Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Tolosako EAJ-PNVk hutsik dauden lokal komertzialen egoera eta haiek etxebizitza bihurtzeko aukera aztertzea proposatzen du
Etxebizitzari buruzko estrategia lokal eta integral baten barruan dagoen beste lan-ildo bat da proposaturikoa. Estrategia horrek, batez ere, Tolosan ahalik eta etxebizitza babestu gehien eraikitzea sustatu beharko luke.
Etxebizitza-eskaeraren hazkundea eta herrian hainbat lokal komertzial hutsik daudela ikusita(horietako batzuk, gainera, modu irregularrean etxebizitza gisa erabiltzen direlarik), EAJ-PNVko udal-taldeak mozio bat aurkeztu du, Tolosako Udalak espazio horiek aztertzeko lanketa sakon bat abiatu dezan eta haien eraldaketa sustatu dezan etxebizitza eskuragarri bihurtzeko. Ekimen hau bat dator Eusko Jaurlaritzak berriki egin duen proposamenarekin, Bizigarritasun-Dekretua malgutzearena trantsizio hori errazteko.
“Premiazkoa da lokal horien potentziala aprobetxatzea, horietako askok baldintza tekniko egokiak baitituzte, Tolosan gero eta handiagoa den bizitegi-premiari erantzuteko, batez ere etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa den testuinguru batean” azpimarratu du Xarles Iturbe bozeramaile jeltzaleak.
Mozioak proposatzen dituen neurrien artean daude, besteak beste, urtea amaitu baino lehen udalerriko lokal hutsen inbentario eguneratua egitea, eraldaketa horretarako egokienak izan daitezkeen eremuak zehazteko azterketa urbanistikoa burutzea eta espazio horiek bizitoki bihurtzeko birgaitzea errazteko dirulaguntza-programa bat sortzea, betiere etxebizitza horien prezioa eskuragarria izango dela bermatuz.
Ildo horretako lana udal mailako etxebizitza-estrategia zabalago baten baitan kokatu behar da, eta estrategia horretan babes ofizialeko etxebizitza berriak eraikitzea izan beharko luke lehentasun nagusia Tolosan.
Era berean, lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko egin daitekeen edozein planteamenduk bateragarria izan behar du gure herriko kale askok duten izaera eta bokazio komertziala zaindu eta mantentzeko beharrarekin.
Mozioa datorren osteguneko Udalbatzan eztabaidatuko da eta talde jeltzaleak proposamen hori babestera animatu ditu alderdi guztiak. Izan ere, adierazi dutenez, “etxebizitza eskuratzea geroz eta errazagoa izango den Tolosa bat premiazkoa da”.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/09/30
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13