Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/05/24

Azpeitiko Udalak "aukera paregabea” galdu duela iritzi dio Foru Aldundiak

Jabier Larrañagak adierazi duenez, Corrugados berriro irekitzeari uko eginez CL taldeak hartutako erabakia udal gobernuak eta alkateak izandako "blokeo jarreraren ondorio zuzena da".
Azpeitiko Udalak

Corrugados berriro Azpeitian irekitzeari uko egiteko erabakia "Udalak eta Nagore Akorta alkateak azken hilabeteetan izandako blokeo jarreraren ondorio zuzena" dela adierazi du gaur Foru Aldundiak. Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak aditzera eman duenez, udal gobernuak afera honetan egindako kudeaketak “berebiziko aukera galtzea” ekarri du: "Hasieratik eskua luzatu diogu Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, gure esku dagoen guztian, proiektua aurrera ateratzea errazteko. Behin eta berriz esan dugu garaiz geundela, eta irekiera egingarria zela, Udalak jarrera zuzentzen bazuen eta borondate politikoa erakusten bazuen. Tamalez, ez du horrelakorik egin, eta erabaki horrekin Azpeitian eta Urola Kostan ehunka lanpostu eta aberastasun sortzeko aukera paregabea alferrik galdu du", deitoratu du.

Diputatuak azpimarratu duenez, Corrugados berriro irekitzeko testuingurua "guztiz aldekoa" zen; izan ere, Eusko Jaurlaritzak "behin eta berriz adierazi du bideragarria zela ingurumen baldintzak betetzea, eta Foru Aldunditik, berriz, elkarrekin lan egiteko borondatea erakutsi genuelako ere hirigintzako plangintzaren esparruan jarraitu beharreko izapideak aztertzeko".

Horren harira, gogorarazi du Aldundiak "lantalde bat" sortzea proposatu ziela Udalari eta Nagore Alkorta alkateari izandako kontaktu guztietan, "Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko teknikariekin eta idazkariekin, zeuden aukerak partekatzeko. Eraikitzaileak izaten saiatu gara, eta behar beste aldiz biltzeko prest agertu gara, benetan merezi zuela uste baikenuen. Hala ere, Udalak ez du elkarrekin lan egiteko borondaterik erakutsi, eta ez du mahai gainean zituen alternatibak aprobetxatu nahi izan". "Beraz, -gaineratu du- aukera hori bertan behera utzi izanaren erantzukizun instituzional eta politikoa, eta galdutako enplegu eta aberastasunaren kostuarena, eurena baino ez da", gaineratu du.

Gipuzkoako industriaren sendotasuna "zaindu beharreko ezaugarria" dela azpimarratu du diputatuak, "funtsezkoa izan baita gaur egun dugun oparotasun, ongizate eta gizarte kohesio maila lortzeko. Etorkizunean lurralde industriala izaten jarraitu nahi badugu, aukera guztiak baliatu behar ditugu jarduera industriala eta enplegua berreskuratzeko, bai Azpeitian, bai Urola Kosta eskualdean, bai Gipuzkoan. Horregatik, ulertezina da Udalaren jarrera, are gehiago krisi-egoera batean, non Gipuzkoan ahalegin handia egiten ari garen enpleguari eusteko eta gure enpresa- eta industria-sarea indartzeko".

Larrañagak adierazi duenez, Corrugados berriro irekitzeak "oso eragin positiboa izango zuen Azpeitiko eta Urola Kostako ekonomian, eta eragin dinamizatzailea izango zuen eskualdeko enpresa askotan, enpresaren jardueraz baliatuko baitziren. Udalaren jarrera oso bestelakoa izatea gustatuko litzaiguke, baina zoritxarrez orain damutzea eta bakoitzak bere erantzukizunak hartzea besterik ez zaigu geratzen".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube