Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/01/04

Andoaingo Udalak kultur programazio zabala osatu du 2021ko lehen hiruhilekorako

Txitxu Ruiz kultura zinegotzi jeltzalearen iritziz “kultura botika aproposa da COVID19ak sortu duen egoerari aurre egiteko
Andoaingo Udalak kultur programazio zabala osatu du 2021ko lehen hiruhilekorako

Andoaingo Udalak oso balorazio baikorra egiten du abendurako eta urtarrilerako prestatu den GABON GIROAN programazio bereziak herritarrengandik jaso duen harrera beroarekin. Zehazki, Bastero kulturgunetik 2.200 lagunetik gora pasa dira Eguberri hauetan, emanaldi gehienetarako sarrerak agortu direlarik. Txitxu Ruiz kultura zinegotziaren iritziz “kultura botika aproposa da COVID19ak sortu duen egoerari aurre egiteko” eta “benetan pozik” azaldu da “Bastero emanaldiz emanaldi beteta ikustean”. Programazioa larunbat honetan itxiko da NØGEN taldearen kontzertuarekin, eta saio honetarako ere sarrera guztiak agorturik daude.

Dena den, 2021 urte berrian ez da kulturarik faltako Andoainen. Ruizek aurreratu duenez “jarraipena eman nahi diogu dinamika honi, punta-puntako eskaintza erakargarria osatu nahi dugu, publiko guztien interesa pizteko”. Andoaingo Udalak hasieratik argi izan du “kultura beharrezkoa dela, baina kulturak ere guztion beharra duela, programatzaileetatik ikusleetaraino”.

Euskadiko Antzoki Sarearen parte den heinean, Musika Bulegoarekin elkarlanean, Bastero Kulturguneak bat egin du Eusko Jaurlaritzak finantzatutako BESTE BAT! Zuzeneko Arteen Zirkuituarekin. Honenbestez, finantzaketa gehigarri honek, posible egin du agenda asteburuetatik haratago ostegunetara hedatzea.

2 erakusketaz gozatzeko aukera izango da. Lehena, Leire Salaberria ilustratzaile andoaindarren lanari buruzkoa izango da, urtarrilak 12 eta otsailak 4 bitartean. Bertan, liburu eta karteletarako osatu dituen ilustrazioen bilduma zabala izango da ikusgai. Bigarrena, Jainkozaletasuna eta erlijio errituak Andoainen izenburupean, Udal Artxiboak eta Burdina Taldeak elkarlanean osatua, otsailak 8tik 27ra bitartean. Bisita ordutegia astelehenetik ostiralera 18:30-20:00 izango da, larunbatetan 10:30-13:00 goizez eta 18:30-20:30 arratsaldez. Igande eta asteartetan itxita.

Antzerki eskaintza zabala prestatu da urtarrila, otsaila eta martxorako. Helduen antzerkiari dagokionez Mauthausen gazteleraz (urtarrilak 15) ala estreinakoz ArteDrama-ren azken lana “Atzerrian lurra garratz” euskaraz (otsailak 19) izango dira ikusgai, azken honek programazioaren azalari irudia ematen dio. Aipatzekoa Arriaga edo Victoria Eugenia bezalako antzokietatik De Gernika a New York pasando por Berlin proposamena ekarriko dela Andoainera (martxoak 5), Jose Antonio Agirre Lehendakariak egin behar izan zuen erbeste bidaiari buruzkoa. Azkenik, Aitziber Garmendiaren Txanogorritxotik otso emera harreman afektiboei buruzko umorezko antzerki programatu da, emakume gazte baten bizipenetatik abiatuta (martxoak 11). Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.

Etxeko txikienek ere topatuko dute proposamen interesgarririk 2021 hasiera honetan. Alpha, lo egiteko ordua (urtarrilak 17, 17:00etan) edo Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en Amaren intxaurrak ikuskizuna, emanaldi bikoitzean (urtarrilak 23, 16:00 + 19:00etan). Aurrez bertan behera geratu zen Hansel eta Gretel ipuin klasikoaren ikuskizuna birprogramatu da (otsailak 7, 17:00) eta Anita Maravilas eta Portal 71 lagunen Kotondarrak (martxoak 14, 17:00).

Musikari dagokionez, indartsu irekiko da agenda Willis Drummond taldearen kontzertuarekin (urtarrilak 22), Korrontzi & Xabier Amuriza-ren koplariak emanaldian musika herrikoiaz gozatzeko aukera izango da (urtarrilak 28). Aurrez bertan behera utzitako Mozart-Bruch Connection kontzertua ere berriz programatu da (otsailak 4), Estibaliz Sistiaga (pianoan), Mikel Emezabal (klarinetea) eta Mikel Urdangarin (biolina) artista andoaindarren eskutik.

En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarrak Andoainen emanaldia eskainiko du Egingo dugu eztanda biraren barruan, eta gazteenek “zurekin batera” bezalako doinuez gozatzeko aukera izango dute (otsailak 5). Imanol Iribarren andoaindarren ALDAPEKO basque latin jazz taldearen emanaldiak, melodia eta erritmo ezberdinen fusioa eskainiko digu (otsailak 12). Tempora taldeak berriro asma nazazu lana taularatuko du (otsailak 25). Azkenik, Xabier Lete; gezur eta egia gurea emanaldiak itxiko du agenda (martxoak 26), bertan disziplina anitzetako artista ugarik omenaldia egingo diote Leteri. Musika emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube