Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/11/18

EAJ-PNV Udal taldeak merkatari eta ostalariei emandako hitza betez dirulaguntza zuzenak emateko eskatu dio udal gobernuari

“Pankarta baten atzetik elkartasuna erakusteaz harago, uste dugu bakoitzak bere eskuetan dagoena eginez erakutsi behar duela elkartasun hori eta kasu honetan udal gobernuaren esku dago diru-laguntza horiek ematea, gure aldetik behintzat ez dute oztoporik aurkituko eta erabat babestuko ditugu”
EAJ-PNV Udal taldeak merkatari eta ostalariei emandako hitza betez dirulaguntza zuzenak emateko eskatu dio udal gobernuari

Pandemiaren lehen oldetik errekuperatu ez diren honetan, bigarren oldearen eraginak pairatzen ari dira bai merkatari eta bai ostalariak, azken hauek bereziki oraingoan. Hori aintzat hartuta, Ordiziako EAJ udal taldeak eskaera aurkeztu berri du udalean, lehen oldean udal gobernuak merkatari eta ostalariei hitz eman eta oraindik ere banatu ez diren diru-laguntzak ahal bezain laster bana ditzan. “Merkatari eta ostalarien bidez jakin dugu udal gobernuak, eta zehazkiago alkateak, 1.000 euroko diru-laguntza zuzenak hitz eman zizkiela bai merkatariei eta bai ostalariei uda aurretik bi sektoreekin egin zituen bileratan” azaldu dute jeltzaleek. EAJ udal taldeko ordezkariek argitu dute, udalean ofizialki ezer jakinarazi ez bazaie ere, udaletik kanpo alkatearekin izandako elkarrizketatan diru-laguntza horiek aipatu direla. Horiek horrela, ahal bezain laster, hitz emandako diru-laguntza horiek banatzeko oinarriak atera eta emandako hitza betetzeko eskaera aurkeztu du udal talde jeltzaleak.

Diru-laguntza zuzenen inguruko eskaeraz gain, bonuen inguruko eskaera ere egin du EAJk udal taldeak, izan ere, tokiko ekonomia suspertzeko, herrian bertan kontsumitzeko bonuak kaleratzeko asmoa ere azaldu zuen udal gobernuak, udan lehen ekinaldian eta gabonen inguruan bigarren ekinaldi batean. Lehenengo ekinaldirako 93.000 euroko kopurua osatzen zuten bonu sorta kaleratu zen eta horietatik 35.755 euro baino ez dira gastatu. EAJ udal taldeak azaldu duenez, bigarren ekinaldirako beste partida bat jarri ordez, lehenengoan gastatu ez den kopurua kaleratu nahi du udal gobernuak bigarren ekinaldian, lehenengoan erabilitako sistema berarekin.

Lehenengo ekinaldiak izan duen arrakasta falta aintzat hartuta, sistema aldatzeko eskatu du EAJ udal taldeak eta baita bonuen bigarren ekinaldirako partida propioa erabiltzea eta lehenengo ekinaldian erabili ez dena herriko ekonomia suspertzeko ekintzetara bideratzea ere. “Hasieran ateratako bonu sorta etxeetara banatu zen, ordiziarrek Ordiziako dendetan kontsumitzeko” azaldu dute jeltzaleek “bonu ugari geratu da erabili gabe eta bigarren bonu sorta banatzeko irizpide berak erabiltzea ez zaigu egokia iruditzen” jarraitu dute. EAJ udal taldearen ustez, ordiziarren artean banatzeaz gain, dendatan bertan banatzeko aukera egokia izan liteke, izan ere, Ordizian erosten duten bezero asko ez dira ordiziarrak. “Tradizionalki inguruko herrietatik etorri izan dira erosle ugari Ordiziara, azokara eta baita dendatara ere”  diote jeltzaleek “horregatik uste dugu bezero horiek sustatzea ere beharrezkoa dela gure herriko jarduera ekonomikoari eusteko”.

Laburbilduz, tokiko ekonomiari laguntzeko 3 lerro landu beharra dago EAJ udal taldearen ustez, diru-laguntza zuzenak, zeharkakoak eta kontsumoa sustatzeko bonuak. Zeharkakoak jarri zituen martxan udalak, zerga eta tasetan aplikatutako hobarien bidez eta horiek aplikatzen jarraitzea beharrezkoa da EAJren ustez, momentu bakoitzeko egoerara moldatuta. Diru-laguntza zuzenak hitz eman bai, baina ez dira martxan jarri eta jeltzaleek ezinbestekoa dela uste dute lerro hori ere martxan jartzea. Azkenik, bonuei dagokienez, martxan jarri badira ere, lehenengotik sistemarekin asmatu ez denez, bigarren ekinaldian sistema hobetu beharra dago jeltzaleen iritziz.

“Gainerako erakundeek bezalaxe, Ordiziako Udalak ere diru-laguntzak ematea beharrezkoa ikusten dugu, guztiok gure alea jartzea ezinbestekoa delako” azaldu du EAJ udal taldeak. “Kasu honetan, gainera,  dituzten beharrak artatzeaz harago, hitza betetzeak ere badu bere garrantzia, herritarrek erakundean duten konfiantza gal ez dezaten” jarraitu dute jeltzaleek. “Pankarta baten atzetik elkartasuna erakusteaz harago, uste dugu bakoitzak bere eskuetan dagoena eginez erakutsi behar duela elkartasun hori eta kasu honetan udal gobernuaren esku dago diru-laguntza horiek ematea, gure aldetik behintzat ez dute oztoporik aurkituko eta erabat babestuko ditugu” amaitu dute EAJ udal taldeko kideek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube