Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/05/16

Manipulazioa edo lotsa falta?

Manipulazioa edo lotsa falta?

EH Bilduk berriki egindako adierazpenetan, Deba "udalerri tentsionatua" izendatu dutela diote eta adierazpen hori, okerra izateaz gain, manipulazio argia da. Deba ofizialki tentsionatutako eremu izendatu dutela sinestarazten saiatzen dira, baina hori ez da egia. Eta hala aitortzen dute artikuluan bertan, aurrerago, Deba tentsionatuak izan daitezkeen udalerrien zerrendan dagoela esanez eta beren diskurtsoaren barne-kontraesana agerian utziz. Garrantzitsua da argitzea Debak zerrenda horretan agertzeko baldintzetako bat betetzen duela, baina horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak halakotzat jo duenik.

Gertaeren distortsio hori, beraz, manipulazio ahalegin argia da EH Bilduren partetik eta helburu du konponbideetan lanean ari direnen esfortzuak gutxiestea. Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostena beren alde erabiltzen ari dira, datuak desitxuratuz, desinformatzeko eta alarma pizteko helburuz. Eta horrek badu izen bat: oportunismo politikoa deitzen zaio. Era berean, ez dugu ahaztu behar EH Bilduk lau urte izan zituela, bere agindupean, Debako etxebizitzaren arazoa konpontzeko eta ez zuela ezertxo ere egin horren alde.

Etxebizitza Planari egindako kritika ere manipulazio eta oportunismo politiko horren beste adibide argi bat da. Plan hori EH Bildurekin batera lankidetzan diseinatu eta garatu da eta EH Bilduk orain proposamen berri gisa aurkeztu nahi dituen neurri guztiak jasotzen ditu aurrez. Barregarri geratzen dira.

Debako Etxebizitza Plana lehentasunezkoa da udal gobernuarentzat. Are gehiago, legegintzaldiko proiektu garrantzitsuenetako bat da. EH Bilduk badaki hori, prozesuaren parte izan baita. Eta, jakinda, debarrak manipulatu nahi ditu orain,  Plana geldirik dagoela jendeari sinetsaraziz. Isiltzen duena ordea da, gaur egun Plana berrikuspen teknikoan dagoela, EH Bilduk hala eskatuta. Beraz, nor da prozesua geldiaraztearen arduraduna? Orain udal gobernuari gelditasuna egozten dion alderdi bera, EH Bildu, alegia.

Ahal izan duenean etxebizitzaren arloan ezer ez egin eta orain udalerriaren egoera hobetzeko lanean eta erabakiak hartzen ari direnei seinaleztatzen duen alderdia ikustea baino kontraesan handiagorik ez dago. EH Bildu akusazioak hutsean egiten dituen bitartean, EAJ-PNV emaitza zehatzak lortzeko lanean ari da egunez egun.

Debarrek politika zintzoa merezi dute, ekintzetan, eta ez gezurretan, oinarritua.  EAJ-PNVk Debako herritar guztien ongizatearekiko konpromisoa du eta Etxebizitza Planarekin aurrera egiten jarraitzen du, sendotasunez eta seriotasunez.

Kritikaz eta manipulazioaz baliatu ordez, EH Bilduko politikariek beren agintaldian egin ez zutena egin beharko lukete: irtenbide zehatzak eskaintzeko lan egin, ekarpenak egiteko dituzten heinean, eta ez EAJ-PNVren lana oztopatzen eta/edo geldiarazten jarraitu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...