Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/01/07

Hasi da Tolosatzen, keinu txikien herri aliantza: “Kontzienteki Bizi” da urtarrileko gaia

Tolosatzen Aliantzaren baitan, hilabete bakoitzak gai nagusi bat du. Urtarrilekoa “kontzienteki bizitzea” da. Tolosarrok egunerokotasunean gai horri lotutako keinu txikiak egitea da helburua, guztion artean Tolosa eta bertako herritarren etorkizuna eraikitzeko eta hobetzeko.
Hasi da Tolosatzen, keinu txikien herri aliantza: “Kontzienteki Bizi” da urtarrileko gaia

Urte berriarekin batera hasi da Tolosatzen Keinu Txikien Herri Aliantza. Hilabete bakoitzean gai jakin bati lotutako keinu txikiak egitea da helburua, herritar guztien artean Tolosan balio jakin batzuk indartzeko: solidaritatea, berdintasuna, jasangarritasuna, tokikotasuna, besteak beste.

Horretarako, egutegi bat osatu du udalak herritarrek proposatutako keinu txikiekin, tolosarrek hileroko gaiari lotutako keinuak egin ditzaten egunerokoan. Komunitate bat osatzen dugu eta keinu txiki horien bitartez herritar askoren bizimodua aldatu eta hobetu daiteke, komunitatean bat eginda, etorkizuna elkarrekin marraztuz, bakoitzaren begi eta begiradetatik abiatuta, herritar gisa ahalduntzeko, komunitate bezala indartzeko eta elkar zaintzeko.

Abenduan banatu zen egutegia Tolosako etxe guztietara eta Tolosako ikastetxeetan ere banatu da. Izan ere, ikuspegi pedagogikoa ere badu egutegiak, ariketa honetan parte hartuz, tolosarrok gure egunerokoan komunitatea eta herria sendotu eta hobetzeko keinu txikiak egingo baititugu, Tolosa hobe baten alde. Beraz, asmoa da tolosar ahalik eta gehienek parte hartzea, atxikimendua eta konpromisoa sustatzea, egunerokotasunean lagun artean, familian etab. egiteko ariketa modura.

Gobernantza eredu parte hartzailea, komunitatea indartzeko

Tolosatzen herri aliantzaren bidez, herritarrak Tolosako errealitatearen eredu eta eraikitzaile izatea sustatu nahi da, are gehiago egun bizi dugun egoeran. Herritarren parte hartzea eta inplikazioa ezinbestekoak dira Tolosa herri hobe batean bihurtzeko Tolosatzen Aliantzaren bidez, elkarrekin eta guztion artean, Tolosa hobe bat eraikitzeko.

Urtarrileko gaia: kontzienteki bizi

Urtarrileko gaia da “kontzienteki bizi”, orainean eta elkartasunean oinarritutako bizimodu lasaiago eta koherenteago bat sustatzeko. Horri lotuta, honakoak dira hilabete honetan praktikan jartzeko keinuak.

Nire inguruan eta sare sozialen bidez, oihartzuna emango diet itun honen parte diren keinuei:

  1. Lasaiago eta kontzienteago bizi. Koherentziaz bizi.
  2. Beste normaltasun bat lortzen lagundu.
  3. Inguruko pertsonei arreta eskaini.
  4. Whatsappa alde batera utzi eta hurbileko pertsonekin aurrez aurre geratu.
  5. Lagunekin lasai hitz egin.
  6. Enpatizatu, entzun eta gertutasuna sortu.
  7. Pertsonez fidatu.
  8. Pentsamendu kritikoa/eraikitzailea garatu.
  9. Gure egoera partikularretik haratago begiratu. Senidetasuna. Elkartasuna sustatu.
  10. Enpatizatu eta beste pertsonen egoerak zaindu.
  11. Bakarrik daudenei konpainia eskaini.
  12. Gutxiagorekin bizi, bizi-kalitatea hobetuta. Bizimodu sinpleagoa.
  13. Denbora baloratu.
  14. Nire printzipioen arabera jokatu.
  15. Bizitzaz gehiago gozatu.
  16. Kontzientzia hartu balio-eskala aldatzeko. Balioekiko koherentzia pertsonala.

Parte hartu webgunearen bitartez eta ezagutu zure konpromiso maila keinu txikiekiko

Udalaren webgunean Tolosatzen Aliantzari buruzko atal berezia sortu da eta bertan ikusi ahal izango dira hilabete bakoitzari lotutako keinuak, berriak ere proposatu ahal izango dira eta galdetegi hau betez jakingo duzu ea kontzienteago bizi izan zaren eta urtarrileko keinu txikiekiko zur ekonpromiso eta betetze maila zein den.

Modu honetara, hileroko gaiari lotuta tolosarron konpromiso maila ezagutzeko aukera izango da, komunitate eta herri modura ditugun indargune eta ahulguneak ezagutzeko eta zein esparru indartu jakiteko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube