Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/07/07

I+G+b-ren aldeko apustua sendotu behar dugu gastronomiaren sektorean dugun pribilejiozko posizioari eusteko

LABe erreferentziazko zentrora egindako bisitan, Euskadik ostalaritza babesteko “urjentziazko neurriak”, eta desafio teknologikoari erantzutea ahalbidetuko duten berrikuntza politikak uztartu behar dituela adierazi du Bakartxo Tejeriak
I+G+b-ren aldeko apustua sendotu behar dugu gastronomiaren sektorean dugun pribilejiozko posizioari eusteko

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak gaur azpimarratu du gastronomia “esparru estrategikoa” dela Euskadiren etorkizunerako, eta sektorea bultzatzen jarraitzeko deia egin du, “mundu mailan erreferentzia izatera eraman gaituzten bikaintasunari eta tokiko produktuarekiko konpromisoari eutsiz, baina baita I+G+bren aldeko apustua eginez eta ekimen aitzindariak martxan jarriaz ere, pribilejiozko posizio hori mantendu ahal izateko”. Nabarmendu duenez, ezinbestekoa da “ostalaritzaren sektoreari gaur egungo une zailotan arnasa emango dieten neurriak hartzea, jarduera eta enplegua mantentzea lehentasun gisa hartuta”, baina ahaztu gabe “epe ertain-luzea, izan ere, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza dira bermerik onenak COVID-19aren ondorengo testuinguruan lehenbailehen errekuperatzeko”.

LABe, Donostiako Tabakaleran kokatzen den gastronomia digitalaren inguruko erreferentziazko zentroaren instalazioetara eginiko bisitaren baitan egin ditu Tejeriak adierazpen horiek. Gipuzkoako Foru Aldundia Donostiako Udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Basque Culinary Center-ekin eta sektoreko beste eragileekin martxan jarritako ekimena da LABe. Gastronomiari lotutako digitalizazioan eta teknologietan burutzen du bere jarduera, esperimentazioa eta berrikuntza ardatz dituela, gastronomia sektoreko eragile guztien gaitasunak indartze aldera. Berrikuntza laborategiak, sukalde esperimentalak, eta espazio gastronomiko aitzindari bat hartzen ditu bere baitan, eta proiektu berrien eta I+G garapenen ekintzailetza ere jorratzen ditu esparru horretako enpresekin elkarlanean. 

“Une zailotan, Euskadi eraikitzen, eta gure ehun sozioekonomikoaren erronkei erantzuten jarraitzeko behar ditugun balioak islatzen ditu LABek: lankidetza, berrikuntza, talentua eta ekiteko gaitasuna”, adierazi du hautagaiak. Berarekin batera, bisitan parte hartu dute ere Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako sailburuak eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura politikako sailburuordeak, ordezkari instituzionalen artean; Joseba Egibar GBBko presidenteak; edo Kerman Orbegozo eta Irune Berasaluze Gipuzkoako hautagai jeltzaleek.  

Tejeriak gogorarazi du “lehen mailako erakargarri turistikoa” dela gastronomia, “Euskadi munduko erakusleihoan kokatzen duena”, eta baita “enplegua sortzen duen jarduera garrantzitsua ere”.  Turismo gastronomikoak soilik, BPGaren % 3 baino gehiago hartzen du, eta 2.300 lanpostu zuzen sortu. Elikaduraren balio katea aintzat hartuz gero, berriz, BPGaren % 10 baino gehiago hartzen du bere baitan, eta 96.000 enplegu inguru sortu Euskadin. “Askotan, Michelin izarren distirari baino ez diogu erreparatzen, goi sukaldaritzari, alegia, baina ezin ditugu ahaztu gure ekosistema gastronomikoa osatzen duten eragileak ere: gure baserritar eta arrantzaleak, hau da, lehen sektorea; formakuntza zentroak; elikagaien eraldaketan eta banaketan aritzen diren enpresak; sukaldaritza osagaien industria, gurean pisu handia duena; ostalariak… kate oso bat, aberastasuna eta ongizatea ekartzen dituena. Horri erantsi behar zaio gastronomiak lotura estua duela gure kulturarekin eta nortasunarekin”, esan du.

Tejeriaren arabera, sektore honetan ere “sekulako indarrarekin” egin du agerpena teknologiak. “Balio kate guzti horri eragiten dio, bai ekoizpenari, bai eraldaketari, eta baita, noski, jatetxe eta establezimenduek bezeroei ematen dieten arretari zein horien kudeaketari”. Hori horrela, Euskadik ezin du “lozorroan erori; aitzitik, indarrean datorren olatua hartu behar dugu gure nazioarte mailan dugun abangoardiazko posizioari eutsi ahal izateko, gero eta lehiakorragoa den merkatu batean, gure gastronomiak berezkoa duen esentzia galdu gabe”, beti ere. Gaineratu duenez, euskal gastronomia erakargarri handia du “mantendu egin behar dugun bisitari perfil jakin batentzat, Bisitari horiei eutsi behar diegu behin pandemia gaindituta, hori oso lotuta dagoelako bultzatu nahi dugun kalitatezko turismo eredu jasangarriarekin. Modu bakarra dago horretarako: bikaintasunaren eta modernitatearen aldeko apustuarekin jarraitzea”.

Epe laburrean, bertakoarekiko konpromisoaren aldeko deia egin du, “tokikoarekiko, gurearekiko. Gure merkataritza txikia, gure ostalaritza eta gure lehen sektorea babesteko garaia da. Hilabete hauek erabakigarriak dira negozio askoren biziraupenerako, horietako gehienak txikiak, eta beraien jarduera osasun exijentzietarako egokitzeko ahalegin txalogarria egiten ari direnak. Gure kontsumo erabakiak, eta gertuko turismoa, tresna ahaltsua dira denok atera gaitezen aurrera, atzean inor utzi gabe”.

Ildo horretan, “erabateko lehentasuntzat” jo du ostalaritza babestea. Esparru horretan, krisialdiaren aurretik, 14.000 establezimendu inguru zeuden Euskadin. “Herritarren mugimenduek eta jarduera ekonomikoak izan duten murrizketen poderioz, gehien zigortutako jardueretako bat izan da, eta jarraitu behar dugu ETEn eta autonomoen beharrei erantzuten, batez ere. Orain arte, lanean aritu gara erakunde guztiak haiei likidezia, eta osasun protokoloen betekizuna errazteko, eta datorren legealdirako helburua izango da enplegu guztia berreskuratzea, sektorearen susperraldia eta dinamizazioa jorratuz”. Amaitzeko, Tejeriak azpimarratu du, helburu horrekin, EAJren hauteskunde programak 11 lan ildo zehatz aurreikusten dituela, horien artean daudelarik profesionalizazioa eta formakuntza, digitalizazioa eta lehiakortasuna, turismoarekiko sinergiak, edo Kontsumobideren egokitzapena.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube