Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/05/21

Pagatzako industrialdeari ‘Patxi Basauri‘ deitzea proposatu du alderdi jeltzaleak

Mozio bat aurkeztuko du udalean, akordiora irekia, alkate ohiaren legatua aitortua eta gogoratua izan dadin
Pagatzako industrialdeari ‘Patxi Basauri‘ deitzea proposatu du alderdi jeltzaleak

Pagatzako industrialdeari ‘Patxi Basauri’ deitzeko proposamena egingo duela eman du aditzera gaur arratsaldean EAJ-PNVk. Pagatzako industrialdean bertan eman du horren berri Uri Buru Batzarreko kideek, udaleko zinegotziek, eta hainbat alderdikide zein alderdizalek lagunduta, hain zuzen ere. Udal taldeko bozeramaile Iker Lakak nabarmendu duenez, “alderdi barnean aspalditik lantzen ari garen ideia da hau. Urtarrilean, 31 urtez jarraian Elgetako alkate izan zenaren omenez, egin genuenomenaldi herrikoi eta jendetsua borobilduko luke proposamen honek, aurrera egingo balu”. 

Horren harira, alderdi jeltzaleak ekimen bat prestatu du datozen egunetan udalean aurkezteko asmoz. Mozioak Basauriren alkatetzako lehen urteen errepaso labur bat egiten du, euskal erakundeen hedapen-prozesua nahiz garai hartan zeuden baliabide eskasak gogora ekarriz. Modu berean, Basaurik politika egiteko zuen berezko estiloa ere aipatzen du; erakundearen eta herritarren arteko gertutasuna zaintzen zituena. Gainera, bere agintaldietan abian jarri ziren azpiegitura eta zerbitzu barik gaurko Elgeta ezin dela ulertu nabarmentzen du testuak. Azkenik, Elgetak industrialde bat eduki zezan Basaurik egindako ahalegin handia azpimarratzen du. Apustu hori bere alkate garaiko “esanguratsuenetakoa” izan zen, “polemika” sortu bazuen ere: “Patxik enpresak eta industria-jarduera nahi zuen herrian, ondo baitzekien horrek Udalaren diru-sarrerak handituko zituela, biztanleria finkatzen lagunduko zuela eta gainerako sektore ekonomikoak bultzatzeko motorra izango zela. Gaur egun ukaezina da erabaki hura estrategikoa izan zela Elgetaren etorkizunerako. Horregatik proposatuko dugu ‘Patxi Basauri'deitzea Pagatzako industrialdeari”, adierazi du Lakak.

Jeltzaleek adierazi dute proposamena dagoeneko EH Bildurekin partekatu dutela, eta haren babesa lortzea espero dutela. “Gure asmoa mozioa datorren asteko osoko bilkuran aurkeztea da, baina berriro diogu proposamen irekia dela eta, beraz, malguak izango garela denok eroso sentituko garen testu bat lantzeko”. Gaineratu dutenez, “garrantzitsuena Udalean egindako akordio baten bidez keinu sinboliko bat ahalbidetzea da, Patxi Basauri alkate ohiaren legatua aitortuko duena eta denboran zehar gogoratzeko balioko duena, elgetar askok eta askok eskatzen duten moduan”, amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...