Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/03/17

Gipuzkoak “inoizko aurrekonturik sozialenak” izango ditu 2021ean, gizarte kohesioa babestu eta pandemia gainditzeko

“Kritika itxian soilik” geratzen direnen estrategiarekin kontrajarriz, Markel Olano diputatu nagusiak Elkarrekin-en eta PPren “akordiorako borondatea” azpimarratu du; “egungo larrialdi egoeran, are eta beharrezkoagoak dira akordioak”
Gipuzkoak “inoizko aurrekonturik sozialenak” izango ditu 2021ean, gizarte kohesioa babestu eta pandemia gainditzeko

Lurraldea COVID-19aren eragina zuzen-zuzenean pairatzen hasi zela urtebete betetzen den honetan, Gipuzkoak “inoizko aurrekonturik sozialenak” izango ditu, Batzar Nagusiek gaur goizean 2021eko foru aurrekontuak onartu ostean. Gisa horretan, Foru Aldundiak “tresna sendo” bat izango du eskura, osasun, gizarte eta ekonomia krisialdiaren ondorioei “eraginkortasunez” aurre egin ahal izateko eta, “gizarte kohesioa babestuz” pandemiaren eragina gainditzeko, Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez.

“Berri esanguratsua da gaurkoa, erakundearen gaitasun guztia garatzeko aukera izango baitugu 2021eko aurrekontu hauekin. Beste zenbait esparrutan sestra eta ezegonkortasuna gailentzen ari den bitartean, politika publiko sendoak garatzen jarraitzen dugu Gipuzkoan, gure jarduna elkar ulertzean eta elkarlanean oinarrituz”, gogoeta egin du Olanok. Diputatu nagusiak, testuinguru horretan, Elkarrekin Gipuzkoako eta PPko batzarkideen “akordiorako borondatea” azpimarratu du, “etenik gabeko eta erabateko kritika itxian” jarraitzen dutenen estrategiarekin kontrajarriz. “Oposiozira gerturatzeko ahalegin zintzoa egin dugu eta adostasunetara iritsi gara batzarkide talde guztiak, salbuespen batekin. Gaur egun bizi dugun larrialdi egoeran, are eta beharrezkoagoa da guztion arteko adostasuna eta elkarlana, baina batzuk kontrako norantzan tematuta jarraitzen dute eta hori kezkagarria da”, gaineratu du.

Izan ere, adostasunaren bila egindako lanaren ondorioz, 2021eko foru aurrekontuetan 30 erdibideko emendakin onartu dira Elkarrekin Gipuzkoarekin eta beste 16, PPrekin. Ekarpen horien bitartez, partidak indartuko dira bortizkeria matxistari aurre egiteko politiketan, mugikortasun jasangarrian, kolektibo zaurgarrienen gizarteratzean nahiz kulturgintzan, besteak beste.

Batzar Nagusietako osoko bilkura amaitzean egindako adierazpenetan diputatu nagusiak gogorarazi duenez, "pertsona zaurgarrienak krisialditik babesteko" eta ekonomiaren eta enpleguaren "susperraldia sustatzeko" egindako aurrekontuak izango dira 2021ekoak. 983 milioi euroko aurrekontu propioa izango du Aldundiak, hau da, 68 milioi euroko hazkundea aurreko ekitaldiarekin alderatuta (+% 7,4). Zifra honetara iristeko, foru erakundeak ahalik eta gehien aprobetxatu du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutako defizit-ahalmena; horri esker, 60 milioi eurotan aurreikusi den zerga-bilketaren jaitsierari aurre egin ahal izango dio Aldundiak, eta baliabide propioak 58 milioi eurotan handituko ditu.

Testuinguru honetan, batetik, “lehentasun nagusia” izango da “gizarte desberdintasunei aurka egitea”; horretarako inoizko "aurrekonturik sozialenak" izango ditu Gipuzkoak. Horregatik, Gizarte politiketako departamentuak 418,6 milioi euroko maximo historikoa izango du, hau da, aurreko urtean baino 19 milioi euro gehiago (+% 4,8). Gizarte politiketan biztanleko gastua 34 euro igo da aurreko urtearekin alderatuta, gipuzkoar bakoitzeko 600 eurora iritsi arte, eta horrek ere aurrekaririk gabeko errekorra suposatzen du. Atal honetan, “adineko pertsonen arreta” eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonen “lan munduratzea” indartzeko lan-ildoak garatu eta sendotuko dituela gogorarazi du diputatu nagusiak.

Bestetik, “ekonomiaren susperraldia” gauzatu dadin Aldundiak bere ekarpena egiteko “determinazioa” adierazi du Olanok. “Sektore kolpatuenei laguntzen jarraitzeko aukera emango digute aurrekontu hauek, baina baita ere gure enpresa ehunaren lehiakortasuna eta berrikuntza hauspotzekoa”. Hortaz, Ekonomia Sustapeko departamentuaren aurrekontua 115 milioikoa izango da, iaz baino %39 igoera izango du, alegia. Aipatutako bi helburu nagusi horiek gauzatu asmoz, datozen asteotan Ekonomia Suspertzeko Plana aurkeztuko dugu Foru Aldundiak, aurreratu duenez.

Amaitzeko, foru erakundeak lurraldearen geroa bermatzeko duen konpromisoari lotuta, Etorkizuna Eraikizi lotutako proiektu estrategiko nagusiek 35,7 miloiko zuzkidura jasoko dute. MUBIL, Adinberri, Naturklima eta Elkar Ekin lanean egitasmoek erakusten dute, Olanoren iritziz, gipuzkoar gizarteko eta ekonomiako eragileokin “elkarlana are eta gehiago estutzeko” unea dela, pandemiaren irteera “soziala, berdea eta digitala” izan dadin gure lurraldean. “Proiektu horiek pixkanaka-pixkanaka errealitate bihurtzen ari dira eta krisialditik ateratzeko helduleku garrantzitsua eskainiko digute”, laburbildu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube