Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/12/22

2022rako Gipuzkoak behar dituen aurrekontuak onartu ditugu gaur

EH Bilduk historiako aurrekontu sozialenen aurka bozkatu du. Gipuzkoa, bere “ideologia-esentzien” potoa, bere ustezko “hard-core” ideologikoa, aldaezin mantendu behar duen lurraldea bezala ikusten du EH Bilduk. Elektoralismo horrek etorkizuneko negoziazioak zaildu ditzake
 2022rako Gipuzkoak behar dituen aurrekontuak onartu ditugu gaur

“Gipuzkoak bere historiako aurrekonturik sozialenak onartu ditu gaur. Aurrekontuak inbertsio soziala handitzen du, pandemiaren ondorioak gehien pairatu dutenak babesteko eta susperraldia pertsona guztiengana iristeko. Aurrekontuak baliabide gehiago bideratzen ditu susperraldi ekonomikoa sustatu eta etorkizuneko ekonomiaren oinarriak finkatzera; jasangarritasunarekin, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta ingurumenaren zaintzarekin konprometituta. Azken batean, Lurraldearen benetako egoerari erantzuten dioten aurrekontu sozialak eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko digutenak“ adierazi du, Ianko Gamboa  EAJ-PNVren batzarkide Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2022. urterako Aurrekontu Orokorren onarpenari buruz. “1.042 milioi euroko aurrekontua, inoizko handiena. 2021ekoak baino 59 milioi gehiago, % 6ko hazkundearekin. Aurrekontua Foru Gobernuak egoera sozio-ekonomiko-sanitario zailari aurre egiteko garatu dituen politiketan asmatu izanaren emaitza da; izan ere, egoerak gizarte-babeseko eta gure ekonomia suspertzeko politikak sendotzera garamatza”.

“Aurrekontua hiru jarduera-ardatzetan egituratzen da: ardatz soziala, ekonomikoa eta jasangarritasunarena. Gizarte-arloan – jarraitu du Ganboak – 455 milioi euro bideratuko dira, biztanleko 642 euroko gastuarekin Gizarte Politiketara, eta horiei ia 10 milioi gehitu behar zaizkie Adinberri eta Elkar-EKIN programarentzat. Beraz, departamentuaren aurrekontua 34 milioi eurotan hazi da, inoizko aurrekonturik sozialena”. “Ardatz ekonomikoari dagokionez – adierazi du bozeramaile abertzaleak –, sektore guztietan susperraldia sendotzeko eta kalitatezko enplegua sortzen jarraitzeko neurriak biltzen ditu aurrekontuak. Horrekin batera, etorkizuneko ekonomiaren oinarriak ezarriko dituzten proiektu estrategikoak finkatu dira. Departamentuak 122 milioi euro baino gehiago izango ditu, aurreko ekitaldian baino % 5,81 gehiago”.

“Eta hirugarren ardatzak, Iraunkortasunarenak – nabarmendu du –, aurrekontuetan jasotako lehentasun nagusietako bat islatzen du, klima-aldaketaren aurkako borroka. Horren erakusgarri da Ingurumen departamentuak izan duen igoera, % 19,8. Nabarmentzekoa da 130 programak jasan duen igoera, jasangarritasun energetikoari buruzkoa, % 214ko”.

“Azken batean, egungo egoerari aurre egiteko eta legegintzaldiaren hasieran ezarritako ardatz nagusiak garatzen jarraitzeko helburua duten aurrekontuak dira: gizarte-babeseko sistemaren iraunkortasuna bermatzea; ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzen bultzatzea; eta gizarte-desberdintasunaren aurka borrokatzea eta Berdintasuna sustatzea, xede" azpimarratu du EAJ-PNVko ordezkariak.

Oposizioko taldeei dagokienez, Ianko Ganboak adierazi du agerian geratu dela EH Bilduren benetako jarrera, Gipuzkoako historiako aurrekontu sozialenen aurka agertu baita berriro. “Gipuzkoa, bere “ideologia-esentzien” potoa, bere ustezko “hard-core” ideologikoa, aldaezin mantendu behar duen lurraldea bezala ikusten du EH Bilduk. Elektoralismo hutsa. Eta hori guztia, Foru Gobernuak bultzatutako Lankidetza Gobernantzako jarduna gorabehera, EH Bilduren botoen beharrik gabe, 7.305.000 euroko transakzioak eskaini baitizkio koalizioari aurrekontuen negoziazioaren garapenean. Horrek argi eta garbi azaltzen du Foru Gobernuaren jarrera negoziatzailea, eta aldiz, EH Bilduren jarrera oztopatzaile hutsa. Gipuzkoan Foru Gobernuaren aurka besterik egin nahi ez duena, inoiz konpromisorik hartu gabe. Eta Gipuzkoan diot bai – nabarmendu du Ianko Gamboak – zeren Euskal Herrian (Nafarroan zein EAEn) edo Madrilen aurrekontuak onartzeko erabakia erraz asko hartu baitu, baina Gipuzkoan, aldiz, aurrez aurreko oposizio-jarrerari eutsi dio beste behin. Betiko leloa. Elektoralismo hutsa. Nafarroan 5000 milioitik gorako aurrekontuaren gainean,  10 milioi euroko transakzioak onartu dituzte. Aurrekontuek izan zezakeen edozein osoko zuzenketaren aurka bozkatzea ere hitzartuta. Eta Gipuzkoam, betikoa. 1.042 milioiko aurrekontuaren gainean, Foru Gobernuak eskainitako 7,3 milioiak nahiz eta onartu, EH Bilduk kontrako botoari eutsi dio. EH Bilduren jarrera ez da koherentea eta mesfidati sentiarazten gaitu etorkizuneko negoziazioei begira. Gipuzkoak, inoiz baino gehiago, erakundeen eta talde politikoen erantzukizuna behar du. Eta ez, hauteskunde-marka defendatzea helburu bakarra duten eztabaida antzurik. Horrek ez baitio inongo ekarpenik egiten Gipuzkoako interes orokorrari – gaineratu du –“.

Amaitzeko, Ianko Gamboa EAJ-PNVko batzarkide abertzaleak adierazi du, inbertsio soziala handitu egingo dela pandemiaren ondorioak gehien jasan dituztenak eta seigarren olatu honetan jasaten ari direnak babesteko. “Baliabide gehiago bideratzen dira susperraldi ekonomikoa sustatzera eta Gipuzkoaren etorkizuneko ekonomiaren oinarriak ezartzera. Eta, azkenik, iraunkortasun energetikoarekin, klima-aldaketaren aurkako borroka eta ingurune naturalaren zaintzarekin dugun konpromisoa indartzen da. Gipuzkoak behar dituen aurrekontuak, onartu ditugu gaur" amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube