Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/01/15

Zumaiako HAPOk 1.000 etxebizitza baino gehiago proiektatzea defendatzen du PNVk, prezioa merkeagoa izan dadin

Hirigintza plana ahalik eta adostasun handienarekin onartzearen alde agertu da, eta Gobernu taldeak oposizioarekin akordioak lortzeko duen interes falta deitoratu du
Zumaiako HAPOk 1.000 etxebizitza baino gehiago proiektatzea defendatzen du PNVk, prezioa merkeagoa izan dadin

EAJ-PNVren Udal Taldeak izapidetzen ari den Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) 1.000 etxebizitza baino gehiago proiektatzea defendatzen du. “Zumaiak 1.180 etxebizitzako gehieneko bizitegi-ahalmena dauka, baina EH Bilduren Gobernuak egindako dokumentuak 837 bakarrik ordenatzea aurreikusten du; beraz, etxebizitza gehiago proiektatzeko eta prezioa eskuragarriagoa izateko tartea dago”, azaldu dute.

HAPOren garrantzia dela eta, jeltzaleen ustez, komenigarria litzateke ahalik eta adostasun handienarekin onartzea. Horren harira, Alkatetzak oposizioaren proposamenak alderatzeko ahaleginik txikiena ere egin ez izana deitoratu dute. “HAPOren aurrerapen fasean – 2021eko otsailean –, PNVk proposamenak eta ideiak biltzen zituen dokumentu bat aurkeztu zuen, baina ordutik hasierako onarpenerako dokumentazioa entregatu arte –iazko azaroan– ez da oposizioko taldeekin inolako kontakturik izan; eta ez dugu uste alkatearen jarrera hori zumaiarrentzat mesedegarria denik.”, azpimarratu dute. “Plana adierazgarriagoa eta tokiko errealitatera egokitua izango litzateke, akordioaren emaitza izango balitz eta aho batez onartuko balitz”, gaineratu dute.

Testuinguru horretan, joan den abenduan, EAJk EH Bilduk aurkeztutako dokumentuaren aurka bozkatu zuen, “bere orokortasunean aztertuz, herriaren arazoei epe ertain-luzerako irtenbiderik eskaintzen ez dielako eta berez kontserbadorea delako”. Puntu horretan, azpimarratu dute dokumentu horretan 837 etxebizitza bakarrik ordenatzen direla (654 antolamendu berri), Zumaiak 1.180 etxebizitzako gehieneko bizitegi-ahalmena duenean. “Etxebizitza gehiago proiektatzeko tartea dago, eta uste dugu tarte hori aprobetxatu behar dela, eskaintzaren eta eskariaren legean eragiteko eta Zumaiako etxebizitzaren prezioa eskuragarriagoa egiteko”.

Hurrengo pausoei dagokienez, EAJk konpromisoa hartu du alegazioak egiteko, ahalik eta osoena izan dadin. Horretarako, “malgutasunean, hausnarketan, elkarrizketan, iritzi-trukean eta lankidetzan” oinarritutako jarrera izango dute.

Azkenik, gogorarazi behar da “HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) 8-12 urterako plan urbanistiko bat dela Zumaiarentzat; hiri-garapenerako, lurzoruaren erabilerarako eta udalerri batean egin daitezkeen jardueretarako jarraibideak ezartzen dituen tresna juridikoa baita. Funtzio nagusitzat lurralde bateko espazio fisikoa nola antolatzea du, eta horrek eragin zuzena du Zumaiako gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren garapenean”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...