Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/06/11

Gipuzkoa berrabiarazteko unea da, pertsona orori babesa, lana eta etorkizuna bermatzen jarraitzeko

Aldundiak legegintzaldiaren lehen bi urteetako balantzea egin du; pandemiari aurre egiteko "itzelezko lan kolektiboa” nabarmentzeaz gain, ekonomia aktibatu eta desberdintasunak mugatzeko lurraldearen ahalmenetan “erabateko konfiantza” azaldu du diputatu nagusiak
Gipuzkoa berrabiarazteko unea da, pertsona orori babesa, lana eta etorkizuna bermatzen jarraitzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2023 legegintzaldiko lehen zatiaren balantzea partekatu du gaur lurraldeko sare sozioekonomikoarekin, Markel Olano diputatu nagusia buru duen gobernua osatu zela bi urte betetzen diren honetan. Kursaal jauregiko foyer-ean egindako kontu-emate ekitaldian, diputatu nagusiak nabarmendu du herritarrek “itzelezko lan kolektiboa” egin dutela COVID-19aren pandemiak gipuzkoarren bizitzan eta Gipuzkoako ekonomian eta gizartean izan dituen "efektu ezin gogorragoei" aurre egiteko garaian.

Hala ere, legealdiaren hasiera “bat-batean eta era lazgarrian” markatu duen errealitate horri aurre egiteaz gain, diputatu nagusiak nabarmendu du Gipuzkoak hilabete hauetan uztartu egin dituela "pertsonen osasun eta bizitzaren babesa” eta "datozen belaunaldien etorkizun soziala eta ekonomikoa bermatzeko apustu irmoa". Determinazio horren lekuko, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez, Olanok aurreratu duenez, 2023an Eskuzaitzetan (Donostia) ateak zabalduko dituzte Mugikortasun Berriko MUBIL Zentroak eta Aldaketa Klimatikoko Naturklima Zentroak, batetik. Bestetik, aurtengo udazkenean bertan jada martxan jarriko dute Euskararen Berrikuntza Laborategia eta Elkar Ekin Lanean enplegagarritasun estrategia, berriz, bete-betean indarrean izango da uztailetik aurrera. Azken egitasmo hau gauzatzeko, urtero-urtero hiru milioiko inbertsioa ziurtatu du Olanok, horrela, datozen hiru urteetan bazterkeria arriskuan dauden 3.500 laguni lanpostu duin bat eskaintzeko helburuarekin.

"Azken hilabeteak oso gogorrak izan dira Gipuzkoako gizarte osoarentzat eta, hala ere, ez dugu borroka horretan etsi. Orain, gure lurraldea guztion artean berrabiarazteko unea da, gure ekonomia eta gizartea eraldatzen jarraitzeko, desberdintasun sozialak geldiarazteko eta, gaurtik aurrera, hurrengo belaunaldien etorkizuna bermatzeko. Gizarte babesa, lan duina eta etorkizuna pertsona guztientzat. Oinarri horien gainean eraikitzen ari da Gipuzkoa bere etorkizuna ", adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusiak. Harekin batera hitza hartu du gaurko ekitaldia Jose Inazio Asensiok, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak.

Etorkizunean “konfiantza osoa”

Gipuzkoan bizi eta lan egiten duten pertsonekiko eta bertako eragileekiko “erabateko konfiantza” duela adierazi du Olanok, "lurraldearen dinamismoa, talentua eta gaitasuna" bultzada berri hori emateko gauza direlakoan. Xede horrekin, hain zuzen ere, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz gobernantza programa partekatua jarri du gizartearen esku, zeinetan dagoeneko 32 proiektu esperimental garatu diren gizarteko eta ekonomiako eragileekin elkarlanean. Aldi berean, herritarren 108 proiektu sustatu dira, adimen artifiziala, barne-ekintzailetasuna, adikzioen prebentzioa eta kontziliazio erantzunkidea bezalako alorretan, halako nola.

Diputatu nagusiak gizarteko eragile guztiak animatu ditu "konpromisoak hartzera, parte hartzera, lankidetzan jardutera eta bakoitzak bere hazia jartzera”. Izan ere, “talde-lanean oinarrituta, Gipuzkoak badu etorkizuna, zalantzarik gabe” baieztatu du Olanok, lurraldeko sare ekonomiko eta sozialeko 80 ordezkari ingururen aurrean, birusaren aurka ezarritako segurtasun-neurriak errespetatuz egindako ekitaldi batean. Ekitaldian foru kontseilukide guztiak egon dira, baita ere.

Zeregin horretan, berretsi duenez, Gipuzkoak "Europa osoan desberdintasun sozial txikienak dituen lurraldeetako bat" izateko bokazioa du, eta horrek, besteak beste, genero berdintasunean, hizkuntza berdintasunean eta lurralde barruko orekan aurrera egiten jarraitzea ere badakar. Azpimarratu du xede horrekin jarri dela abian, bereziki, “Elkar Ekin Lanean 2021-2023” enplegagarritasun estrategia, Gipuzkoan lanerako aukera inklusiboak ugaritzeko eta, hiru urtean, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako 3.500 lanpostu berri sortzeko. “Lana izatea bizi proiektu duin bat eraikitzeko bitartekoa da " erantsi du.

“Gipuzkoa aurreratu eta europar baten alde”

Bestalde, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, José Ignacio Asensiok, azpimarratu du Gipuzkoak lanean jarraitzen duela legealdiaren hasieran zehaztutako ibilbide-orrian: Gipuzkoa aurreratu eta europar baten alde lan egitea; ongizatearen, ekonomia berdearen eta enpleguaren Gipuzkoa baten alde. Eta bide horretan, Adinberri, Mubil edo Naturklima bezalako proiektuak direla adierazi du Gipuzkoa suspertzeko giltzarriak.

Bigarren diputatu nagusiordeak zahartzearen kudeaketa Gipuzkoaren bideragarritasunerako benetako erronka dela aipatu du, baita ere. Era berean, azpimarratu du beharrezkoa dela zainketaren arloaren hobekuntza Silver Economy sektorearen sustapenarekin bateragarri egitea; modu horretara, jarduera horiekin aberastasuna eta enplegua sortzeko. Honelakoa adierazi du honi buruz: “Adinberri zentroa, Pasaian kokatuko dena, izango da estrategia honen giltzarria”.

Klima-aldaketari buruz, Asensiok adierazi du ez garela “etorkizunaz ari, Gipuzkoaren orainaldiaz baizik”, eta Naturklimak ekonomia berdea bultzatzeko eta energia berriztagarriak zabaltzeko izango duen garrantzia azpimarratu du. Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko foru fundazioa bere instalazioak areagotzen hasi da, Zubietan kokatuta dagoen egoitza berriaren eraikuntzarekin, eta Europako Ingurumen proiektuak kudeatzeko tresna izango da. Proiektu horiekin 200 milioi euro erakartzea espero da Europako funtsetatik eta birziklatze-sektoreak 10.000 enplegu izatea espero  da 2030ean.

Asensiok estrategikotzat jo duen beste proiektuetako bat Mubil da. Urte honen hasieran Tolosan inauguratu zen behin-behineko egoitza, eta mugikortasun iraunkor eta adimentsuaren arloan lan egingo du. Ingurumen diputatuak adierazi du zentro hori erabakigarria izango dela garraio- eta automobilgintza-sektoreetan gertatzen ari den eraldaketa teknologiko handia aprobetxatzeko. Eta bide batez, Mubil Gipuzkoa mugikortasun elektrikoan nazioarteko erreferentzia bihurtzeko eta industriako lanpostuak bermatzeko baliabidea izango dela gaineratu du Asensiok.

Azkenik, Asensiok adierazi du abian diren proiektu guztien helburua gipuzkoarrak direla: “Gipuzkoaren etorkizunaren alde, adinekoen arretaren alde, kalitatezko enpleguaren alde eta gazteriaren etorkizunaren alde borrokan ari gara”, erantsi du.

Hildakoak gogoan

Bere lehen hitzaldian, Markel Olano diputatu nagusiak oso gogoan izan ditu gogoan COVID-19ren ondorioz hil direnak, gaizki pasatu dutenak eta gaixotasunarekin borrokan jarraitzen dutenak. "Kopuru horiek dira benetan axola dutenak", baieztatu du, Gipuzkoako egoitzetan hildako 323 pertsonen aipamen berezia eginez. "Bihoakie nire aitorpena Osakidetzari eta Gipuzkoako gizarte-zerbitzuei, bai eta birusari aurre egiteko zuen esku zegoen guztia egin duzuen entitate sozialei, elkarteei eta, enpresa industrialei ere. Pertsonen osasuna eta bizitza izan dira lehentasun nagusia azken urte honetan, eta hala izaten jarraituko du", gogorarazi du, “horri esker, gure lurraldean izan dugun hilkortasuna nabarmen txikiagoa izan baita beste lurralde batzuetakoa baino”.

Pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien artean, diputatu nagusiak Gizarte Zerbitzuen Txoke Planaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, plan horrek lau helburu nagusi lortzeko 100 neurri baino gehiago garatu ditu hilabete hauetan guztietan. Lehenbiziko helburua izan zen, aurrea hartzea birusaren hedapenari, eta, horretarako, COVID-19ko gaixoentzako erreferentziazko ospitale aitzindaria ezarri zen Donostian, Gurutze Gorriaren laguntzarekin, eta, geroago, Eibarko ospitalean eta Ordizian. Bigarren helburua prebentzioa izan da, besteak beste, 120.000 PCR prebentibo eginez hamar hilabetetan lurraldeko egoitza guztietan, agerraldiak saihesteko. Hirugarren xedea langileak eta erabiltzaileen hurbileko pertsonak babestea izan da, besteak beste materiala banatzeko zentro logistiko bat sortuz eta egoitzen lana sendotzeko ikuztegi industrial bat aktibatuz, bi ekimen hauek Gureak elkartearen elkarlanean gauzatuz. Azkenik, gardentasuna eta informazioa lehenetsi ditugu, egoitzekin eta udalekin batera sarean lan egiteko lankidetza guneak sortuz.

Esparru ekonomikoa izan da foru gobernuak azken urte honetan izan duen "kezka handienetako bat", diputatu nagusiak adierazi duenaren arabera. Horren lekuko dira 2020ko apirilean, konfinamendu betean, ekonomia eta enplegua babesteko martxan jarritako plana, 28 milioi euroko zuzkidurarekin, eta iaz enpresa, autonomo eta sektore kaltetuenen alde aktibatutako zerga neurri bereziak ere, 330 milioi euro inguruko eragina izan dutenak. Halaber, Olanok Ekonomia Indartuz Plana aipatu du, gauden 2021 urte honetan ekonomia eraldatzeko eta berrabiarazteko eratua. 95 milioiko aurrekontua du, pandemiak kaltetutako sektoreei laguntzeko (40,5M), berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko (29M) eta bide-azpiegituretan inbertsio berriak abian jartzeko (25,5M), zeinaren bitartez zenbait obra garrantzitsu jarri baitira martxan, besteak beste, Azkoitia-Urretxu errepidea berritzea,  Martutene edo 27. Poligonorako sarbide berria egitea eta Garraioaren Zentro Integrala.

Partaidetza egitasmoa

Gaurko ekitaldian, halaber, etorkizuneko erronketan sakondu duten hiru adituk hartu dute parte solasaldi labur batean. Kristen Dunlopek, European Institute of Innnovation and Tecnology erakundearen Climate-KIC ekimenaren arduradunak, Gipuzkoako gizarteak eta ekonomiak larrialdi klimatikoaren aurrean eman beharreko urratsak aztertu ditu; Nerea Urkola aholkularia, prestatzailea eta talde eta erakundeen hobekuntzan espezializatutako coach-a da, eta bere ikuspegia eskaini du lanaren alorrean ematen ari den eraldaketari buruz; azkenik, Maria Larrazak, Gureak taldeko marketing eta komunikazio arduradunak egungo testuinguruan enplegu inklusiboa sustatzeko beharraz mintzatu da.

Kursaalen egindako balantze-ekitaldiaz gain, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula ekimena abiarazi du gaur goizean bertan. Dinamika parte-hartzaile horrek lurraldeko eskualdeak zeharkatuko ditu uztailaren 8ra bitartean, eta herritarrei galdetuko die zer nolako balioak mantendu eta indartu nahiko lituzketen Gipuzkoako gizartean, 2040ra begira. Horrela, kapsula horretara hurbiltzen direnek Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko printzipio garrantzitsuenak zeintzuk diren adierazi ahal izango dute. Halaber, eguneroko bizitzan hartzeko prest dauden konpromiso bat eskatuko zaie, konpromiso hori urarekin kontaktuan loratzen den kapsula batean etxera eraman ahal izateko. Dinamika parte-hartzaile hau Gipuzkoan zehar ibiliko da, Gipuzkoak badu etorkizuna lelopean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube