu eta Euskadi da; proiektu politikoa daukagu herri honentzat; eta euskal herritarren, guztien, bizitza etengabe hobetzearen alde lanean jarraitzeko borondate sendo, argi eta zintzoa dugu”, azaldu du.

Arrizabalagak EAJren ibilbidea erreibindikatu du, “beste batzuek ez bezala, erabaki estrategikoetan asmatu egin izan dugulako”. Horren harira, iraganera begiratu du gogorarazteko “gure borroka bide politiko eta demokratikoen aldekoa izan dela beti; gure erakunde demokratikoen aldekoa; gure eredu industrialaren aldekoa; berrikuntzaren aldekoa; babes sozialaren eta humanismoaren aldeko borroka”. Eta hori guztia egin da “beste batzuk ‘bestelako’ borrokatan ibili izan diren bitartean, proiektu eta asmo guztien kontra borrokan, urte luzeetan gure erakunde propioen deslegitimazioan”, gaineratu du.

Orainari dagokionez, “estrategia populistak” salatu ditu –EH Bildurena, adibidez–, “dena beltzez margotzen” saiatzen direlako etekin politikoa lortzeko. Politika egiteko modu horren aurrean, “errealitatea ondo ezagutzearen” alde agertu da, “bere iluntasunak ere oso kontutan hartuz, baina distortsio interesaturik gabe”.

Ildo horretatik, datu zehatzak eman ditu: Nazio Batuen metodologiaren arabera, Euskadi 12. postuan dago –190 herrialdetatik– giza garapenaren mailan; 2024an Gipuzkoako langabezia % 6,5 inguruan kokatu zen, Eurozona delakoaren bataz bestekotik 2 puntu beherago; eta GINI indizearen arabera, Gipuzkoa da desberdintasun sozial txikiena duen lurraldea Europako herrialdeekin alderatuta (Eslovakiarekin batera, eta hark baina errenta askoz handiagoarekin). Eta hori guztia EAJren lidergoaren eraginez lortu da; “lana, konpromisoa, interes orokorra eta etengabeko hobekuntza direlako gure proiektu politikoaren oinarrian dauden osagaiak”, nabarmendu du.

Halaber, aurre egin beharreko arazoak eta erronkak aipatu ditu, hala nola etxebizitza edo osasuna. Azken 10 urteetan Estatuan sustatu diren alokairuko etxebizitza babestu guztien laurdena Euskadin egin direla adierazi ondoren, “gehiago behar dugu eta gehiago egingo dugu eta, horregatik, besteak beste, aurkeztu dugu lege aldaketa proposamena”, esan du. Eta Osasun Publikoari dagokionez, ohartarazi du EH Bildu, LAB eta ELA gezurretan ari direla Osakidetza pribatizatzen ari dela diotenean. “Estatu osoko sistema publikorik onena da eta izango da”, nabarmendu du, “eta lankidetza publiko-pribatua % 5ekoa da, Europako sistema publikoen ehuneko txikiena”. “PNVk sortu ditu gure zerbitzu publikoak, PNVk garatu ditu eta PNVrentzat, lehentasuna dute osasunak, hezkuntzak, gizarte babesak, garraio publikoak eta etxebizitzak”, erantsi du.

Iraganaren eta orainaren errepasoa egin ondoren, GBBko presidenteak, etorkizunari begira, “Euskal Herriaren adin-nagusitasuna” aldarrikatu du. “Gure nazioaren eraikuntza sozial eta nazionalean sinesten dugu; eta eraikuntza horretan jarraituko dugu erabat gurea izango den erakunde-sistema bat lortu arte, gure herriaren etorkizuna bermatuko duten estatu-egiturak lortu arte; identitate nazionala, gure hizkuntza, gure ekonomia eta gure ongizatea babestuko dituzten Estatu estrukturak”, azpimarratu du. “Horretarako paradigma aldaketa bat behar dugu: Espainia barruan akordioak lortzetik Espainiarekin akordioak lortzera”, azaldu du. “Mendekotasunetik, elkar-begirunezko estatus berri batera jauzia egin behar dugu”, ondorioztatu du.

“Alderdia gara” lelopean gaur Oñatin egin den ekitaldi politikoan Aitor Urrutia legebiltzarkideak eta Ane Alberdi EGI kideak ere hitza hartu dute. Bertan izan dira EAJko kide, afiliatu eta jarraitzaile jeltzaleekin batera.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...