Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/12/16

Urtebeteko epean, ia 2.000 pertsonako komunitatea eratu du Tolosako Azoka Lagunak egitasmoak

Tolosako Azoka indartzeko estrategiari jarraituz, ekoizleen fitxak, erakusmahaietako mantelak eta webgunea berritzeko urratsak egin dira.
Urtebeteko epean, ia 2.000 pertsonako komunitatea eratu du Tolosako Azoka Lagunak egitasmoak

Tolosako Azoka, hiri ekonomiaren oinarri garrantzitsu izanik, alor estrategikoa izan da azken legealdiotan Tolosako Udalarentzat, azoka bera indartzea helburu nagusienen artean sartuz.

Horretarako, etorkizunera begira errotu eta garai berrietara egokitu zedin, Azoka Lagunak egitasmoa jarri zen martxan joan den urteko urrian. Urtebete igaro da ordutik, eta lortutako emaitzen balantzea “bikaina bezain baikorra” dela nabarmendu du udalak.

Lehen hilabetean, 1.500 pertsonak eman zuten izena, eta tantaka-tantaka zifra hori handituz joan da, urtebetean ia 2.000 laguneko komunitatea eratzeraino. Eta hazten jarraitzen du.

Jakintza partekatzeko talde bat

Herritar askoren interesa piztu duen egitasmoa izan da. “Hori da hitz gakoetako bat, hain zuzen: interesa. Urtaro, baratze, jaki eta sukaldaritzaren inguruko jakintza partekatzen dugu komunitatean, eta informazio hori interesgarria eta erabilgarria da guztientzat. Uste dut horrek aukera eman digula Azokari buruz dugun ikuspegia aldatzeko eta balioan jartzeko”, azaldu du Nerea Letamendia, Merkataritza, Feriak eta Turismo Saileko zinegotziak.

Astero Azokaren inguruko informazio baliagarria bidaltzen da, posta elektronikoz: bitxikeriak, garaiko produktuei buruzko artikuluak, errezetak, elkarrizketak, ekoizleei bisitak…

Tarteka ikastaro edo irteerak ere egiten dira, online edo presentzialki, jende ugariren parte hartzearekin. Atzo bertan 30 lagun gerturatu ziren kultur etxera, gabonetako menuei buruzko sukaldaritza-tailerrera. 

“Jakintza horren transmisioa ez ezik, nolabait lortzen ari garena da jendeak bertako produktuak erostea, garaikotasunari garrantzia emanda”, gehitu du Alaine Izagirre saileko teknikariak.

Urrats gehiago indartzeko bidean

Azoka Lagunak, ordea, Tolosako Azoka indartzeko epe-luzera begirako estrategia ere bada. Eta astez asteko komunikazio lan horretatik harago, ekintza gehiago ere biltzen ditu.

Marka berria izan zen aldaketaren abiapuntu nagusia. Larrialdi egoeraren ondorioz, Azoka Lagunak egitasmoa abiatu aurretik erabiltzen hasi bazen ere, pixkanaka euskarri gehiagotan aplikatu da irutegi berria.

Horren adibide dira duela aste batzuk egindako aldaketak. Ekoizleen erakusmahaietako mantelak iruditegi berrira egokitu dira, baita ekoizle bakoitzaren datuak biltzen dituen mahai gaineko fitxak ere. Azken hauetan QR kode bat ere erantsi da, ekoizle bakoitzari buruzko informazio gehigarria duen webguneko atalera bideratzen duena.

Hain zuzen, azken hau da webguneko moldaketa garrantzitsuena, azokako hiru espazioen planoak jartzearekin batera. Ekoizleak “gehiago gerturatu eta ezagunago egiteko” asmoz, postuen deskribapena, produktuen zerrenda, baserriaren kokapena, argazkiak eta harremanetarako datuak biltzen dituen orrialdea sortu da bakoitzarekin.

Eraldaketa fisiko zein digitalerakin aurrera

“Pandemia garai honetan ere apustu irmoa egin dugu azokaren alde eta lan mardula egin da azokaren eraldaketa fisiko zein digitala sustatzen jarraitzeko” adierazi du Letamendiak.

Hortaz, Azoka Lagunak egitasmoaz harago, ekintza gehiago biltzen dituen estrategia eta proiektua du eskuartean udalak.

Normaltasun egoerara itzultzerako azokako espazioen (Euskal Herria plaza eta Zerkausia) antolaketa berrirako proposamena landu da azokagileekin. 2022an ere azokaren ordenantza berria garatuko da eta Gipuzkoako Azoken Sarearen eskutik, azokek amankomunean dituzten erronkei aurre egingo zaie, era koordinatuan eta elkarlanean. Eta azkenik, azokaren digitalizazioarekin aurrera egiteko Next Generation Europar Funtsetara proiektua aurkeztu du udalak dirulaguntza jaso asmoz.

Aurkezutako proiektuak lan lerro edo egitasmo ezberdinak biltzen ditu: Euskal Herria plazaren antolaketa fisikoa berraztertzeko proiektua; Tolosako azokako seinaletika, marketing-a eta antolaketa gauzatzeko proiektua; takila adimentsuak; formazioa digitalizazioan eta Azoka 2.0., azokaren digitalizazioa aztertzeko proiektu pilotoa eta Azoka Lagunak proiektua bera.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube