ABIAN Zurekin - Batzar Nagusia

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/10/29

Goiak adierazi du udal gobernua osasuntsu dagoela Donostia eraldatuko duten proiektuak sustatzeko

Hirigintza garapen berriak eta mugikortasunaren diseinua legealdiaren amaieraren ardatz izango dira. Hurrengo bi urteetan 1.700 etxebizitza eraikitzeari ekingo zaio
Eneko Goia

Donostiako Udalak legegintzaldiaren bigarren zatian indarrak jarriko ditu etxebizitza berriak sortzean, hiria hobetzeko proiektuen garapenean, eta hiriko mugikortasunaren paradigma berriaren zehaztapenean. Eta zehatzago esanda, hurrengo bi urteetan 1.700 etxebizitza berri eraikitzen hastea aurreikusten du, promozio eta garapen urbanistiko berriak sustatuz. Hori guztia iragarri du Donostiako alkate Eneko Goiak, eta honakoa gaineratu du: “Udal gobernua osasuntsu dago legegintzaldiaren bigarren zatiari heltzeko eta hiriak aurrera egiten jarraitzeko behar dituen proiektuak garatzeko”.

Politika Orokorreko udalbatzarran Eneko Goiak osasun-larrialdiak 2020an eta aurten izan dituen eraginen gaineko hausnarketa egin du. Hortaz, Udalak osasun krisiari aurre egiteko aurrera eraman dituen jarduketak, eta bereziki, ekonomia suspertzeko neurriak eta eraginak gehien pairatu dituzten sektoreei emandako laguntza zuzenak zehaztu ditu. Horiek horrela, Donostiak sustatu dituen ekonomia suspertzeko bi planak aipatu ditu, hain zuzen ere, bi urteetan 23 milioi euroko aurrekontua izan dituzten bi planak (12 milioi 2020an eta 11 milioi 2021ean). Eta plan horien barruan laguntza zuzenak zein zerga arauetan emandako hobariak (4 milioi euro) daude, baita terrazen ordenantza malgutzeko neurria edo tokiko kontsumoa sustatzeko plataforma digitalaren sustapena ere.

Udalak eta udal erakunde eta sozietateek 26 milioi euro bideratu dituzte azken bi urteetan Covid-19aren krisiari aurre egitera. Horiek horrela, Goiak azpimarratu du, Udalak ezohiko egoera bati ezohiko erantzunak eman dizkiola.

“Zailtasunak zailtasun, uste dut Udalak erantzun egokia eman diela uneko egoerei”, adierazi du.

Era berean, alkateak udal taldeei proposatu die hiriko leku bat aukeratzeko osasun-larrialdiak eragindako hildakoen memoria oroitzeko.

Susperraldiaren bidean

Goiak esan du, hiria susperraldiaren bidean dagoela, baina oraindik ez dituela pandemia aurreko zifrak lortu Barne Produktu Gordinari eta langabezi-tasari dagokionez. Ildo horretatik adierazi du, Udalak duen erronka handienetako bat dela Europar Batasunatik Next funtsak lortzea susperraldia sendotzeko eta estrategikoak diren hainbat proiektu garatzeko, hain zuzen ere, pertsonen zaintzarekin, energia berriztagarriekin, mugikortasun jasangarriarekin edo hiri habitataren eraldaketarekin lotura duten hainbat proiektu.

Halaber, Eneko Goiak honakoa azpimarratu du: “Donostia ekoizpen zientifiko handiena duten 200 hirien artean dago, Nature aldizkariaren arabera. Hortaz, ezagutzaren alde egiten jarraitzeak lehentasuna izan behar du. Eta horretarako urratsak eman ditugu Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko, eta Illunben ezarri ahal den jarduera parkarekin lotura izateko”. Era berean, gogorarazi du bigarren Talent House-aren eraikuntza lanak hasi direla, eta horri esker bertako talentua eutsi eta kanpokoa erakarri ahal izango dela.

Gastronomiari buruz, alkateak uste du Basque Culinary Centerri esker hiria munduan erreferente dela, eta Gastronomy Open Ecosistem (GOE) proiektuak hiriak egiten duen apustu hori indartuko duela.

Goiak gaineratu du, Eskusaitzetako industrialdeak eskaera kopuru handiak dituela eta industriarentzako etorkizun oparoa ekarriko duela,  MUBIL elektromugikortasun zentroa horren guztiaren buru izango delarik.

1.700 etxebizitza berri eta mugikortasun berria

Udalak hasiera eman dio Plan Orokorra eguneratzeko prozesuari. Egungo Plan Orokorra 2010ekoa da eta hiriaren garapenari egokitu behar zaio, baita azken urteetan sortutako behar berriei eta errealitateari ere. Eta dokumentu honetan jasoko diren planeamendu berriak jasangarritasun irizpide orokorrari jarraituta egingo dira.

Etxebizitza berria sortzeari buruz, Eneko Goiak segidakoa esan du: “Hurrengo bi urteetan 1.700 etxebizitza berri eraikitzen hasiko dira, Inpernua, Illarra, Lorategi Hiria, Añorga eta beste hainbat tamaina txikiko garapenei esker”.

Alkateak gogoratu du, Udala Urumeako ibarraren garapenean lanean jarraitzen duela, Txominenea auzoa buru, eta auzoaren bigarren faseari ekingo zaiola behin Martuteneko kartzela Eskusaitzetara lekuz aldatzen denean, hau da, 2024tik aurrera. Gainera, esan du, Loiolako kuartelak erosteko negoziazioa bide onetik doala, eta beraz, baldin eta negoziazioak fruituak ematen baditu, hiriak eremu handia izango duela etxebizitza gehiago egiteko eta eremu horri beste zentralidade bat emateko.

Etxebizitzaren legeari buruz, alkateak esan du Udala tentu handiz jarraitzen ari dela gaia eta behar diren tresnak erabiltzeko irekita dagoela hirian etxebizitzaren merkatua arrazionalizatzeko.

Eneko Goiaren iritziz, Udala lantzen ari den mugikortasunaren paradigma berria  Donostia hobetzeko eta eraldatzeko aukera ezin-hobea dela, eta donostiarren bizi-kalitatea hobetuko duela.

Topoa eraikitzeko lanak, Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren lanak, Iztuetako pasabidearen lanak edo Kontxako pasealekuaren lanak oinezkoa protagonista izango den hiriaren bidea ezartzen dutela. Eta hiri horretan bizikletak gero eta garrantzi handiagoko garraioa izango du eta garraio publikoak ibilgailu pribatuari alternatiba jasangarriak eskainiko dizkio, betiere metropoli-barrutia kontuan hartuta, isuriak gutxitzeko eta, batez ere, gune publikoa berreskuratzeko. Halaber, Loiolako Erriberetako garraioz aldatzeko geltokia, Renferen zerbitzuaren hobekuntza, autobus zerbitzuaren elektrifikazioa, bidegorri-sarearen eta bizikleta publikoaren zerbitzuaren handitzea aipatu ditu.

Alkateak udal-talde guztiei eskua luzatu die prozesu hau elkarlanean egiteko, eta guztien artean alderdikerietatik harago doan aldaketa sakona egin ahal izateko.

Gizarte zerbitzuak eta kultura

Gizarte zerbitzuei buruz alkateak esan du, aurten Udalak inoiz izan duen aurrekonturik handiena izan duela. Dena dela, Gizarte Larrialdietarako Laguntza eskatu duten familia kopurua %13 gutxitu da 2020arekin alderatuta, baina bideratutako dirua berdina izaten jarraitu du. Behar gehien duten kolektiboen hartapenari buruz, alkateak iragarri du etxerik gabeko pertsonentzako Hestia eguneko zentro berria laster egiten hasiko direla.

Donostiako alkateak nabarmendu du udal gobernuarentzat gizarte kohesioa oso garrantzitsua dela, eta beraz, behar gehien duten eremu eta auzoetako zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko inbertsioak lehentasun direla. Horren adibide, honako proiektuak aipatu ditu: Altzako kiroldegia, Urumeako ibarraren zabaltzea – Eusko Jaurlaritza eta Udalaren artean garatuta – Txominenea-Martutene ardatzaren garapena Arteleku plaza berriaren eraikuntzarekin, Loiolako eta Añorgako bulebarizazioak, 27 Industrialdearen bide azpiegituretako hobekuntzak, Marrutxipiren lotunea – Aldundia eta Udalaren artean garatuta – Astiñeneko zubia edo Iztuetako biaduktua eraistea. Eta proiektu hauek guztiak martxan edo hasteko zorian daude eta auzoekin eta auzo elkarteekin uneoro informazioa partekatzen egiten ari dira Udalak legealdi honetan sustatu dituen auzo mahaiei esker.

Udal gobernuak, halaber, deszentralizazio prozesuak sendotzen jarraituko du, bai Ekialdeko Barrutian, bai Zubietan, bai Igeldon. Azken honetan, lantaldea sortu da Tokiko Entitate Txikia sortzeko.

Kultura arloan, lehentasuna izan da programazioa mantentzea, jarduera bizirik mantentzeko eta sektoreko eragileei laguntzeko. Horiek horrela, 2021ean Donostia Kulturak bost milioi euro bideratu ditu kultura programatzari, hiriak festibal nagusienak egin ahal izan ditu, eta kultur etxe eta museoen sarea irekita mantendu ditu.

Bere hitzaldian, Eneko Goiak gogorarazi du ETAren amaieraren 10.urteurrena, eta honakoa esan du: “Gaur hobeto gaude, batez ere, gutako inor ez dituelako mehatxuak edo jazarpenak jasaten. Askeagoak gara”.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube