Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/11/20

EH Bilduk egiten duen pandemiaren ondorio latzen erabilera politiko alderdikoia salatu du EAJ-PNVk

“Lehen agerraldian itxiera osoaren alde egiten zuen eta orain, bigarren agerraldian, neurri murriztaileak hartu direnean, ez ditu babesten. Hipokresia eta erabilera politikoa baztertu eta elkarlanerako momentua da, ez da batere koherentea egun batean gauza bat eskatzea eta hurrengoan kontrakoa, interes alderdikoiak gizartearen beharren gainetik jarrita”.
EH Bilduk egiten duen pandemiaren ondorio latzen erabilera politiko alderdikoia salatu du EAJ-PNVk

Oñatiko EAJ-PNVk bere elkartasuna adierazi nahi izan die covid 19ak sortutako krisiaren ondoriorik gogorrenak pairatzen ari direnei, lehenik eta behin, osasuna eta kasurik larrienetan bizia ere galdu dutenei eta beren senitartekoei, baina baita gaitzari aurre egiteko hartu beharreko neurrien ondorioz beren jarduera etenda edo murriztuta dutenei edota ERTE egoeran edo langabezian geratu direnei. “Begi-bistakoa da garai zailak bizitzea tokatu zaigula, ez soilik Euskal Herrian, baita mundu mailan ere, pandemia eragin duen gaitzarengatik eta baita bere ondorio ekonomikoengatik ere” diote jeltzaleek  “garai zailok ez dira halere guztiontzat berdinak eta bereziki sufritzen ari direnei gure elkartasuna, babesa eta konpromisoa adierazi nahi diegu”.

Pandemiaren eraginik latzena covid-19ak eragindako heriotzak dira eta horiek murrizteko era bakarra gaitzaren transmisioa geldiaraztea da EAJren ustez eta horren aurrean neurriak hartzea ezinbestekoa izan da jeltzaleek azaldu dutenez, “osasuna lehentasun izanik hartu beharreko erabakiek, ordea, ondorio ekonomikoak ere eragin dituzte eta hor daukate jarrita fokoa momentu honetan euskal erakundeek, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Aldundiek eta baita Udalek ere”. Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, “Oñatiren kasuan, udal gobernuarekin elkarlanean aritu gara oposiziotik, ulertuta, egoera honetan guztiok egin behar dugula ahalegina eta elkarlana sustatzea ezinbestekoa dela, izan ere, oposiziotik eraikitzea ere posible dela uste dugu eta ez dugu uste kritika hutsean gelditzeko momentua denik, ez da hori herriak behar duen oposizioa” azpimarratu du Galdosek.

Hala, EH Bilduren jarrerarekin harrituta azaldu dira jeltzaleak erakunde guztiak erabiltzen dituztelako EAJri “oposizioa” egiteko, baita gobernatzen dituztenak ere “EH Bilduren udal gobernuak aditzera eman nahi du berak Oñatiko Udaletik bere esku dagoen guztia egiten duela eta ez Eusko Jaurlaritzak eta ez Aldundiak ez dutela ezer egiten. Hori, gezurra izateaz aparte, pandemiak ekarritako egoera hain lazgarri honen erabilera politiko alderdikoia egitea da, batere eskrupulurik gabe gainera” dio Oñatiko EAJk. EH Bilduk lehen agerraldian itxiera osoaren alde egiten zuela eta orain, bigarren agerraldian, neurri murriztaileak hartu direnean, ez dituztela babesten salatu dute gainera jeltzaleek, “hipokresia eta erabilera politikoa baztertu eta elkarlanerako momentua da, ez da batere koherentea egun batean gauza bat eskatzea eta hurrengoan kontrakoa, interes alderdikoiak gizartearen beharren gainetik jarrita” aldarrikatu du EAJk. Oñatiko EAJk oñatiar guztien alde lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du “leialtasunez eta zintzotasunez” eta konpromiso hori alderdi mailan Euskal Herri osorako konpromisoa dela ere nabarmendu du “gure lehentasuna herritarrak dira, bai gobernutik eta baita oposiziotik ere eta herritarrentzako lanean jarraituko dugu” dio Galdosek.

Hori guzti hori aintzat hartuta ondorengo berehalako neurriak proposatu dizkio alkateari Oñatiko EAJ-PNV udal taldeak ostalaritzari laguntzeko:

Aurrekontuen lanketaren baitan jada EAJ- PNVren udal taldeak EHBilduren udal gobernuari proposatutakoak:

  • Ostalaritzan eta merkataritzan, COVID 19ak eskatzen dituen neurrietara egokitzeko inbertsioak laguntzeko diru-lerroa (estufak, karpak, manparak).
  • Merkataritza eta ostalaritzaren digitalizaziorako formakuntza programa.

Berriak:

Ostalaritza eta ostalaritzari lotutako jarduerei  (upategi, hornitzaile, banatzaileak…) Itzuli beharrik gabeko dirulaguntza finkoa jardueren eteteak sortutako ondorio ekonomiko kaltegarriak arintzeko, enpresa-betebeharrak betetzeko, enpresa-jarduerari eta enpleguari eustea erraztuz. Horrela, honako kontzeptu hauek finantzatzeko laguntzak proposatzen ditugu: Jarduerari atxikitako lokalaren errentamendu-errentei dagozkien hileko kuotak/Jarduerari atxikitako lokala erosteko emandako hipoteka/maileguari dagozkion hileko kuotak (printzipala itzultzea soilik, interesak kenduta); enpresa-jardueraren garapenarekin zuzenean lotutako hornidurak: komunikazioak (telefonia, Interneterako konexioa), ura, elektrizitatea, etab.; enpresa-jarduera garatzeko nahitaezko aseguru-kuotak (itxiera ezarritako gauzatze-aldiari egotz dakiokeen zati proportzionala, hala badagokio); autonomoen/mutualitate profesionalen kuotak, enpresaren konturako gizarte-aseguruak.

  • Autonomoak eta langilerik gabeko mikroenpresak: 1.000 €
  • Autonomoak eta mikroenpresak, gehienez 5 langile: 2.000 €
  • Establezimenduetako terrazetan mahaiak handitu ahal izateko irisgarritasun-arauak berrikustea, eta bere kasuan, obra-lizentziak arintzea.
  • Sei hilabetez negozioa ireki gabe egon ondoren jarduera-lizentziak ez kentzea.
  • Herriko taberna eta jatetxeetan kontsumoa bultzatzeko bonuak.
  • Ostalaritzarako lan-mahai sektoriala sortzea.
  • EH Bilduk Igotako zerga (Ondasun higiezinen gaineko zerga (IBI), Jarduera Ekonomikoen Gaineko zerga eta ibilgailuen gaineko zerga) eta tasak jaitsi eta izoztea.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube