Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gastu muga ez da aitzakia Bilduk Aretxabaletarentzat funtsezkoak diren proiektuetan aurrera egin ez izateko
Legealdiaren erdialdean, alderdi jeltzaleak hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dio Udal Gobernuari. "Europan ezarritako aurrekontu-arauek ez dute justifikatzen proiektuak idazteko urratsik eman ez izana", azpimarratu du EAJk.
Aretxabaletako EAJko udal taldeak balantzea egin du legealdiaren erdialdean. Adierazi duenez, lehen bi urte hauetan EH Bilduren Gobernuak behin eta berriz iragarri ditu aurreikusita dauden proiektuak, baina praktikan horietako asko oraindik ez dira gauzatu.
"Udal Gobernuak behin baino gehiagotan Europatik ezarritako aurrekontu-arauak betetzeko betebeharrari egotzi dio exekuzio falta hori. Errealitate horrek gastua mugatu badu ere, ez du eragotzi proiektuetan aurrera egitea, testuinguru ekonomikoak ahalbidetu duen unean lizitatzeko prest izateko ", nabarmendu du Mikel Uribetxeberria bozeramaile jeltzaleak.
2024an aurreikusitako inbertsioen %29 baino ez ziren gauzatu, neurri batean arau fiskalen eraginez. Hala ere, aurten, joan den otsailean onartutako 2025erako aurrekontuetan jasotako proiektuak lizitatu gabe daude oraindik.
EAJk legealdiaren erdiaren balantzea aprobetxatu du proiektuen errepasoa egiteko:
1.- Komentua: 2024ko uztailean obrak amaitu ziren, baina ateak ireki gabe daude oraindik. Denbora horretan, aurreikusitako irekiera-datei buruzko informazioa falta nabarmena izan da. Taberna-jantoki zerbitzuaren lizitazioa ere atzerapenarekin dator.
2.- Institutu berria: Egindako aurrerapena ez da nahikoa. Gaur egun, etorkizuneko kokalekuko lurzorua erosteko partidak baino ez dira gorde.
3.- Iturrigorri pilotalekua: Proiektua idazteko partida bat aurreikusita dago.
4.- Kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunerako proiektuan, aurreko legealdian landutakoa, aldaketa batzuk egin dira, eta partida ekonomiko bat dago lizitaziorako. Baina uda honetan ere ez dugu ur txorroten parkerik izango, ezta berdegunean jarriko diren beste elementu batzuk ere.
5.- Komentuaren inguruko urbanizazioan oraindik ez da argitu zer gertatuko den Deba ibaiaren gainean proiektatutako oinezkoentzako zubiarekin, Errekabarren eta Iturrizar lotuko duena. Txarapeako igogailua ere instalatzeke dago
6.- Lausitta auzoko Hornidura eta Saneamendu Plan Bereziari dagokionez, EAJren proposamena, partida bat sartu da proiektua idazteko.
Garbiketa eta mantentze falta kaleetan
EAJk, era berean, espazio publikoaren garbiketan eta bide-sarearen egoeran jartzen du arreta. “Kaleek, plazek, parkeek eta hiri-altzariek garbiketan eta mantentze-lanetan hobetzeko tarte handia dute. Udal Gobernuak jakinarazitako jarduera-ildoetako bat da, baina ez da hobekuntzarik ikusi”, dio Uribetxeberriak.
Zuloak eta hondatutako zorua ugaritzen ari dira herriko leku askotan. Basabe industrialdea, Belorrieta eta Bedarretako San Migel auzoa dira herriaren irudi txarretik haratago, egunerokotasunean oztopo bihurtu diren egoeraren adibide batzuk, oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunari eragiten diotenak. "Duela gutxi 700.000 euroko partida ekonomiko garrantzitsua bideratu da kaleak asfaltatzeko, eta pozten gaitu, baina denbora gehiegi pasatzen utzi dute egoerak okerrera egin duen bitartean", gaineratu du.
Gauza bera gertatzen da auzoekin. Udal Gobernuak iragarri dituen hobekuntzak ez dira oraindik iritsi.
"Aretxabaletak dituen beharrekin bat gatoz”
EAJk positibotzat jotzen dituen alderdiak ere azpimarratu ditu. Alde batetik, komentu zaharraren eraikineko gizarte-zentroaren eta erretiratuen lokalaren bultzadari eman zaion jarraipena.
Energia aprobetxatzeko proiektuak ere bat datoz alderdi jeltzalearen jarduera-ildoekin. Adibidez, Fagor Ederlanen hondar-beroa erabiliko duen proiektua kiroldegia berotzeko, eta eguzki-plakak instalatuz energia-eraginkortasunean aurrera egiteko planei ematen ari zaien jarraipena.
“Oro har, desberdintasunetatik haratago, Aretxabaletarako behar eta proiektu estrategikoak partekatzen ditugu hein handi batean. Baina hitz gutxiago eta exekuzio gehiago behar dira”, eskatu du EAJk. Udal talde jeltzaleak eskua luzatu du Aretxabaletaren eta atxabaltarren ongizatearen alde lan egiteko.
Nabarmenak...
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


