Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/04/16

Eneko Goiak erakundeen eta gizarte zibilaren indarrak batzearen alde egin du, etorkizuneko hiria eraikitzeko bide gisa

Donostiako alkateak adierazi duenez, garapen jasangarriko helburuak dira 2030erako Plan Estrategikoaren lan esparru nagusia.
Eneko Goiak erakundeen eta gizarte zibilaren indarrak batzearen alde egin du, etorkizuneko hiria eraikitzeko bide gisa

Donostiako alkateak eragile publikoen eta gizarte zibilaren arteko batasunaren aldeko apustua egin du gaur, 2030erako Plan Estrategikoa prestatzeko bide gisa. Goiak jakinarazi duenez, ekitaldi honen amaieran aurkeztuko dute plan hori.

Eneko Goiak Donostia 2030 hitzaldi zikloaren hasiera ekitaldian egin ditu adierazpenok. San Telmo Museoak eta Donostiako Estrategia Bulegoak antolatua da ziklo hori, eta apirilean, maiatzean eta ekainean izango da. Alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela etorkizunera begiratzea eta egun bizi dugun moduko uneetan ere lanean jarraitzea. Haren esanean, «garbi geratu da hiriek zer-nolako garrantzia duten etorkizuna eraikitzeko lanetan, pandemiak sortutako zurrunbilo bete-betean gauden honetan». Ildo horretatik, bereziki azpimarratu du 2030 Estrategia, zeina «modu partekatuan, elkarlanean, sektoreek esateko dutena entzunez eta kontuan hartuz» ari baitira prestatzen gaur egun. «Plan bat eduki nahi dugu, hiriak bere buruari jartzen dizkion erronkak eta helburuak zehaztuko dituena, eta, gainera, estrategia hori zenbateraino lortu den aldian-aldian ebaluatzeko adierazleak ere jasoko dituena», zehaztu du. 

Donostiako alkateak, zehazki, 2030eko hiri ereduaren diseinuari begira lantzen ari diren zortzi erronka nagusi eta zeharkako aipatu ditu: demografia, gizarte kohesioa/berdintasuna/balioak, eraldaketa teknologikoa eta digitala, ingurumen erronka eta klima aldaketa, hiriko bizi kalitatea, hiriaren nortasuna, etorkizuneko ekonomia eta COVID-19ak sortutako egoerak sorturiko erronka.

Gainera, gogorarazi du gaur egun hainbat proiekturen gaineko ibilbide orria gauzatzen ari direla: Urumea ibaia berroneratzea, hiria egituratzen duen arteria gisa; hiri mugikortasunaren eredua eraldatzea; kulturaren aldeko apustua sendotzea; Miramongo Teknologia Parkea areagotzea eta sendotzea; eta Donostia Lagunkoia eta halako proiektuak mamitzea, gizarte kohesioaren esparruan, besteak beste. Horri dagokionez, gaur egun indarrean dagoen 2020ko Estrategiatik ateratzen den hiriaren ikuspegia gogorarazi du Goiak, eta hiria hobetzen jarraitzeko eta bizigarriago egiteko apustua egin du. «Donostiarrak beren hiriarekin gustura eta harro egotea lortzen badugu, gai izango gara erakargarri izaten jarraitzeko, modu sendoagoan, jatorrizkoagoan eta propioagoan, gainera», gaineratu du.

Konpromisoa Garapen Jasangarrirako Helburuekin

Era berean, Eneko Goiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda ere izan du hizpide, eta adierazi du garapen jasangarrirako helburuak sustatuko dituela hiria aldatzeko esparru nagusi gisa. Horixe da, hain zuzen ere, 2030erako Plan Estrategikoaren erronka nagusietako bat, eta horren gainean oinarrituko dira gainerako helburuak, bai eta hurrengo hamarkadako hiri eredua diseinatzeko egiten ari den lana ere. Goia alkateak gaineratu duenez, lan esparru horrek hiri eta herritar gisa dugun konpromiso nagusia du ardatz: inor atzean ez uztea, alegia.

Alde horretatik, garapen jasangarrirako helburuen eta 2030 Agendaren oinarritik abiatuta, eta Eneko Goiak aipatutako erronkei erantzuteko, Kepa Korta Estrategia Bulegoko zuzendariak hiri eredu gazte bat marraztu du, talentua erakartzea eta atxikitzea sustatuko duena. Eta horretarako politikek bultzatuko dituzten alderdien artean aipatu ditu, besteak beste, etxebizitza eskuratzea, kalitatezko enplegua, jaiotza-tasa eta adinekoen parte-hartzea eta bizi-kalitate ona bultzatzea.

Donostia solidario izatearen aldeko apustua egin du, gizarte bazterkeriari aurre egiteko eta migratzaileak gizarteratzeko eredua bultzatzeko. Eraldaketa teknologikoan murgilduta dagoen hiria, hurbileko merkataritza digitalizaziora egokitzen laguntzeko ekintzak antolatuko dituena. Eta digitalizazio horretara egokiturik egongo da, Kortaren esanean, hiriko administrazio modernoa ere.

Besteak beste, Kortak azpimarratu du ingurumenaren arloan lan egiten ari direla hainbat esparrutan, hala nola klima aldaketara egokitzea, hiri garapen jasangarria lortzeko eredu berria, mugikortasunaren eraldaketa, energia kontsumoa murriztea, elikadura jasangarria sustatzea eta hondakinen kudeaketa.

Donostiako bizi kalitatearen erronkari emandako erantzunaren parte da hiria berritzea eta aukera espazioak sortzea, guztia ere auzoen, kirolaren eta musikaren aldeko apustu handia eginez eta kultura estrategia bat definituz. Horretaz gainera, Kepa Kortak euskara eta nazioartekotze estrategia azpimarratu ditu hiriaren nortasunaren parte gisa. Halaber, turismo eredu jasangarriaren aldeko apustua eta Zientzia eta Berrikuntzaren alorrean sortzen ari diren sektoreei bultzada ematea ere aitatu ditu, sektore ekonomikoan arretarik handien hartzen duten alderdien artean.

Azkenik, Estrategia Bulegoko zuzendariak azaldu du zer lan egiten ari diren COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko eremu guztietan, batez ere pandemiak gehien astindu dituen sektoreen erresilientziarekin loturik eta haiek birmoldatzeari eta indartzeari dagokionez, besteak beste.

Konferentzia osorik ikusteko:

https://www.youtube.com/user/museosantelmo/videos

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube