Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/07/19

“Euskadira ordu betez etorri, mitina bota, joan… eta hor konpon, Mari Anton!” egiten dutenen kontra ohartarazi du EAJ-PNVk

Donostiatik, Maribel Vaquerok, Aitor Estebanek, Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek euskal hiritarrak deitu dituzte “Euskadin diferentzia markatzera, populismoari eta itxurakeriaren, gezurraren eta irainaren politikari aurre eginez”
“Euskadira ordu betez etorri, mitina bota, joan… eta hor konpon, Mari Anton!” egiten dutenen kontra ohartarazi du EAJ-PNVk

“Loiolako kuartelak, Pasaiako Portua, Añarbeko Uren inbertsioak, gure nagusiak zaintzeko proiektuak, Mubilekin berrikuntzaren bidetik aurrera egiteko lortutako inbertsioak, Hondarribiko hondartzako eta portuko lurretarako eginiko gestioak, Arrasaten kooperatibistei eman zaien laguntza… Zerrenda luzea da. EAJren egintzak dira. Donostian, Gipuzkoan, Euskadin, boto onuragarria EAJrena dela erakusten dute eta ez ordu betez etorri eta mitina botatzen duenarena, eta gero… hor konpon, Mari Anton. Boto onuragarria da egunero hemen dagoenarena. Hemen entzun eta han lortzen duenarena. Euskal gizarteak nahi duena zer den dakiena eta Madriletik dakarrena. Euskadiko boto onuragarria da EAJren aldekoa”. Esaldi horiek laburbiltzen dute EAJ-PNVk euskal herritarrei luzatu nahi izan dien mezua gaur arratsaldean Donostiako Bulebarrean egin den mitinean, non ‘Euskadiren Ahotsa Gira’ izenekoaren emanaldi berri bat egin den. Gipuzkoako hiriburuan egin den ekitaldi politikoan hitza hartu dute Maribel Vaquero Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, Aitor Esteban Euskal Taldearen bozeramaileak, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek.

Maribel Vaquero izan da gaurko ekitaldian hitza hartzen lehena, eta bere esanetan Euskadiren ahotsa Madrilera eramatea garrantzitsua da “autogobernua defendatzeko”. Hautagaiak gogoratu duenez “ahots propioa behar dugu eskubide zibil eta politikoen defentsa lideratzeko, orain arte egin dugun bezala, eta inboluzio demokratikoari aurre egiteko”. Vaquerok aldarrikatu du EAJ-PNVko politikarien “sinesgarritasuna”, ”gezurretan aritzea oso merke izaten ari baita azken Kanpaina honetan”. “Gu gurera, egiarekin, demagogia eta populismoari aurre egiten. Errespetuz jokatzen. Politika herri eta herritarren zerbitzura alde lan egiteko dela ulertzen dugulako” amaitu du Vaquerok.

Aitor Estebanek, Euskal Taldearen bozeramaileak, kritikatu du “jendearen bizimodua hobetzeko beren ikuspuntua inposatuz baino ez dela lortzen” uste dutenen “gorreria politikoa”. Bai eta “epe ertain edo luzera begiratu gabe” ari direnena, “boterera iristeko edo boterea eusteko helburuarekin”. “Boterera iristeko, ultraeskuina normalizatu behar bada, egingo dute. Hori oso larria da. Botereari eusteko etengabe hauteskundeak deitu behar badira, egingo dute”, esan du. Hautagai jeltzaleak aldarrikatu du EAJ-PNVren politika. “Gure alderdiak uste du politika egitea beste gauza bat dela. Politika egitea da amore ematea, negoziatzen jakitea, akordioetara iristea, erdiko bideak bilatzea, gauzak irmotasunez defendatzea eta, batez ere, erabakimenez, baina inor iraindu gabe”, ziurtatu du. Horixe baita bere ustetan “aurrera egiteko modu bakarra”. Ildo beretik Euskal Taldearen bozeramaileak nabarmendu duenez, “EAJ eta bere diputatuek ez dute joko laburra egiten, gure helburua ez da boterea kosta ahala kosta eskuratzea”. “EAJk konpromiso bat du demokraziarekin, elkarrizketarekin, akordioan oinarritutako politikagintza eraginkorrarekin, eta hainbat legealditan erakutsi dugu hori Madrilen. EAJren asmoa da euskal gizartea etorkizun hobera eramatea. Hori da gure konpromisoa”, ziurtatu du Estebanek.

Bestalde, Lehendakariak zalantzan jarri du Estatu espainiarrak hizkuntza-aniztasuna benetan sustatzen duenik. “Kontrako bidea erakusten duten adibide asko ditugu. Kongresuan, adibidez, erabil daitekeen hizkuntza bakarra gaztelania da. Estatuko Gorte Nagusietan norberak nahi duen hizkuntza ofizial edo koofizialean hitz egitea defendatzen jarraituko dugu. Bakoitzak nahi duen hizkuntzan eta nahi duen momentuan”. Eta gaineratu du: “Next Generation funtsak Euskaditik kudeatzea exijitzen diogu Espainiako Gobernuari. Ez badugu egiten, ezinezkoa izango da baliabide horiek guztiak ezarritako epeetan erabiltzea, eta galtzeko arriskua izango dugu. Oraindik garaiz gabiltza”.

Mitina amaitu du Andoni Ortuzarrek, eta bertan salatu du Pedro Sánchezek disimulurik gabe egin duela Donostian ‘sartu-irten’ arina. “Uste dute egun batean etortzearekin, ordu apur batzuetan, mirariak egingo dituztela. Eta igandean erakutsi behar diegu botoa eguneroko lanarekin irabazten dela, aurpegia emanez urtez urte Gipuzkoaren eta Euskadiren alde lan eginez, Gipuzkoa bai delako garrantzitsua EAJrentzat. Azken lau urteotan erakutsi dugu etengabeko lana eginez. Aitor, Joseba, Maribel, Iñigo… Kongresuan eta Senatuan, jo eta ke aritu dira Gipuzkoako ekimenetarako proiektuak, inbertsioak eta laguntzak lortzeko. Eta gure anbizioa da Gipuzkoaren zerbitzura lan egiten jarraitu ahal izatea, gauzak hobetuz, gurera errealitate gehiago ekarriz, Madrilen gurea defendatuz, eta gurea da Donostiakoa, Gipuzkoakoa, Euskadikoa”, esan du buru abertzaleak. “Ez utzi ziria sartzen ez Sánchezen desgobernuarekin ezta eskuinekoek irabazten badute apokalipsia etortzearekin. EAJk hauteskundeak Euskadin irabazten baditu, Euskadi errespetatuko dute eta gure interesak eta eskubideak ondo defendatuta egongo dira. Horregatik, U23an diferentzia markatu behar da horrenbesteko populismo aurrean, itxurakeria, gezur eta irainen aurrean. Euskadi bestelakoa da: aurrerabidea, errespetua eta gurearen errespetua, hemengoaren errespetua”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...