Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/07/09

EAJ-PNV bermea da Irunek aurrera egin dezan

Talde jeltzaleak legegintzaldiaren lehen zatiaren balantzea egin du, eta Irungo Udaleko bigarren indar gisa laguntzeko prest dagoela azpimarratu du
EAJ-PNV bermea da Irunek aurrera egin dezan

Agintaldiaren erdia betetzen denean, hau da, 2019ko udal hauteskundeetatik bi urte betetzen direnean, Irungo EAJ-PNVko udal taldetik Irungo herritarrekin 2019-2023 legegintzaldiaren alor honen balorazioa partekatu nahi dugu. Urte hauetan, eta batez ere azken honetan, ustekabekoa izan den pandemia gogor bat bizi eta gainditu behar izan dugu. Gure bizitzan erabateko aldaketa eragin duen errealitatea.

Egoera honek legealdiaren hasiera dezente kolpatu du. Ondorioz, Irungo EAJ-PNVtik udal gobernua laguntzeko asmotan, proposamen sozial eta ekonomikoak mahai gaineratu ditugu hilabete hauen joan etorrian. Pertsonen osasuna eta bizitza babestea, eta Irungo hurrengo belaunaldien etorkizun sozial eta ekonomikoa sustatzea izan dira uneoro gure proposamenen ardatza.

Horregatik, 2021eko aurrekontuari dagokionez, hainbat arlori zuzendutako 63 proposamen aurkeztu genituen: Gizarte Ongizatea, Kultura, Tokiko Merkataritza, Ostalaritza, Hirigintza eta Obrak, besteak beste. Hala, Udalaren baliabide ekonomiko erabilgarri guztiak, 3.000.000 euro, gutxi gorabehera, martxan jarri eta aprobetxatzeaere proposatu genuen. Gure borondatea akordioa lortzea izan da beti. Iruni ahalik eta aukera onenakeskaintzea, beharrezkoak diren laguntzak eta proiektuak aktibatzea, kaltetutako sektoreei eta pertsonei behar bezala laguntzeko. Gure ibilbidea errepasatu besterik ez dago. Dozenaka proposamen eraikitzaile eta positibo.

Alabaina, Alderdi Sozialista eta Elkarrekin Podemos – Ezker Anitzaren arteko koaliziogobernu berriak, 2020. urtearen amaieran eratu zenak eta aurretiaz zeuden lerroak jarraitzen dituenak, ez zituen errekurtso guztiak aintzat hartu nahi izan, eta Irungo herritarren behar guztieibehar bezala erantzuten ez zieten aurrekontua onartu zuten. Bi talde politiko hauen arteko koalizioak ez gintuen harritu, agintaldiaren hasieratik praktikan ikusten ari ginena formalki martxan jarri baitzen besterik gabe. Hala ba, gobernuak nahiago izan zuen udalak egun oraindik dituen zorrak amortizatu zuhurtzia argudiatuz. Baina zer da zuhurtzia benetan? Une horretan bertan gehien behar dutenei laguntzea edo hurrengo urteetan ordaindu daitekeen zorra amortizatzea 

EAJ-PNVtik argi daukagu politiken erdigunea pertsona irundarren ongizatea eta hauen etorkizuna izan behar dela. Horregatik, haratago begiratzen dugu, eta Hiri Proiektu oso bat lantzen gabiltza. Abangoardista, berria eta etorkizunekoa. Proiektu desberdinak multzokatzen dituena; gure hiria zatitzen duen arraila behin betiko ezabatuko duen Via Irun osatuago bat, hirian Bidasoaren integrazioa, irundarrek ibaiaz gozatzeko aukera izan dezaten, Txenperenean kirol instalazio egokiak eraikitzea, turismo berdea sustatzea, mugikortasun iraunkorrago eta osoago baten aldeegotea, etab.

Udaletxeko bigarren indarra gara, pertsona askorentzat alternatiba bakarra, eta hala erakutsi ziguten duela bi urte babesa eta botoa eskaini ziguten 7.000 irundar baino gehiagok. Gero eta nabariagoa den euskarria eta bermea. Itxaroten hainbeste denbora daramaten arazoei eta pandemiak sortutakoei irtenbidea ematen hasteko unea da, etorkizunari begiratu eta inbertsio onuragarriak eta beharrezkoak planteatzeari utzi gabe. Babes sozialerako, lan duinerako eta etorkizunerako momentua da.

Azken batean, akordioaren alde lan egiten jarraituko dugu, planteamendu eta proiektu posibleen bidez, Irun berde, aitzindari eta jasangarriaren alde.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube