Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/12/27

EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk ez duela konpromiso eta borondate politikorik izan 2022ko aurrekontuen negoziazioetan akordioak lortzeko

Talde jeltzaleak lehentasuna eman die Oñatiko auzoei, bai hirigunean daudenei, eta baita kanpoaldean edota landa eremuetan daudenei ere. Futbol zelairi irtenbidea emateak ere, lehentasuna du EAJ-PNVrentzat.
EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk ez duela konpromiso eta borondate politikorik izan 2022ko aurrekontuen negoziazioetan akordioak lortzeko

Oñatiko Udalak 2022ko udal aurrekontuak onartu zituen joan den ostegunean, abenduaren 16an, egindako Osoko Bilkuran. EH Bilduren gobernu taldeak 2022rako aurkeztutako aurrekontua 19 milioi euro ingurukoa da. Aurrekontuak aztertu ostean, EAJ-PNVk 19 zuzenketa aurkeztu zituen pasa den abenduaren 3an, EH Bildurekin oñatiarren beharretara hobekien egokitzen ziren aurrekontuak adosteko helburuarekin: «abenduaren 10ean elkartu ginen EH Bildurekin, akordio batera iristeko asmoz. Gure alderdiak egindako 19 proposamenek gure udalerriko beharrei eta premiei erantzuten diete. Horietako batzuk gainera, urteak daramatzagu egiten, EH Bilduren erantzunik gabe jarraitzen baitute».

Egindako proposamenetan, talde jeltzaleak lehentasuna eman die Oñatiko auzoei, bai hirigunean daudenei, eta baita kanpoaldean edota landa eremuan daudenei ere. Olakua eta Olapoto auzoetako irisgarritasun-proiektuari dagokionez, EAJ-PNVk bere zuzenketan segurtasuna bermatzeko eta fase gehiagorekin aurrera egiteko beharra nabarmendu du: «EH Bilduk, oraingoz, bi blokeren inguruan egin ditu irisgarritasun lanak. Erritmo horretan jarraituz gero, urtean bi bloke, beste hamar pasako dira hobekuntzak Olakua eta Olapoto osora iristen direnerako. Gainera, gogoratu nahi dugu istripuren bat gertatu dela dagoeneko; beraz, Olakua osoan ibaiaren eremuko segurtasuna aztertzeko beharra azpimarratu dugu». Landa-auzoei dagokienez, EAJ-PNVk argiztapena hobetzeko eskatu dio udal-gobernuari: «Une honetan ezin dugu argiztapena hobetzeko azterlan bat egin arte itxaron, eremu batzuetan azkar jardun beharra baitago. Gure proposamenetan Murgia eta Berazaori lehentasuna ematea eskatzen dugu. Gaur egun, zenbait eremutan oso argiztapen txarra dute, oinezkoen segurtasuna arriskutsua jarriz».

«Gure proposamenek inbertsioen ataleko %17a suposatzen dute, gutxi gorabehera»

EAJ-PNVk azaldu duen moduan, aurrekontuari egindako zuzenketek inbertsioen atalaren %17 inguru suposatzen dute, 2,6M euroko partidatik 440.000 euro. EH Bildu buru duen gobernu-taldeak horietako bat bakarrik izan du kontuan, kirol-ekipamenduen etorkizuneko kokapena aztertzeari dagokiona: «aurkeztu ditugun proposamen guztiak bideragarriak dira eta borondate politikoa izanez gero, kontuan hartu daitezke 2022ko aurrekontuetan. Besteak beste, Urrutxuko zabortegiaren bigarren zatia zigilatzea eskatu dugu, lursailari erabilgarritasuna emateko beharrezkoa baita. Landa-eremuei dagokienez, pistak konpontzeko inbertsio-partida bikoiztea eskatu dugu, baserritarrek ondo dakiten moduan behar-beharrezkoa baita. Gainera, Zubillagako trenbide-zubia handitzea eskatu dugu, auzoko abeltzain gazteek nekazaritza-ustiapenerako behar duten materiala garraiatzeko arazorik izan ez dezaten. Torreauzoko bidegorriari behin betiko irtenbidea ematea ere eskatu dugu: proiektua bat idaztea eskatu dugu, puntu beltz hau desagertu dadin. Gaur egun, puntu beltz bat da bidegorriaren trazaduran, zati berean bat egiten baitute ibilgailu astunek, oinezkoek eta bizikletek... Kirolaren arloan, beharrezkoa eta premiazkoa da futbol-zelaiari behin betiko irtenbidea ematea. Horregatik eskatu dugu Azkoagaini buruzko azterlan serio bat egitea eta kirol-ekipamenduak kokatzeko alternatibak aztertzea. Hau izan da Gobernu Taldeak bere aurrekontuetan sartzea erabaki duen zuzenketa bakarra. Partida 15.000 eurokoa da. Egindako gainerako proposamenen artean nabarmentzen dira gazteria, bizikidetza, tokiko merkataritza eta tokiko produktuen merkaturatzea».

Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, aurkeztutako zuzenketa askori EH Bilduk emandako erantzuna izan da aurrekontuetan aurreikusita dauden beste partida batzuekin egingo direla: «ez da legealdi honetan erantzun  hau jaso dugun aurreneko aldia izan, eta ikusi ahal izan dugun moduan, ez da nahikoa. Aurrekontuetan idatziz islatzen ez bada, ez dago EH Bilduren konpromiso irmorik; hau da, gure proposamen horiek ez dira gauzatzen».

«Ez digute gure proposamenak finantzatzeko aukerarik utzi»

EAJ-PNVk salatu du ez dela proposamenak finantzatzeko inolako maniobra-tarterik egon, eta EH Bildu bileretara dena itxita aurkeztu dela: «ez digute inolako aukerarik utzi gure proposamenak finantzatzeko, aurrekontua itxita baitzegoen. Nahiz eta gure proposamenak finantzatzeko hainbat aukera planteatu ditugun, hala nola, gerakina, estimazioak… gobernu-taldeak ez du borondate politikorik izan. Aldiz, gobernu-taldeak berak, aurreikusi ez zituen partidak gehitzeko, bere aurrekontu propioak zuzendu ditu eta kreditua erabili du partida horiek finantzatzeko».

Hala, EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk azken mugimendu horrekin erakutsi duela, nahi izan balu, posible zela gure proposamenak kontuan izatea: «ez dute inolako eragozpenik izan beraien aurrekontu propioak zuzentzeko eta kreditua erabiltzeko. Hala ere, EAJ-PNVk egindako 19 proposamenetatik bakarra onartu dute, 15.000 euroko balioarekin. Gogoratu nahi dugu Oñatiko boto-emaileen %40 inguruk gu aukeratu gaituela. Hala ere, beste behin, EAJ-PNVren boto-emaileentzako erantzuna ezezkoa izan da».

Amaitzeko, alderdi jeltzaleak Oñatirekin duen konpromisoa berretsi nahi du: «lanean jarraituko dugu Oñatiren eta Oñatiko herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko».

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube