Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/12/18

Talka-neurriak adostu ditu Eibarren EAJk PSErekin

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak 2021eko aurrekontuak adostu ditu PSE-EE PSOErekin, ur-tea amaitu baino lehen aurrekontua onartzeko eta talka-neurriak ahalik eta azkarren abian jartzeko
Talka-neurriak adostu ditu Eibarren EAJk PSErekin

“Ezohizko egoerek aparteko ahalegina eskatzen dute. Erabakietan asmatu beharra daukagu luzamendurik gabe”. Halaxe azaldu du EAJ-PNVren posizioa udal bozeramaileak, Josu Mendicute Rodriguezek. 2021erako aurrekontuetarako adostutakoaren mamia “talka-neurrietan datza, Covidaren ondorio sozial eta ekonomikoei erantzuteko borondatean, berreskuratzea helburu”.

Akordioak indartu egiten du gizarte babeserako sistema, sustatu egiten du inbertsioa eta hirigunea egokitzea. Aurrekontuan EAJren ekimenez sartuko diren neurrien artean daude ostalaritza sektorea egokitzeko sustapnea eta 2019ko hauteskunde egitasmoan aurkeztutako Aparkaleku Perimetralen Planeko lehena: Legarre auzokoa. “Bi alderdiak ahalegindu gara Eibarrentzat akordio on bat lortzen. Eta ahalegin are bereziagoa egin dugu akordioa ahalik eta azkarren lortzeko, aurrekontua urte amaiera baino lehen onartze aldera. Bizi dugun egoerari aurre egiteko egonkortasuna behar dugu erakundeetan, eta horretarako akordioak bilatzea da gure etengabeko ahalegina, batzen gaituena bilatuz, Eibarren onerako, hiri-ereduaren inguruan dauzkagun desberdintasunak desberdintasun”, azaldu du Josu Mendicute Rodriguez bozeramaile jeltzaleak. 

“Covidak baldintzatzen du egoera. Lehentasuna eman diogu aurrekontua urtea amaitu baino lehen onartzeari. Horrela, Udalak aurrekontua izango du urteko lehen egunetik buru-belarri lanean hasteko, gizarte babeserako politika publikoak indartuz eta pandemia-egoeran ekonomia berraktibatzeko neurriak abiatuz. Era berean, pausoak emango ditugu pertsonentzat pentsatutako hiria lortzeko, alor guztietan, baita hirigintzakoan ere. Horretarako, Aparkaleku Perimetralen Sareko lehen esperientzia gauzatuko dugu 2021ean”.

Legarre-Gain auzoan aparkaleku perimetrala egingo da, saihesbidetik auzora sartzeko bidean, 45 aparkaleku lortzeraino. “Auzoak daukan premia baretuko du, eta lehen eredu txiki bat izango da. EAJ-PNVk horixe bera egitea proposatzen du auzo guztietan, besteak beste, Ubitxa-San Kristobalen, Matsaria-Ibargainen, Fray Martín Mallean, Barrenan, Urkin edo Amañan. “Aparkaleku perimetralak egin beharra daukagu auzoetako eta erdialdeko trafikoa baretzeko eta autoek espazio gutxiago okupatzeko gure hiriguneetan”, azaldu du.

Aurrekontu akordioak hainbat neurri barnebiltzen ditu. Besteak beste, herritarren gutxieneko premiak asetzeko, langabetu eta pentsiodunentzat diru-sarrerak areagotzeko, nagusientzako laguntza zerbitzurako, diru-sarrera txikiko familiei eskola materialaren erosketa laguntzeko, Eibarko kantuak ezagutzera emateko hiriaren 675. Urteurrenean, Eibar-Sahara elkartearen dirulaguntza bikoizteko eta hasieran aurreikusitako murrizketak ekiditeko Ronin, Odisea, AEK eta …eta Kitto! elkarteei. 

Ostalaritza erreskatatzea

Kuantitatiboki neurri handia du ostalaritza sektorea egokitzeko indarrean jarriko den dirulaguntza. Udalak 500.000 euro bideratuko ditu egokitzapen-inbertsioak sustatzeko. EAJk behin eta berriro proposatu du neurri hori apiriletik hona. Helburua da modu seguruan lan egiten laguntzea. Hainbat hilabetez proposamena behin eta berriro egin ondoren, jeltzaleek sozialisten babesa lortu dute eta diruz lagunduko dira, besteak beste, terrazak hobetzeko eta handitzeko inbertsioak, etxera eramateko beharrezko inbertsioak eta lokalen aireztatzea hobetzekoak. Neurri horrekin batera, jeltzaleek espero dute terrazen ordenantza berehala aldatzea, aparkalekuetan terrazak jarri ahal izateko. Gainera, akordioaren bidez, ostalaritza elkartea sortzea bultzatuko da.

Hala ere, beste hainbat neurri adostu dituzte. Besteak beste, tokiko merkataritzaren online denda abian jartzea, dendari eta tabernarientzat formakuntza eta aholkularitza, hala nola Eibarren erosketak egiten dituztenei maskarilak doan ematea. Horrez gain, akordioak beste dirulaguntza bat ere jaso du, 10 langiletik beherako enpresei likidezia emateko. “Helburua da etorkizuna daukaten enpresek ez ixtea unean uneko egoeraren ondorioz”, azaldu du zinegotzi jeltzaleak.

“Luzamenduak herriaren kalterako dira”

Udalak aurten aukera izango du, aurreko urteetan egin ez duen bezala, aurrekontua dagokion epe barruan onartzeko, jeltzale eta sozialistek akordioa garaiz lortzearen ondorioz. Osoko bilkura abenduaren 30ean dago aurreikusita. Talde jeltzaleak balioa eman dio albiste horri. Izan ere, aurreko urteetan hainbat hilabetez luzatu dira Udalaren laguntzak, hain zuzen ere, aurrekontua berandu onartzearen ondorioz. “Politikarien arteko tira-birak dirudite, baina ez. Aurrekontua garaiz onartu beharra dago. Bestela, kalteberenek jasaten dituzte kalteak”, ohartarazi du Mendicutek. Hori dela eta, uste du akatsa zitekeela negoziazioan luzamendutan aritzea. “Gure helburua izan da aurrekontu akordio on bat lortzea ezarritako epeen barruan. Eta ahaleginak merezi izan du”. 

Bat egiteko deia Bilduri

Bozeramaile abertzaleak Udaleko gainontzeko alderdiei dei egin die akordioarekin bat egin dezaten. “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Eta horretarako, proposamenak egi bihurtzeko, akordioak behar dira. EAJk eta PSOEk lortutako akordioak egungo premiei erantzuten die. Ona litzateke Bilduk ere ariketa hori egitea”, gonbidatu die. “Ezker abertzaleak Espainiako Gobernuaren aurrekontuak onartu ditu. Jarrera beretsua eskatzen diogu Udalean, aldundietan eta Jaurlaritzan. EAJ-PNVk beti egin du ahalegina akordioak lortzeko, alderdikerien gainetik herritarren beharrizanak jarriz. Uste dut 2020a urte gogorra izan dela, eta bizi dugun egoerak guztion ardura eskatzen duela”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube