Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/02/25

EAJ-PNVk berdegune gehiago, energia garbiak eta mugikortasun irisgarria dituen Arrasate nahi du, neurriak herritarrekin adosteko plangintzarekin

Ander Garay, jeltzaleen bozeramailea: "Arrasateko etorkizuna ez da inprobisatzen, planifikazio, ardura eta parte-hartzearekin eraikitzen da. Orain da unea urrats sendoak emateko iraunkortasunean, mugikortasunean eta trantsizio energetikoan, eta herritarrak prozesu honen erdigunean egon behar dute".
EAJ-PNVk berdegune gehiago, energia garbiak eta mugikortasun irisgarria dituen Arrasate nahi du, neurriak herritarrekin adosteko plangintzarekin

EAJ-PNV Arrasatek garapen jasangarriaren aldeko eredua sustatzen du, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, ingurune naturala babesteko eta tokiko ekonomia dinamizatzeko. Arrasate bizigarriago eta erresilienteago bihurtzeko konpromisoarekin, jeltzaleek neurri zehatzak aurkeztu dituzte etorkizun berde eta justuago baterantz aurrera egiteko, 'Arrasate berdea' Planaren baitan. Hala ere, prozesu hau ez da ulertzen herritarren parte-hartze aktiborik gabe, haiek izango baitira udalerriaren eraldaketa jasangarriaren norabidea zehazteko gakoa.

Udal Gobernuak 2024ko abenduan berdeguneen, klimaren eta energiaren inguruan azterlan bat lizitatu zuela nabarmendu behar da, eta sei hilabeteko epean osatu beharko dela. Testuinguru honetan, EAJ-PNV Arrasatek planteatzen dituenak azterlan horrek jarraitu beharreko ildo estrategikoak dira, benetan garapen jasangarri eta inklusiboa bermatzeko.

"Arrasateko etorkizuna ez da inprobisatzen, planifikazio, ardura eta parte-hartzearekin eraikitzen da. Orain da urrats sendoak emateko unea, iraunkortasunean, mugikortasunean eta trantsizio energetikoan, eta herritarrak prozesu honen erdigunean egon behar dute", adierazi du Ander Garayk, Arrasateko EAJ-PNVren bozeramaileak.

Berdeguneen azpiegitura eta biodibertsitatea

Ingurumenaren kalitatea hobetzeko eta elkarbizitzarako espazio gehiago eskaintzeko, EAJ-PNVk hiriko basoberritze plana sortzea proposatzen du, kale eta plazetan zuhaitz-sarea handitzeko, klima-aldaketarekiko erresistenteak diren espezie autoktonoak erabiliz. Horrez gain, hainbat berdegune garatzea ere planteatu dute, belaunaldi arteko guneekin, kirol-eremuekin eta biodibertsitatea sustatuko duten lorategiekin. Ibaiaren eta bere ertzen birgaitze ekologikoa ere lehentasuna izango da biodibertsitatea hobetzeko eta uholde-arriskua murrizteko.

Energia eta iraunkortasuna

Eraginkortasun energetikoaren aldeko apustua funtsezkoa da ingurumen-inpaktua murrizteko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko. Horregatik, eraikin publikoen modernizazio plana ezartzea proposatzen dute, eguzki-plakak eta geotermia bezalako sistemekin, baita etxebizitzen eta enpresen birgaitze energetikorako dirulaguntzak eskaintzea ere. Era berean, presentzia-sentsoreak dituzten LED argiztapena instalatzea aurreikusten da, energia-kontsumoa optimizatzeko.

Parte-hartzea, gakoa

EAJ-PNVk erabaki inklusibo eta gardenen alde egiten du. Horretarako, hiru fasetan egituratutako parte-hartze prozesu bat proposatzen du, herritarren inplikazio aktiboa hasieratik planaren behin betiko onespenera arte bermatzeko.

Martxotik apirilera egingo litzateke entzute aktiboko prozesu bat, aldez aurreko kontsultaren fasean. Horretarako, Arrasateko sei auzotan bilkurak antolatuko lirateke parte-hartzea sustatzeko. Halaber, Haur Kontseiluarekin topaketa egingo litzateke, gazteen ikuspegia metodologiara egokituz jasotzeko. Gainera, Hirigintza Kontseiluarekin bilera bat egitea proposatu dute, adituen eta auzo-ordezkarien inklusioa bermatzeko. Aurrez-aurre parte hartu ezin dutenentzat, inkesta online bat jarriko litzateke eskuragarri, prozesuaren irisgarritasuna bermatzeko.

Planaren lehen zirriborroa prestatu ondoren, aurkezpen eta eztabaida publikoa izango litzateke maiatzetik ekainera. Epe horretan, aurkezpen-saioak egingo lirateke aurreko sei auzoetan eta aipatutako kontseiluetan, herritarrekin komunikazio zuzena bermatzeko eta alegazio-aldia hasi aurretik informazio guztia emateko.

Azken alegazioen fasean, herritarrek proposamenak aurkeztu ahal izango lituzkete Hirigintza Batzordean. Alegazio horiek Hirigintza Kontseiluan eztabaidatuko lirateke, proposamenen txosten bat egin eta Hirigintza Batzordeari helarazteko. Azkenik, plana behin betiko onartuko litzateke, onartutako alegazioak integratuz. Era berean, Hirigintza Kontseiluari txosten tekniko bat idazteko eskumena ematea proposatuko litzateke, herritarren ikuspegia dokumentu behin betikoan islatuta egon dadin bermatzeko.

EAJ-PNVk berretsi du Arrasate jasangarriago eta justuago baten aldeko konpromisoa. "Asmo-adierazpenekin ez da aski; ekintza eta planifikazio errealak behar ditugu. Larrialdi klimatikoak eta herritarren beharrak erantzun anbiziotsu bat eskatzen dute", adierazi du Garayk.

"Egungo gobernu-taldea ekintza txikietara mugatu da, benetako etorkizun-planifikaziorik gabe. Beste udalerri batzuetan trantsizio ekologikoaren plan anbiziotsuak garatzen ari diren bitartean, Arrasaten aurrerapauso esanguratsurik ez dugu ikusi", kritikatu dute jeltzaleek.

"Proposamen hauek errealitate bihurtzeko lanean jarraituko dugu, iraunkortasuna, justizia soziala eta bizi-kalitatea eskutik joan daitezen sinesten dugulako. Etorkizuna ikuspegiarekin eta ardurarekin eraikitzeko ordua da", amaitu du jeltzaleen bozeramaileak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...