Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/12/03

Lazkaoko Udalak Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia eraberritzeko proiektuaren hurrengo faseari ekingo dio 2022an, igerileku estali eta aldagela berriak eraikiz

Kepa Zubiarrain, alkatea: "Lazkaorako oso inbertsio garrantzitsua da. Kalitatezko azpiegiturak eraikitzen jarraitu nahi dugu, Lazkaon osasunaren eta kirolaren aldeko apustua eginez".
Lazkaoko Udalak Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia eraberritzeko proiektuaren hurrengo faseari ekingo dio 2022an, igerileku estali eta aldagela berriak eraikiz

Joxemiel Barandiaran kiroldegiaren eraberritze prozesuan fase berri bati ekin zaio. Aurreko faseetan kanpo igerilekuak, irisgarritasun lanak, eta gimnasio eta ikastaroetarako gelak egokitzeko lanak burutu ziren. Oraingoan, eraberritze planari jarraituz, igerileku estaliaren zerbitzuko berrikuntzak egingo ditu Udalak 2022an hasita. Azaroaren 25ean ospatutako Osoko Bilkuran onartu zuen proiektua garatzeko kreditu aldaketa. Lanen lizitazioa 2022ko lehen hiruhilekoan jarriko da abian eta helburua da eraberritze eta handitze lanak 2022ko lehen seihilekoan abian izatea. Aurreikuspena lanek 20 hilabete irautea da.

Kiroldegiaren handitze eta birmoldaketaren proiektuaren 5. fasea da garatuko dena. Fase honetan, barruko igerileku berria egitea, zaharra berritzea, eta igerilekuko aldagela berriak eraikitzeko lanak jasotzen dira. Honekin batera instalazio eta makinaria guztia berritzen da. Honek osasun berme eta efizientzia energetikoaren ikuspegitik ekarpen nabarmena suposatuko du, jasangarritasunean pausuak ematen jarraituz. Lanek, hiru gunetan izango dute eragina: egungo igerileku estalian, alboko tenis pistan eta lehen solairuan. Fase honetako lanak exekutatzeko aurrekontuaren aurreikuspena 5.472.035,00 eurokoa da. Aurrera begira, hurrengo fase batean, estalitako igerileku berriaren gainean beste bi solairu eraikitzeko aukera egongo da.

Lanik nagusiena gaur egungo tenis pista gunean eraikin berria eginez kiroldegia handitzea izango da. Eraikin berri honek, erdi-sotoko solairua izango du,instalazio desberdinetarako. Lehen solairuan, 6 kaleko, 25 m x 12;5 metrotako igerileku klimatizatu berri bat izango du, harmaila eta guzti.

Gaur egungo igerileku gunea ere eraberritu egingo da, igerileku zaharraren tamaina murriztuko da, eta lan hauetaz baliatuz gune berean sauna zerbitzua kokatuko da. Eremu hau igeriketarako ez ezik, ikastaroak eskaintzeko baliatu nahi da ere. Horrez gain, lehen solairu osoan igerilekurako aldagela desberdinak sortuko dira.

Laburbilduz, honakoa izango da bilakaera:

· Igerileku berria: Gaur egun dagoen tenis pistaren lekuan, sotoa, instalaziotarako eta sei kaleko igerileku estali bat, harmaila eta guzti.

· Egungo igerilekua: Gaur egungo igerileku estalia tamainaz txikiagoa izango da, eta inguruan geratzen den lekuan sauna zein igerilekuarekin lotutako beste zerbitzu batzuk eskaintzeko eremua izango da.

· Aldagelak: Igerilekuko aldagelak lehen solairura mugituko dira eta gaur egun aldagelak dauden eremua beste zerbitzu batzuk eskaintzeko eremu bezala aprobetxatuko da aurrerago.

Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu du legealdiko proiektu estrategiko “garrantzitsuenetako” baten aurrean gaudela: “gure lehentasuna izan da, hasieratik, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, aukerak sortuz eta zerbitzu eta azpiegitura egokiak eskainiz. Horri erantzuten ari gara, beste behin. Herriko kirol zerbitzuak ikaragarri hobetuko ditu Kiroldegi berriak. Zaharkituak eta txiki geratu diren igerilekua eta aldagelak berritu eta handituko ditugu, kalitatezko azpiegiturak sortuz eta herriaren erabilera-eskaerari erantzuna emanaz. Gaur egun 2.220 bazkide ditu kiroldegiak, eta horietatik 2.200-ek dute igerilekua erabiltzeko bazkidetza egina. Emango digu aukera ere igeriketa ikastaroek duten eskaerari erantzuteko bi igerilekuekin. Finean, Lazkao hobe bat eraikitzen ari gara, guztion artean, bertan bizi eta, kasu honetan, kirola eta aisiaz gozatzeko kalitatezko aukerak eskainiz”.

Aurreko 4 faseak

Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia 1983. urtean eraiki zen, duela ia 40 urte. Ordutik asko izan dira egin diren eraberritze eta egokitze lanak.

2022an abiatuko den 5. fasearen aurrekoetan, igerileku estali-gabeak egin dira, igerilekuaren gainkaldean 2. oin bat eman zitzaion, bertan gimnasio berria, erabilera anitzeko aretoak eta zerbitzu hauetarako aldagelak eraikiz, eta beste fase batean kiroldegiari sarrera eta kiroldegiko gune guzietarako irisgarritasuna bermatzen duen komunikazioa gunea eraiki zen, beste hainbaten artean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube