Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/05/25

Aitor Estebanek aldarrikatu du EAJ-PNVk indarra baduela “Euskadi ongizate eta autogobernu maila altuagoetara eramaten jarraitzeko"

Azkoitiako Batzokiaren inaugurazio ekitaldian, eta GBBren ordezkari gorena, Maria Eugenia Arrizabalaga, ondoan izan duela, EBBren presidenteak gaur defendatu du gobernu koalizioak “eraz funtzionatzen duela”, eta kritikatu egin ditu “ur nahasitan arrantzan egin nahian dabiltzanak”

Argazkiak...

Aitor Estebanek, EAJ-PNVren EBBko presidenteak, gaur aldarrikatu ditu EAJ-PNVren “eredua” eta “indarra”. “Badakigu nor garen, zer garen eta zer Euskadi nahi dugun”, esan du. Eta mezua bidali die, EH Bildu eta PP bezala, “ur nahasitan arrantza egin nahi dutenak”. “Errealitatea burugogorra da: Euskadiko koalizio akordioak ondo funtzionatzen du. Sendoa da eta zehatz-mehatz jasota dago agiri publikoan . Alderdi bi akordio programatikotik harago dauden  eta beste administrazio bati dagozkion gaietan ados ez egotea, ulergarria da, bai eta posiblea ere. EAJk hauteskundeak irabazi zituen eta Euskadiko Lehendakaritzan jarraituko du”, esan du.

Azkoitian egin den ekitaldian, Estebanekin batera, GBBren presidente Maria Eugenia Arrizabalagak hartu du hitza. Hasieran, minutuko isilunea gorde da atzo bertan zendu zen Arantxa Zubizarreta alderdikide azkoitiarra gogoan. EBBren buruak azpimarratu duenez EAJ-PNVk “Herri hau gobernatzen jarraituko du, elkarrizketaren bidez eta zuhurtasunez. Bai eta erantzukizunetik ere, eta horrek suposatzen du egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egitea, alferreko hitzik gabe eta gizarte honen beharrei erantzuna emanez, erronkak azalduz eta hiritarrekin etengabe hitz eginez. Hori da jendeak politikatik espero duena, eta horixe da guk egingo duguna”, ziurtatu du.

Estebanek ildo beretik aipatu du Europan euskararen ofizialtasuna lortzeko helburua, datorren astean EBren Gai Orokorren Kontseiluaren bileran jorratuko dena. “Hilaren 27a ospatzeko eguna izan daiteke euskaldunontzat. Gure hizkuntzaren normaltasunerako bidean eta gure nazioaren ezagutzarako urrats erraldoia izango litzateke”. Zentzu berean esan du “lotsagarria” eta “onartezina” dela PP alderdia aitortza hori eragozteko darabilen kanpaina”.

"Inork ezin du, bere ideologia edo kidetze-sentimendua edozein dela ere, euskarak beste edozein hizkuntzaren maila eta erabilera bera izatearen aurka jo", ziurtatu du. Jarrera horren aurrean, Estebanek adierazi duenez "EAJ-PNVk euskara, gure arima eta gure nortasun ikurra defendatuko ditu Bruselan, Madrilen, Parisen nahiz Euskadin edozein erasotik".

EAJri esker ere, laster lortuko den beste "mugarri" bat aipatu du presidente jeltzaleak, Euskal Selekzioak Gernikan ekainaren 1etik aurrera egingo den Zesta Puntaren Nazioen Ligan parte hartuko baitu. "Urrats izugarria", PP kontra duena, "nabarmen agertu da gure selekzioaren presentzia eragoztearen alde". EH Bilduren babesik ere ez zuen jaso, EAJ-PNVk Kirolaren Legea aldatzea lortu zuenean, euskal selekzioei nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko atea irekitzeko. "EH Bildu abstenitu egin zen Kongresuan. Eta hori ere lotsagarria da", esan du Estebanek. "Astebete barru Euskal Selekzioa ikusiko dugu nazioarteko lehia batean. Herri osoaren gozamena izango da, eta hori ere EAJk lortu du!”, esan du EBBren presidenteak.

Euge Arrizabalagak, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, bere hitzaldian EAJren baloreak erreibindikatu ditu “botu-arrantza helburu ‘kamuflajearen estrategian’ dabiltzan horien aurrean”, EH Bilduri aipamen zuzena eginez.

Horrela, alde batetik, Alderdiaren ibilbidea erreibindikatu du, “PNVk beti asmatu izan du hartutako erabaki estrategikoetan” baieztatuz; “bai bakearen hautua egiterakoan, bai autogobernuaren eta erabakitze eskubidearen, euskararen, industriaren edo zerbitzu publikoen eta gizarte garapenaren hautua egiterakoan”, gehitu du.

Eta bestetik,” EAJk demokraziaren, giza eskubideen eta norbanako guztien duintasunaren alde” egiten duela azpimarratu du eta populismoari egiarekin aurre egiten saiatzen dela, “izan eskubiko edo ezkerreko”. Zentzu horretan, aukera baliatu du “Israel Gazan gauzatzen ari den sarraskia” gogor salatzeko eta, halaber, “edozein eraso militar bertan behera utzi eta laguntza humanitarioari pasabideak gauzatzeko” exijitu dio Netanyahuri. Era berean, Europar Batasunari “orain artekoak baino ekintza irmoagoak” eskatu dizkio, “Europaren giza-duintasuna dagoelako jokoan”.

Azkenik, Asier Aranbarrik, Azkoitiako Uri Buru Batzarreko presidenteak, gogorarazi du EAJk altxatu zuela lehen aldiz ikurrina 1907ko martxoaren 31n. “Tradizio luze baten kate-begi gara eta garai zailenei aurre egin diegu”, azpimarratu du Aranbarrik. “EAJren erabaki guztiak ez ziren onak izango urteetan zehar, baina erabaki garrantzitsuetan beti asmatu du EAJK, bai Azkoitian bai Gipuzkoan eta bai Euskadin”. Azkenik, hiru hitz nagusi aipatu ditu Alderdiaren bidea definitzeko: sinesmena Euskadiren etorkizunean; itxaropena, bidea luzea delako eta belaunaldi bakoitzari bere tantoa jokatzea tokatzen zaiolako; eta ekintza, lan egin behar delako gizartearen arazoei aurre egiteko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...