Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/07/09

Zero emisioko autobus elektriko bidez eskainiko da aurrerantzean Hiribus zerbitzua

Patxi Amantegi Ingurumen zinegotzia: “Mugikortasun jasangarriaren bidean, garraio publikoa, indartu eta hobetu beharreko lan ildoa da; Tolosa Badabil Mugikortasun Plan Berriaren baitan, autobusaren ibilbide eta ordutegian aldaketak txertatzen joango gara eta dagoeneko Hiribusa MUGI sisteman txertatzeko lanean gabiltza, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin”
Zero emisioko autobus elektriko bidez eskainiko da aurrerantzean Hiribus zerbitzua

Tolosa herri jasangarriagoa bilakatzeko helburuaren baitan kokatzen da Legealdi Planean jasotako Hiribus elektrikoaren proiektua, estrategiko bezain garrantzitsua dena  eta dagoeneko martxan dagoena.

Gaur aurkeztu dute Egoitz Sorozabal Lurralde Arloko arduradunak, Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak, Imanol Rego Irizar  e-mobilityko zuzendari nagusiak eta Iñigo Azcona Irizar e-mobilityko  komertzial arduradunak Irizar ie tram autobus elektriko berria.

Sorozabalek nabarmendu duenez aldaketa klimatikoaren erronka globalari tokikotasunetik ere erantzun behar zaio; “urteak daramatzagu udalerri jasangarriagoa baten alde urratsak egiten eta bide horretan elektromugikortasuna eta trantsizio energetikoa jorratu beharreko lan lerroak dira, estrategikoak eta oso garrantzitsuak direnak guretzat”.

“Legealdi honetan, tokiko eremutik energia eta klima trantsizioari erantzuteko hainbat egitasmo, ekintza eta proiektu abiarazi ditugu, klima aldaketari modu integralean erantzuteko politika berdeetan sakondu behar dugulako, kutsadura murriztuko duten politika publikoak sustatuz, zentzu horretan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Plana garatzen ari gara, Mugikortasun Jasangarrirako Planean jasotako ekimenak gauzatzen, eguzki panelak ere jarri dira ferialekuan eta orain, %100 elektrikoa den autobus bidez eskainiko da Hiribus zerbitzua” azpimarratu du Sorozabalek.

Garraio publikoaren eta tokiko ekoizpenaren aldeko apustua

Tolosako hiri garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu berriaren baitan eskainiko da Hiribus zerbitzua zero igorpeneko autobus bidez.

Kontratu berria Autobuses Cuadra S.L. enpresari esleitu zaio 5 urtez eta kontratuaren barruan, Irizar e-mobility enpresak diseinatu, garatu eta ekoiztu du autobusa.

Patxi Amantegi ingurumen zinegotziaren hitzetan, “mugikortasun jasangarriaren bidean, garraio publikoa indartu eta hobetu beharreko lan ildoa da; horregatik, hasiera honetan ibilbideak, ordutegiak eta tarifak mantenduko badira ere, jada ari gara Mugikortasun Plan berriaren baitan jasota dauden neurriak aztertzen eta autobusaren ibilbide eta ordutegian aldaketak txertatzen joango gara herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeko eta Hiribusa MUGI sisteman txertatzeko lanean ere bagabiltza”.

Elektrikoa, irisgarria, modernoa, jasangarria

Autobusa erabat elektrikoa, 0 emisiokoa eta irisgarria da. Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “Irizar taldearen %100eko teknologiarekin diseinatuta dagoen autobusa Adunan, Europako lehen elektromugikortasun lantegian, ekoiztu da bertako talentuarekin”.

Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak Tolosako Udalari eta Autobuses Cuadrari eskerrak eman nahi izan dizkie tokiko ekoizpenaren alde egindako apustuagatik eta Irizar e-mobilityrengan jarritako konfiantzagatik “Harrotasunez betetzen gaitu gure autobus elektriko bat Tolosan operazioan ikusteak, gure lantegitik 12 kilometrotara” azpimarratu du. 

Ibilgailu moderno eta abangoardista da, tranbia baten ezaugarri estetikoak dituena. Autobusak 3 ate ditu, 21 eserleku, horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzako eta aulki gurpildunentzat eta ume kotxeentzat 2 gune ditu. Irisgarritasuna bermatuta dago, baita ere, arrapala sistemarekin.  Guztira 81 pertsona garraiatzeko gaitasuna du.

Ibilgailua ioi-litiozko Irizar bateriaz hornituta dago eta Jema Energyren 100kW-ko kargagailua du. Kargagailu honek hiru ordutan kargatuko du autobusa Combo 2 karga hartunearen bidez.

Kargarako puntua eta autobus aparkalekua MUBIL egoitzaren alboan

Autobus berria jasotzeko eta kargatzeko gunea MUBIL Elektromugikortasunaren zentro berriaren alboan kokatu da.

“Elektromugikortasunaren aldeko apustua, hein handi batean, erakundeon eskutik etorri behar du, eta Usabalgo eremu hau, hain zuzen ere, apustu eta konpromiso horren adierazlea da bertan daudelako kokatuta MUBIL zentro berria eta baita ere Hiribus elektrikorako kargarako puntua” esanez amaitu du Sorozabalek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube