Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/05/11

Hiria “errealitate berrira” egokitzeko plana aurkeztu du Eibarko EAJ-PNVk

Hirigune osoan oinezkoentzako guneak berehala zabaltzeko proposamena aurkeztu dute. Negozioak egokitzeko eta kontsumoa areagotzeko kanpaina ausart bat mahaigaineratu dute.
Hiria “errealitate berrira” egokitzeko plana aurkeztu du Eibarko EAJ-PNVk

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak Talka Plana aurkeztu du, hiria errealitate berrira egokitzeko. Planaren helburua da politika sozialak eta ekonomiaren garapenekoak indartzea, eta kale guztietan oinezkoentzako guneak zabaltzea, autoak gune perimetraletara eramanez. 

Talde jeltzalearen ustez, Udalak ahalegina egin behar du pertsonen arteko distantzia fisikoa ahalbidetzeko. “Osasun publiko kontua da, eta ezinbestekoa baita ere merkataritzak eta ostalaritzak funtziona dezaten, eta hori ez da erraza egungo egitura urbanistikoan”, azaldu dute. Hori dela eta, Kalbetoi eta Zuloagatarren arratsaldero oinezkoentzako gune izatearen alde egin dute, eta Toribio Etxeberrian, goizez, karga eta deskarga lanetarako mugatzea autoen sarbidea. Gainera, hamar kaletan errepidea estutuz edo aparkalekuak kenduz espaloiak zabaltzea proposatu dute: Errebal, Bidebarrieta, Julian Etxeberria, San Juan, Arragueta, Ibarkurutze, Isasi, Sostoatarren, Urkizu eta Bista Eder kaleetan proposatu dituzte espaloien zabaltzeak. 

Beste hainbat lekutan, espaloiak behar beste zabaltzeko zailtasunak daudenetan, norabide bakarreko espaloiak ezartzea proposatu dute, pertsonak gurutzatzea ekiditeko: Urkizu (parkearen perimetroko espaloia), Arragueta, Karmen, Barrena, Ifar kale, Romualdo Galdos, Juan Gisasola, Armagin, Urki, Txantxa Zelai, Errekatxu, Isasi, eta baita N-634 saihesbideko pasealekuan. 

Proposamenaren ondorioz galduko diren aparkalekuek sor dezakeen arazoari aurre egiteko, aparkaleku perimetralen gauzatzea azkartzea eskatu dute (Ubitxan, Legarren eta Jardiñetan), eta Matsarian berehala egonaldi luzeko aparkalekua egitea pabiloien garajeetan. Horrez gain, aldi baterako aparkalekuak gaitzeko aukera jarri dute mahai gainean: Urkiko eta Amañako eskoletan, Txantxa Zelaiko parkean, supermerkatuekin akordioak lortuta edo hutsik dauden lurzoruak erabilita. Gainera, Errebaleko garajeak amaitu eta, ekipamendu osoa amaitu gabe egon arren, garajeak lehen bailehen irekitzea eskatu dute. 

Eibarko Udaleko bozeramaile jeltzaleak, Josu Mendicute Rodriguezek, adierazi du neurri horiek beharrezkoak dela “nahiz eta badakigun gidari batzuek ez dutela ondo ikusiko”. Izan ere, “osasun publiko kontu batez dihardugu, oraindik ere garai batez pertsonen arteko distantzia fisikoa zaindu beharko dugu, eta gaur egun ezinezkoa da Eibarko kale gehienetan. Jendetza espaloi estuetan pilatzea ekidin nahi dugu, birusaren gorakada ekiditeko ardura daukagu”, ziurtatu du. 

Distantzia fisikoa ahalbidetzea funtsezkoa da arintzea segurtasun baldintzetan eman dadin. Helburua da kutsatze berriak ekiditea; eta horixe bera behar du merkataritza jarduerak lan egin ahal izateko. Hori dela eta, denda, taberna eta zerbitzu gehien dituzten kaleetan bereziki jardutea eskatu du EAJk, kale horietan jende gehiago pilatzen dela kontuan izanik.

Espazio publikoa berrantolatzeko lau proposamen egin dituzte: espaloiak zabaltzea obrarik egin gabe, norabide bakarra ezartzea espaloietan, oinezkoentzako kaleak egunero jartzea, eta azkenik, trafikoaren gehienezko abiadura 20km/h izatea, hirigune osoa koexistentzia gune izendatuz. Jeltzaleen ustez neurri horiek guztiak indarrean egon beharko lirateke II. Fasera igaro baino lehen, 

Jarduera ekonomikoa egokitu eta suspertu

Bestalde, talde politikoen artean izaten ari diren elkarrizketetan, jeltzaleek uste dute Udalak diruz lagundu behar dituela inbertsioak, jarduera ekonomikoek errealitate berrira egokitzekoak, eta kontsumoa pizteko kanpaina indartsu bat burutu behar duela. “Eibartar guztion dirua kudeatzen dihardugu, eta mugitzen dugun euro bakoitzak helburu izan behar du egoerari buelta ematea. Egoera konplexua da, eta arduraz jokatu beharra daukagu”, ziurtatu dute. 

Hori dela eta, bi neurri handi proposatu dituzte, bakoitza milioi erdi eurokoak. Batetik, errealitate berrira egokitzeko inbertsioak laguntzeko, eta bestetik, %30eko hobaria duten kontsumo-bonoak saltzeko. Horrekin, herritarren beste 1,2 milioi euro mugiaraziko lirateke gutxienez, eta litekeena da neurriaren inpaktua 2 milioi eurotik gorakoa izatea. “Kontsumoa geldiarazita egon da, eta hori berraktibatzea da ondorio ekonomikoei aurre egiteko klabea”. 

“Iritsiko da krisiaren kudeaketa baloratzeko unea”

EAJk ez du, oraingoz, azken bi hilabeteotan egindako jardueren baloraziorik egin. “Eskatzen zaigun mailan jokatu dugu, arduraz. Proposamen gehien egin dituen taldea izan gara eta ez ditugu ezagutzera eman Euskadin Osasun Larrialdia deklaratu zenetik. Saiatu gara eibartarron osasunaren alde egiten, eta Udalean izandako liskarrak Udaletxetik kanpora ez eramaten eta unea iristen denean, garden jokatuta, baloratu beharko dugu zein izan den gure jokabidea asteotan”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Posta bidezko botoa

  Agenda

2020/06/04 09:30:00

Markel Olano

   ETB 1, Egunon Euskadi 

YouTube