Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Gertutasuna, feminismoa, berrikuntza eta epe luzerako begirada” ikur izango dituen foru gobernua gidatzeko hautagaitza aurkeztu du Eider Mendozak
Gainontzeko talde politikoei elkarlanerako deia luzatu die EAJ-PNVren hautagaiak eta, ziurgabetasun ekonomikoen aurrean, herritarrak zaindu eta babestu, enpresa sarea indartu eta arazo sozial emergenteei aurre egiteko konpromisoa hartu du
Diputatu nagusi izendatuz gero, bere jardunean “gertutasuna, feminismoa, berrikuntza eta epe luzerako begirada” ikur izango dituen foru gobernua osatzeko konpromisoa hartu du gaur goizean Batzar Nagusietan Eider Mendozak, EAJ-PNVren ordezkari gisa diputatu nagusi izateko hautagaiak. Batzarkide talde jeltzaleak eta PSE-EEk lortutako akordioan jasotako bide-orria defendatzeko garaian, gainontzeko talde politikoei elkarlanerako deia luzatu die Mendozak eta jakinarazi du, egungo ziurgabetasun ekonomikoen aurrean, “pertsona erdigunean jarrita, gizarte politikei bultzada berri bat eman eta herritarrak zaintzea” izango dela bere “lehentasun nagusia”. Horrekin batera, ekonomia eta enpresa sarea indartzeko konpromisoa hartzeaz gain, nahi gabeko bakardadea eta buru osasuna bezalako “gizarte behar emergenteei” aurre egiteko konpromisoa hartu du.
“Adierazi nahi dizuet gaur, hemen, diputatu nagusi izendatzen banauzue, Gipuzkoak behar duen gobernua eratuko dudala: epe luzeko begirada izango duena, aurrerakoia sozialean, berritzailea ekonomikoan eta gertukoa, gauzak egiteko moduan”, nabarmendu du. Hori dela eta, datozen hilabeteetan “ahalik eta herri, auzo, elkarte, enpresa, eragile eta erakunde gehienekin” egoteko determinazioa erakutsi du, “gure erabakietan asmatzen lagunduko diguten lurraldeko errealitate eta gizon emakumeak bertatik bertara” ezagutu eta beren iritziak entzuteko. “Ez da bulegoko legealdia izango”, aurreratu du eta, besteak beste, lurraldeko 65 zaharren egoitzak bertatik bertara ezagutu eta egoiliarrekin zuzenean egoteko konpromisoa adierazi du.
“Lau seme alaben ama naiz eta ikusten dut nola aldatu diren lehentasunak gazteenen artean. Gertu egon behar gara haien eskaerei erantzuteko. Gertu, inoiz baino prestatuago dauden gure gazteei lan merkaturatzean laguntzeko. Gertu, inflazioaren igoeraren ondorioz hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten familiei irtenbideak emateko. Gertu, bakardadea ekidin nahi duten adineko pertsonei alternatibak eskaintzeko. Gertu, negozio bat zabaldu nahi duen pertsonari bidea zabaltzeko. Gertu, gurera iritsi berri diren etorkinei gizarteratzea ahalbidetzeko. Gertu, edozein injustizia pairatu duten herritarren eskubideak defendatzeko. Gertu, finean, gure herritarren bizi kalitatea bermatu eta Gipuzkoa bizitza proiektua garatzeko Europako leku erakargarrienetarikoa izaten jarraitzeko”, irudikatu du eta, horretarako, gipuzkoar gizartearen beraren baloreak indartzeko ahalegina aurreratu du: “elkartasuna, errespetua, begirunea, komunitatea, konpromisoa”, kasu.
EAJ-PNV eta PSE-EEk azken zortzi urteotan landutako ibilbide “sendo eta partekatua” azpimarratu ditu Mendozak bere hitzaldiaren hasieran, “lurraldearen modernizaziorako eta herritarren ongizaterako” funtsezkoak diren egitasmoak gauzatu izana goraipatu du, etorkizuneko ekonomia eta gizarteari forma emango dioten proiektuetan azpimarra jarri du eta Gipuzkoan abian den “lankidetzazko gobernantza” eredua babestu du. Horregatik, egindako bidearekiko koherentziaz eta PSE-EErekin lortutako “programa akordioak” ematen duen sendotasunaz, Batzar Nagusien konfiantza eskatu du diputatu nagusi izateko.
Mendozak Gipuzkoak dituen “zutabe indartsuak” jaso ditu abiapuntu gisa, lurraldea “aitzindaria” delako “babes sozialeko ereduan, desberdinkeriaren aurkako borrokan, ezagutza aurreratuaren sorkuntzan, berrikuntzan, etorkizuneko sektore industrialen garapenean eta komunitatearen partaidetzan oinarritutako soluzioetan. “Baina ez dira harro ibiltzeko garaiak”, kontrajarri du, eraldatze eta desafio “sakonak” bizi ditugulako, batetik, eta herritarren ongizateari eragiten dioten “hainbat errealitateri” aurre egiteko momentuak bizi ditugulako. Horien artean aipatu ditu hipoteken interesen gorakada, elikagaien garestitzea edota hainbat herritar bazterkeria egoeran betikotzeko arriskua.
“Sakoneko eraldaketen aurrean, gure garaiko transformazioetara egokitu eta berme guztiak eskainiko dituzten erantzunak lantzeko konpromisoa hartzen dugu. Soluzio errazetan eta itxurakerian ibili beharrean, gizartearekin bat irtenbide partekatuak lantzeko eta martxan jartzeko”, gaineratu du.
13 lan lerro
Hori guztia kontuan izanda, 13 lan lerrotan banatutako “bide-orri zabal eta zehatza” aletu du, hain justu horietan oinarritzen baita PSE-EErekin adostutako politika publikoen inguruko akordioa. Horien guztien artean, gizarte politikak izango dira “lehentasun nagusia”, “herritar zaurgarrienei etxetik ahalik eta gertuen eta ahal den bitartean etxean bertan, zaintza pertsonalizatua eskaintzeko neurri berritzaileak hartuz, berrikuntzan eta komunitatearen partaidetzan sakonduz eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duen zerbitzuen bideragarritasuna bermatuz”. Atal honetan, besteak beste, Gipuzkoako zaintza eredu berria gizarte babeseko sistema osora hedatzeko konpromisoa hartu du eta, aldi berean, itxaron zerrendak eta balorazio epeak hobetzekoa. Horretarako, 11 egoitzaren berriren eraikuntza sustatu eta menpekotasun balorazioak egiteko epea erdira jaisteko determinazioa erakutsi du.
Bigarren helburua Gipuzkoako enpresen eta ekonomia ehunaren “lehiakortasuna indartzea” izango da, etorkizuneko sektore industrialak ehunduz eta enpresa sarearen eraldatzea sustatuz, gisa horretan “familien ekonomia babestu eta kalitatezko enpleguaren sorreran eragiteko”. Esate baterako, lan lerro honen baitan, soldata ezberdintasunak ekiditeko neurriak bideratzeko asmoa aurreratu du, ahalegin horretan “genero ikuspegia txertatuz eta pertsona gazteen laneratze ibilbideak sustatuz”. Aldi berean, Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan abiatutako hiru ekimenetan jarri du azpimarra, datorren legealdian “berebiziko indarra” izango dutelako: MUBIL Mugikortasun Berriaren Poloa, Gipuzkoa terapia aurreratuetan eta biozientzietan posizionatzeko Gantt estrategia eta teknologia kuantikoak sustatzeko azpiegitura aitzindarian.
Honekin lotuta, herritarren “ongizatea babesteko eta lehiakor izateko” politika fiskal justu eta aurreratu baten alde hitz egin du eta “konpromiso irmoa” adierazi du, zerga iruzurraren arkako borroka indartzeko eta solidarioak ez diren praktikak “desagerrarazteko”. Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sarea “sendotzeko” lehentasun nagusiak ere xehetu ditu, alor honetan enpresa txiki eta ertainei “lehentasun berezia” emanez. “Gipuzkoaren berrikuntza gaitasunak indartu nahi baditugu, zalantzarik gabe, teknologia eta ezagutza aurreratua enpresa txiki eta ertainetara transferitzeko bideak biderkatu beharrean gaude, azken horiek baitira ahalegin horretan zailtasun gehien dutenak”, gehitu du.
Gainontzeko helburuen artean, “demokrazia eta lankidetzazko gobernantzan sakontzea” iradoki du, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez Gipuzkoan abiarazitako lankidetzazko gobernantza ereduan aurrera egiteko. “Administrazioa desburokratizatu, gizartera gerturatu eta herri politiken diseinuan gipuzkoarren partaidetzari bidea emateko konpromisoa hartzen dugu”, adierazi du diputatu nagusi izateko hautagaiak.
Etorkizun iraunkorra, ikuspegi feminista eta euskara
Klima aldaketari aurre egin eta etorkizun iraunkorra eraikitzeko politikek protagonismoa izango dute legealdian eta, baita ere, “emakumeen eta gizonen berdintasun erreala” gauzatzeko “jauzi berri bat” emateko premiaz mintzatu da Mendoza, Orion duela hilabete eskas gizonezko batek hildako Lourdes del Hoyo gogoan. “Emakume aurpegia izango du gure gobernuak, errotik txertatuko delako feminismoaren ikuspegia gure egunerokoan”, aldarrikatu du.
Euskararen erabilera indartzeko lanean, hizkuntzaren erabilera soziala indartzeko premian jarri du arreta eta, baita ere, eremu sozioekonomikoan eta mundu digitalean euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko neurriak iragarri ditu. “Euskaraldiak erakutsi digun moduan”, etorkizunean eta urte osoan zehar Foru Aldundia eta lurralde osoa euskaraz “berdintasunez, lasai eta eroso” aritzeko espazio bilakatzeko estrategia landu, partekatu eta aurrera eramateko prestutasuna erakutsi du, euskalgintzarekin eta gainontzeko erakundeekin elkarlanean. “Gipuzkoak erantzukizun berezia du euskararen biziberritze prozesuan eta bide horretan jauzi bat egiteko erabateko determinazioa dugu”, gogoeta egin du.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak “mugikortasun jasangarrian eta konektatuan” jauzia iragarri du, baita ere, MUGI txartelaren prestazioak digitalizatu eta autobus zerbitzuak, trena eta bizikletaren erabilera indartzeko neurriak hartuko baitira. “Bide azpiegitura garapen handien garaia gainditua dugu eta, hemendik aurrera, segurtasuna, eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzean kokatu behar da lehentasuna”, Mendozaren iritziz.
“Kultura demokratikoan oinarritutako lurralde inklusiboa eraikitzea, elkarrekiko errespetuan eta balore humanistetan oinarritua” izango da Mendozak proposatu duen programaren beste helburu nagusietako bat. Horrekin bat, aldi berean, kultur sorkuntza babestu eta sustatzean indarra jartzea prosatu du, “euskarazko sormena eta kontsumo ohiturak hedatuz, sorkuntza, ekoizpena, kulturaren eskaintza eta ondarearen transmisioa indartuz”.
Gainera, bizitza ohitura osasuntsuaren eta herritarren “ongizate osoaren alde” lan egiteko konpromisoa berretsi du Mendozak, “herritarren ongizate emozionala, buru osasuna eta bizitza osasuntsua eta orekatua sustatzeko estrategia” baten bitartez. Horretarako, berariaz abian jarritako ekimen berriak sustatzea proposatu du, alor horretan diharduten erakunde, eragile eta elkarteekin elkarlanean.
“Lurralde oreka berdea, herri txiki eta landa ingurunearen geroa bermatzeko asmoz, berriz, baserriko ustiapenen “errentagarritasuna eta belaunaldi berritzea” bultzatzearen alde mintzatu da, Basotik fundazioaren bitartez basoen kudeaketa jasangarrian aurrera eginez eta herri txikietako biztanleen ongizatearen alde eginez. “Basotik fundazioaren bidez, basoen jabegoa errespetatuz, bultzada publiko berri bat proposatzen dugu jabe txikien jarduna erraztu eta lurraldeko basoen onura ekologikoa indartzeko”, gehitu du.
Erakundeak defendatu
Amaitzeko, euskal erakundeak eta autogobernua defendatzeko premiaz hitz egin du Eider Mendozak. “Gu guztion artekotza demokratikoa posible egiteko gure buruari eman dizkiogun erakundeak dira. Gu politikoaren parte dira, eta beraz, gu guztion ardura eta egitekoa da horiek zaindu, indartu eta hobetzea”, azaldu du. Horregatik, “herritarrak ahalduntzeko eta komunitate politikoa indartzeko” ahaleginean segitzera dei egin du, “horrek indartuko duelako gure erakunde sistema, horrek hobetuko dituelako gure zerbitzu publikoak, eta horrek ahalbidetuko duelako, azken finean, demokrazia indartzea”.
“Honen guztiaren berri eman behar diegu gazteei eta gipuzkoar berriei; interesa piztu eta ohartarazi helduagoei ere gureak diren erakunde horiek defendatzen ez baditugu, eszenatoki arriskutsua utz diezaiekegula datozen belaunaldiei. Gero eta ozenago entzuten baitira demokrazia, erakunde sistema eta eskumenen aurkako diskurtso populistak. Inoiz baino beharrezkoa da, beraz, politika bera eta euskal erakunde sistemaren defentsa sutsua egitea eta kontzientzia kolektiboa lantzea gure herritarrekin”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak.
“Sekulako ahalegina egingo dut ezberdinen arteko zubi lan hori bideratzeko. Jarrera eraikitzailea, elkarrizketara bideratua eta gertukoa izateko konpromisoa hartzen dut, eta gainerako alderdiei ere gauza bera eskatzen dizuet. Izan gaitezen honetan desberdin Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ez gaitezen sartu beste erakunde batzuetan ikusten ditugun dialektika eta jarrera erasokorretan”, eskaera luzatu die batzarkideei.
Nabarmenak...
EBB
2023/11/25
DONOSTIA
2023/11/07
Gipuzkoa
2023/11/07
DONOSTIA
2023/10/31
Eusko Legebiltzarra
2023/10/19
Berri ikusiagoak...
EBB
2020/07/05
EBB
2019/04/12
EBB
2019/09/29
Euzko Gaztedi - EGI
2017/09/13