ABIAN Zurekin - Batzar Nagusia

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/11/20

Pertsonak dira Donostiako mugikortasun eredu berriaren erdigune

Eskema berriak datozen urteetan hirian modu gradualean eta progresiboan ezarriko diren ildo nagusiak aurkezten ditu. ‘Datorren Donostia’ erakunde, talde politiko eta inplikatutako hainbat eragilerekin kontrastatzeko irekita dagoen proposamena da.
Pertsonak dira Donostiako mugikortasun eredu berriaren erdigune

Donostiako Udalak hiriko mugikortasunaren eredu berria aurkeztu du: Datorren Donostia. Proposamenaren helburua da oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoa erabiltzen duten herritarren mugikortasuna hobetzea. Plana eztabaidara eta ekarpenak jasotzera irekita dago eta hurrengo urteetan mugikortasun eskema eraldatzea bilatzen du. Izan ere, hiritarrek disfrutatzeko hainbat hirigune berreskuratzeko aukera emango du.

Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak aurkeztu dute proposamena. Goiak honakoa adierazi du: “Donostiako hiri mugikortasuna eratzeko une garrantzitsuan gaude. Gaur partekatzen dugun proposamena hiriaren berrantolaketa integralerako planteamendu bat da, oinezkoentzako espazioak indartuz,  bideak eta garraio publikoa diseinatuz, betiere, Topoaren sarearen handitzea kontuan hartuta”

Goiak nabarmendu duenez, eraldaketa hau modu gradualean eta progresiboan ezarriko da datozen urteetan, nahiz eta dagoeneko hainbat urte badaramatzan martxan. Honez gero, islatzen hasi da hainbat jardueratan, hala nola: San Martin kalearen itxiera katedralaren aurrealdea oinezkoentzako gune bihurtzeko; Kontxako trafikoa baretzeko bide bat kentzeko hartutako erabakia; edo Kontxa-San Martín eremuko bizikleten bidea. San Martin eta Zubieta kaleen norabidea aldatzea aurrerapausoa izango da eta etorkizunean eremu zabalagoen trafikoa baretzeko aukera emango ditu”

Inplementatuko diren proposamenak zehaztu aurretik, erakunde, talde politiko eta gizarte-eragilekin elkarlanean arituko da Udala, oinarrizko irizpideak definituz eta Mugikortasuneko eta Garraioko Departamentuak proposatutako ereduan aurrera eginez.

Mugikortasun eskema berria

Proposatzen den eredu berriak eskema orokor bat du abiapuntu, eta honako ildo nagusiak marrazten ditu: oinezkoentzako espazioak; Udalaren mugikortasun aktiboko politikarekin bat datozen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak; garraio publikoaren sarea berregitea, Topoa izango duen garrantzia kontuan hartuta;  aparkalekuen politika; baimenduen kudeaketa: zamalanak; eta azken miliaren banaketa sistema. Eta hori guztia, hiritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Alkateak adierazi duen bezala, “Donostiarako mugikortasun diseinu berria nahi dugu, hain zuzen ere, emisio kaltegarriak murrizteko eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromisoarekin bat datorren diseinua, donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko gai izango dena. Pertsonak erdigune diren hiria nahi dugu, osasungarriagoa, inklusiboagoa, bizitzeko egokiagoa, biziagoa, eraginkorragoa eta ederragoa”.


Ibilbide berriak ezartzeari esker, gozatzeko espazio berriak sortu nahi dira: Antiguako tunelaren inguruan, berdegune berria; Zurriola pasealekuaren amaieran, beste berdegune bat; eta Arabako parkea edo Loiolako Erribereko Oroimenaren Lorategia hobetzea eta handitzea. Gainera, eskema horri esker, bidegorri-sarea indartu eta handitu ahal izango da, hiriaren ekialderantz zabaltzeko erronkarekin. Ildo horretan, datorren urtean Herrera eta Bidebieta lotuko dituen zatia egitea aurreikusten da.

Abiapuntua

Nahiz eta hiriko trafiko ezberdinak diseinatzeko proposamena orokorra den, Mugikortasun Departamentuak abiapuntu zehatz bat hartu du. Horrela, lehen aipatutako helburuak kontuan hartuta, Alde Zaharreko eta Erdialdeko eremuak proposamen zehatzak diseinatzeko balio izan du.

Ondoren, auzo bakoitzaren neurrira egindako proiektu bat landuko da, eta horretarako, auzo bakoitzaren berezitasunak, beharrak eta nortasuna kontuan hartuko dira.

Lehenengo fase horri esker, Bertakoen Lehentasuneko Eremu bat sortu ahal izango da, eta horretara bertakoen eta baimendutakoen ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira. Gainerako ibilgailuek debekatuta izango dute eremu horretarako sarrera, eta txandakako aparkalekuetara sartzeko inguruko ibilbideak bakarrik erabili ahal izango dituzte. Sistema teknologia berrien erabileran oinarrituko da, adibidez, aparkalekuen erabilera maila denbora errealean ikusteko, eta era berean, kamerak erabiliko dira oinezkoen guneak erregulatzeko eta mantentzeko.

Eskema hori osatzeko egin den lanak hiriaren Erdigunearen eredua eta bide nagusien funtzioak birpentsatzeko balio izan du. Horiek horrela, Askatasunaren Hiribideak bidegorria izateko aukera izango luke eta garraio publikoaren bide nagusiena bilakatuko litzateke. Horrenbestez, Boulevardeko trafikoa arinduko litzateke eta  hiritarrentzako  etorbide handi bat bihurtzea ahalbidetuko luke.

Garraio publikoa eta iraunkorra

Era berean, aldaketa horiek guztiek eraldaketa ekarriko dute garraio publikoarentzat. Izan ere, garraio publikoak bi ardatz nagusi izango ditu (ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera). Eta ardatz horiek linea nagusi batzuk izango dituzte, hain zuzen ere, hiriko edozein tokitatik erabiltzaileei gehienez ordu erdian euren helmugatara iristeko aukera emango dieten lineak. Hortaz,  eremu periferikoek zerbitzu hobeagoa izango dute.

Topoaren igarobidea hiriko garraio publikoaren sarearen elementu nagusia bilakatuko da. Topoari esker hiriko garraio publikoaren zerbitzua hobetuko da, izan ere, eskaintza zabalagoa, efizienteagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko aukera emango du, eta gainera, hiriko kaleetan egiten diren ekitaldiek ez dute bere zerbitzuan eraginik izango. 

Horrek guztiak erantzuna emango dio mendebaldeko lan-gune handiak ekialdeko bizitegi-gune nagusiekin lotzeko premiari. Gainera, intermodalitate hobea ahalbidetuko du, eta beraz, Dbus, Topo, Dbizi eta Taxi zerbitzuen edo bidegorri-ibilbideen arteko lotura eraginkorragoa izango da eta, ondorioz, pertsonen hiri barruko mugikortasuna hobetuko da.

Beste eremu batzuetan ezartzea

Abiapuntua Alde Zaharrean eta Erdialdean ezarri den arren, Udala paradigma berri hau auzoetara eramateko modua lantzen ari da, auzo bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.

Proposamena aurreratuta dago Gros auzorako, eta ziurrenik hori izango da proiektuaren hurrengo fasea. Horrela, oinezkoentzako gune berriak ezartzea aztertzen ari dira, esaterako, José María Soroa bezalako kaleak oinezkoentzat bihurtzeko, edo Zurriola pasealekuaren azken zatian aipatutako berdegunea egiteko.

Planteamendu hori pixkanaka errepikatuko da hiriaren gainerako auzoetan, bakoitzak bere eremu mugatua eta oinezkoentzako eta aisialdirako gune berriak izan ditzan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube