Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/09/24

Udalak Europako funtsetatik 24 milioi euro eskatu ditu hiri-mugikortasuneko proiektuak, emisio gutxiko eremuak eta turismoa modernizatzeko proiektuak finantzatzeko

Donostiako Udalak formalki eskatuko du Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik datorren finantziazioa, mugikortasunarekin eta hiri-garraioarekin lotutako berrikuntza-proiektuak garatzeko, hirian emisio gutxiko guneak garatzeko eta turismo-sektorea eraldatu eta modernizatzeko. Guztira, 24 milioi eurotik gorako finantziazioa eskatuko da 40 jarduera baino gehiago bultzatzeko, azpiegiturak eraldatu, alor ezberdinetan dijitalizazioa bultzatu, baita aldaketa klimatikoan jauzi kualitatibo bat emateko asmoz ere.
Udalak Europako funtsetatik 24 milioi euro eskatu ditu hiri-mugikortasuneko proiektuak, emisio gutxiko eremuak eta turismoa modernizatzeko proiektuak finantzatzeko

Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia Bultzada Ekonomikoko zinegotziak gaur aurkeztu dituzte Mugikortasun eta Garraio Ministerioari eta Industria eta Turismo Ministerioari finantziazioa eskatzeko proiektuak. Donostiako Sustapenak batu ditu proiektu guztiak, beste udal sailekin lankidetzan (Mugikortasuna, dBus, Ekologia, Donostia Turismoa, e.a.)

Udalak eskatu duen lehen laguntza multzoan emisio gutxiko eremuak ezartzera bideratutako mugikortasunaren arloko 18 jarduera  jasotzen dira. Hala, Udalak Behe Emisioetarako Eremu bat ezartzea bultzatu nahi du, Alde Zaharra eta horren Zabalgunetik hasi, Mendeurrenaren plaza eta Urumeako eremuetatik pasa, eta Pasealeku Berriraino iritsiko litzatekeena. Gainera, proiektu nagusi honetarako ekintza osagarriak planteatzen dira, hala nola, airearen kalitatea neurtzeko sentsoreak eta neurgailuak erostea, arau-hausteak kontrolatzeko eta zehapenak kudeatzeko sistemak jartzea, informazio- eta kudeaketa-sistemak eskuratzea, edo lurpeko aparkalekuen elektrifikazioaren eragin ekonomiko eta teknikoak aztertzea.

Horrekin batera, dBus-entzako autobus elektrikoak erosteko finantzaketa eskatuko du Udalak. Hala, funtsak eskatuko dira zero emisioko 19 ibilgailu erosteko (horietako 13, 12 metrokoak, eta beste 6, 18 metrokoak), eta horiek udal garraio-konpainiaren zati handi bat aldatuko dute. Halaber, zabor bilketarako bi kamioi elektriko erosteko dirulaguntza eskatuko da. Ildo horretatik, ibilgailu horiek kargatzeko azpiegitura finantzatzea proposatu du Udalak, konpainiaren kotxetegiak elektrifikatuz.

Jarduketa horiek guztiek 8.470.000 euroko diru-laguntza jasoko lukete gehienez, eta horri Udalak emandako beste lau milioi gehitu beharko litzaizkioke. Laguntzen bigarren kapituluan, oinezkoentzako eta irisgarritasunerako ibilbideak hobetzeko proiektuak eta jarduerak finantzatzea planteatzen da, bereziki Antiguako (Errege Eskolta eta Heriz pasealekua) eta Altzako (Jolastokieta eta Eskalantegi) igogailuak eraikitzeko. Horrez gain, laguntza ekonomikoa eskatzen da oraindik iritsi ez den eremuetan bizikletak alokatzeko zerbitzua handitzeko eta hobetzeko, garraio-zerbitzu publikoak digitalizatzeko bidaiak planifikatzeko tresnen bidez eta garraioaren informazioa denbora errealean hobetzeko, eta hiriko trafikoa modu adimentsuan eta iraunkorrean kudeatzeko jardueren bidez.

Guztira, 5.600.000 euroko ekintzak eskatzen dira, eta horiei beste 500.000 euro gehitu beharko litzaizkieke, udal diru-kutxatik finantzatuak. Azkenik, Donostiak beste funts-lerro bat ere aukeratu du, Málaga, Palma eta Las Palmasekin partekatutako proiektu bati esker, garraiobide publikoak hobetzeko eta geraleku adimendunak ezartzeko. Horretarako, 3.700.000 euro erabiltzen dira.

Sektore turistikoaren modernizazioa

Turismo Sailak 23 jarduera aurkeztu ditu, guztira 7 milioi euroko diru-laguntzak, eta Industria eta Turismo Ministerioaren aurrean defendatuko dira, Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen proiektu-sortaren barruan. 

Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotzi eta bozeramaile sozialistak aurkeztutako proiektuen artean nabarmendu du Donostiatik igarotzen den Done Jakue Bideari balioa ematea, Iradi baserriaren inguruan begiratoki bat egokituz eta espaloia prestatuz Igeldoko hirigunearen eta kanpinaren artean.

Halaber, urtegia hustu ondoren, Artikutzako finkaren (biodibertsitatearen altxorra) jarduketa- eta balio-proiektua aurkeztu da. Europako finantziazio-programetara planteatutako beste jarduera batzuk hauek dira: bus elektrikoaren zerbitzua abian jartzea hiriaren erdigunearen eta Illunbeko aparkalekuaren artean; turismoko autobus elektriko bat erostea; Turismo Bulegoa digitalizatzea eta Parte Zaharrean Wimax – zuntz sarea hedatzea, denden garapen teknologiko eta digitala bultzatzeko; bisitari zein bertakoentzako zaldi esperientziak gozatzeko aukera Hipodromoan bideratzea;  eta, azkenik, Talent House 2rako dirulaguntza bat bideratzea, alor turistikoaren parte den heinean. Proiektu horiek bultzatzeko 7 milioi euroko dirulaguntza eskatzen zaie bi ministeritzei.

Eredu ekonomikoaren eraldaketa

Eneko Goia alkateak adierazi du Donostiak Europako funtsen deialdietarako aurkezten dituen proposamenak “sendoak eta ondo landuak direla, eta bat datozela klima-aldaketaren aurkako borrokarekin, eredu ekonomikoaren eraldaketarekin, Europar Batasunak adierazi duen digitalizazioarekin eta aberastasunaren sorrerarekin”.

Alkateak nabarmendu duenez, fondoak iritsiz gero “hiri hau lantzen ari den proiektuak bizkortu eta sendotu egingo ditu”. Beraz, Goiak esan du erreklamatutako jarduera-ildo guztiak ehuneko ehunean finantzatzen ez badira “horrek ez du esan nahi ez direnik egingo, baizik eta egutegian sartu beharko dutela eta aurrekontuaren erabilgarritasunera egokitu beharko dutela”.

“Udaletik argi daukagu zer bide egin behar den gure azpiegiturak eta gure sare ekonomikoa eraldatzeko eta modernizatzeko, bai eta klima-aldaketaren aurkako borrokan azkartu behar ditugun neurriak ere. Bide hori egingo dugu, eta Next funtsen babesak lagundu dezake lehenago eta hobeto egiten”, azpimarratu du.

Bestalde, Marisol Garmendiak nabarmendu du “anbizioa” dutela aurkeztutako hiri-proiektu horiek, eta horiek “oinarri sendoa dira datozen urteetako Donostiarentzat. Modernizazio bat da, hiriaren aldeko apustu bat, etorkizunari begira dagoena, honako hauek oinarri hartuta: jasangarritasuna, pertsonen eta garapen ekonomikoaren zerbitzura dagoen teknologia, lanpostu berriak finkatu eta sortzea, eta kultura, gastronomia, turismo berdea, enpresa-sarea eta berritzailea, eta beste hiri asko aintzat hartzen dituen hiri-mugikortasuna”, adierazi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube