Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/04/29

EH Bilduk Corrugadosi buruzko txosten bat ezkutatu du 40 egunez

Azkenean, Azpeitiko EH Bilduk eta Alkateak eragindako asteetako atzerapenez, astearteko Osoko Bilkuran tratatu zen Corrugados-en jarduerari bide eman nahiaz, Euzko Alderdi Jeltzaleko herri ordezkariek aurkeztutako mozioa. Eta horrekin batera, baita, EH Bilduk aurkeztutako mozioa: justu kontrako bidetik jotzen duena.
EH Bilduk Corrugadosi buruzko txosten bat ezkutatu du 40 egunez

Larria iruditzen zaigu EH Bilduk eragindako atzerapena. Helburu bakarra izan duen jokabidea: Azpeitian ehundaka lan-postu berri sortzeko aukera ezohiko bezain harrigarria usteltzen uztea. Larria bezain harrigarria  EH Bilduren udal-gobernuaren jarrera itsua eta friboloa, EH Bilduk begiak ixtea aukeratu duelako, herrian makina bat jendek pairatzen duen beharrari ez ikusiarena eginez. Larria bezain zinikoa, bere kontra-mozioak dion bezala, “lanpostuak sortzeko aukerarik txikiena ere lantzeko duen prestutasuna” azaldu duelako, lotsagabe, lan-postu baten beharrez enpresari kurrikuluma bidali dieten ehundaka herritarrei aurpegira barre eginez.

EH Bilduk, bere gehiengoaren alper-harriaz onartu duen kontra-mozioa hitz hutsez jositako hutsalkeri hutsa besterik ez da: friboloa eta harrigarria, azpeitiar askorentzat ogibidea izan zitekeen aukera alferrik galtzeko ahalegin burugabean tematuta. Euzko Alderdi Jeltzaleko kideok nahiago genuke, oraindik ere, “izan zitekeen” horren ordez, atea zabalik mantenduz, “izan daitekeen” idatzi, baina EH Bilduk Azpeitian eraiki duen horma aurrez aurre dugula kontziente gara.

Larria iruditzen zaigu Osoko Bilkuran Alkateak gurekiko erabilitako jarrera prepotente eta mingarria. Oso larria, prepotentziaz blai, bere aldeko tesia mantentzen duen nolabaiteko txosten juridikoa eztabaida amaitutzat eman arte ez azaldu izana. Nahiz eta txostenak martxoak 17ko data izan. Hau da, berrogei egun kajoian gordeta, ezkutatuta. Bide batez, txosten hori sakonean aztertzeko asmoa dugula adierazi nahi dugu.

Baina, benetan mintzen gaituena ez da gu mindu nahi izana, EH Bilduren alkatetzaren eskuetan Azpeitia noraezean ikustea baizik. Edonola, Azpeitiko EAJ-PNVko gizon-emakumeok, gure herri-ordezkariekin batera, ez dugu erraz etsiko Corrugados martxan jartzeko aukerarik txikiena dagoen bitartean. Izan ere, bai gai honetan zein besteetan, aurrez aurre dugun EH Bilduren horma itsuak ez gaitu azpeitiarren onerako lan egitetik despistatuko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube