Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/12/01

Deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiatuko du Tolosako Udalak herritarrekin

Olatz Peon Ormazabal,: "Gobernantzaz hitz egiten ari garenenan, demokraziaz, partaidetzaz, komunitateaz eta elkarlanaz hitz egiten ari gara, herrigintzaren ardatz eta oinarri nagusiez alegia; horregatik abiatu nahi dugu egitasmo hau Tolosan, gobernantza eredu berriak herrian errotu eta indartzeaz harago, herritarren eguneroko beharrei eta herri bezala ditugun etorkizuneko erronkei modu eraginkor, parte hartzaile eta adostugoan aurre egiteko, horretarako estrategia berriak, ausartagoak, berritzaileagoak martxan jarriz”.
Deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiatuko du Tolosako Udalak herritarrekin

Gobernantza eredu berrietan sakontzeko helburuarekin, urratsak egiten jarraitzen du Tolosako Udalak eta zentzu horretan, orain arte egindako bideari jarraipena emateko lankidetza hitzarmena sinatu du gaur Tolosako Udalak, Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiarekin, laborategiak Arantzazun (Oñati)  duen egoitzan egin den ekitaldian.

Hitzorduaren helburua bikoitza izan da: batetik, Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak sustatutako herritarren deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiaraztea; bestetik, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea.

Herri gisa ditugun erronkei elkarlanetik eta entzute aktibotik erantzuteko

Tolosan gauzatuko den egitasmoaren helburua da herritarrekin deliberazio prozesua bat egitea. Udalak aukeratutako erronka edo gai jakin baten inguruan deliberazio prozesu berritzailea abian jarriko da. Berezitasun moduan adierazi behar da prozesuan ausaz aukeratutako herritarrak inplikatuko direla, tolosarren aniztasuna bermatuz parte-hartzaileen artean.

Olatz Peon, Tolosako alkateak, gaurko ekitaldian azpimarratu du: "Gobernantzaz hitz egiten ari garenenan, demokraziaz, partaidetzaz, komunitateaz eta elkarlanaz hitz egiten ari gara, herrigintzaren ardatz eta oinarri nagusiez alegia; horregatik abiatu nahi dugu egitasmo hau Tolosan, gobernantza eredu berriak herrian errotu eta indartzeaz harago, herritarren eguneroko beharrei eta herri bezala ditugun etorkizuneko erronkei modu eraginkor, parte hartzaile eta adostugoan aurre egiteko, horretarako estrategia berriak, ausartagoak, berritzaileagoak martxan jarriz”.

“Gero eta konplexuago den gizarte honetan, gakoa elkarlanean dagoela sinetsita gaude, alderdien arteko elkarlanean eta baita udalaren eta herritarren arteko elkarlanean ere. Gobernantzaren esparruan, badugu bide bat egina, baina bidea egiten jarraitu nahi dugu, gobernantza eredu berriak indartzeko eta sendotzeko, herritarrekin eraikitzeko gure etorkizuna” adierazi du alkateak.

Beraz, deliberazio egitasmo ordezkatzaile honen bitartez, etorkizunaz, herri gisa ditugun erronkez, modu berritzailean eta parte hartzailean hausnartu nahi du Udalak herritarrekin, elkar-laguntzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Hortaz, egitasmoaren helburu nagusia da herri gisa ditugun erronkak herritarrekin partekatzea, tolosarren inplikazioa sustatzeko, konfiantzazko harremanak eratzeko eta entzute aktiboa indartzeko, gizarte berrikuntzaren eta esperimentazioaren bidetik.

Prozesuaren faseak

Urtarrilean egitasmoa diseinatuko da eta deliberaziora eramango den galdera zehatza adostu eta definituko dute udalbatzan ordezkaritza duten alderdiek. Jarraian, herritarrak aukeratzeko zozketa zibikoa egingo da egitasmoan parte hartuko duten herritarrak ausaz aukeratzeko. Faseei dagokienez, deliberazio-prozesu ordezkatzaile guztietan bezala, komunitatearen aniztasuna ordezkatzen duen pertsona-talde batek informazioa aztertuko du, adostasuna bilatzeko deliberatu egingo du, eta agintari publikoei zuzendutako politika publikoko gaiei buruzko gomendio zehatzak garatuko ditu.

Ekimena, beraz, 2022ko urtarrilean abiatuko da eta 2023ko udaberria arte luzatuko da. Hamabost bat hilabetekoa iraupena izango gu orotara prozesuak.

Arantzazulab Fundazioaren eta ELGA/OCDE erakundearekin laguntzarekin

Egitasmoa aurrera eramateko Tolosako Udalak Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiaren eta ELGA/OCDE antolakundearen laguntza  izango du. 

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak gaurko ekitaldian azpimarratu du: "Herritarrek egungo agenda publikoaren diseinuan modu esanguratsuan parte hartzeko eta erakundeetan lankidetzazko gobernantza praktikan jartzeko egitasmo bat bezala ulertu behar da Tolosan abiatuko duguna. Udal mailan egingo dugun lehen esperimentazioko ekimen bat izango da halako prozesuek erakunde publikoen eta herritarren arteko harremanean duten eragin positiboa erakusteko. Esperientzia hori beste herri batzuetan errepikatzeko eta zabaltzeko moduak aztertuko ditugu jarraian. Finean, herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugu".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube