Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/05/08

Erosi tokiko saltoki eta establezimenduetan kontsumitzeko bonuak eta lagundu Tolosa biziberritzen

147 saltoki eta establezimendu batu dira ekimenera: argazki eta arropa dendak, bitxitegiak, dentistak, fisioterapeutak, ileapaindegiak, jostailu dendak, kirol arloko saltokiak, mertzeriak, lore dendak optikak eta liburu dendak, besteak beste.
Erosi tokiko saltoki eta establezimenduetan kontsumitzeko bonuak eta lagundu Tolosa biziberritzen

Herriko eragile ekonomikoekin bildu eta egoeraren diagnosia egin ostean, krisiari aurre egiteko plana garatzeari ekin dio udalak eta dagoeneko, Suspertu Tolosa kanpaina abiatu da herriko bizitza sozioekonomiko eta kulturala biziberritu, eta krisiak gehien kolpatu dituen sektoreak babesteko asmoz.

Nerea Letamendiak, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduradunak azaldu duenez, merkataritza eta zerbitzuen sektorea da Suspertu Tolosa proiektuaren lehen lan-ildoa, ateak itxi behar izan dituzten tokiko establezimenduei bultzada emateko. Horretarako, eta Tolosa&Co elkartearekin lankidetzan, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko erosketa-bonuak jarri dira herritarren eskura. Bonuak aurrez erosi beharko dira, gaurtik aurrera eta maiatzaren 29ra bitartean, eta udalak bono bakoitzari diru gehiago gehituko dio. Orotara 80.000€ bideratu ditu udalak ekimen honetara, nahiz eta egitasmoaren inpaktu ekonomiko erreala 240.000€-rainokoa izango den.

147 saltoki eta establezimenduk eman dute izena:

Anitzak dira izena eman duten saltoki eta establezimenduak, guztira 147: argazki eta arropa dendak, bitxitegiak, dentistak, fisioterapeutak, ileapaindegiak, jostailu dendak, kirol arloko saltokiak, mertzeriak, lore dendak optikak eta liburu dendak, besteak beste.

Bonuak non eta nola erosi:

Bihar, 20:00etatik aurrera jarriko dira salgai bonuak www.suspertutolosa.eus webgunean. Guztira 7118 bono jarriko dira salgai.  Erregistratzea ezinbestekoa izango da. Gainera, bonuak zein saltokitan gastatuko diren zehaztu beharko da hasieratik eta ezingo da aldatu. Pertsona bakoitzak bonu bakarra erosi ahal izango du saltoki bakoitzeko, eta, gehienez ere, lau bono erosi ahal izango dira pertsonako. Erosketa prozesu bakoitzeko bonu bana eskuratu ahal izango da. Bonua erostean NAN zenbakia eman beharko da, eta komertzioetan bonuak erabiltzean ere NANa erakustea derrigorrezkoa izango da.

10, 20 eta 30 euroko bonuak erosi ahal izango dira eta horiei udalak, 5, 10, eta 15 euro gehituko dizkie, hurrenez-hurren, beraz tolosarrek, 15, 30 eta 45 euro izango dituzte gastatzeko bonu bakoitzeko.

Hortaz, helburu bikoitza du egitasmoak, batetik tokiko kontsumoa sustatzea eta bestetik, herritarrak eta familiak babestu eta laguntzea. Saltokiak bultzatu ez ezik, herritarrak ere izango baitira beste onuradunak, udalak bonu bakoitzari gehituko dion diruari esker, gastatzeko kopuru handiagoa izango baitute.

Internet bidez bonuak erosteko zailtasunik izanez gero, edota horiek erosteko laguntza behar badute herritarrek, merkataritza sailark laguntza eskainiko du 943 69 75 21 telefonora deituta edota merkataritza@tolosa.eus posta elektronikora idatzita.

Bonuak erosi ondoren, posta elektronikoz jasoko dira eta horiek inprimatu egin beharko dira dendetan erabili ahal izateko. Erosketa egin den unetik 24 ordu pasatakoan aktibatuko da bonu bakoitza, eta une horretatik aurrera izango da erabilgarri, 2020ko abenduaren 31ra bitarte.

Bonuen inguruko informazio gehiago jasotzeko jo suspertutolosa.eus webguneko ohiko galderen atalera: https://www.suspertutolosa.eus/faqs/

Babestu Tolosak duen izaera komertziala, lagundu Tolosa suspertzen:

Kanpainak herritarrak bidelagun izan behar dituela nabarmendu du Nerea Letamendiak, “kanpaina honek ez du zentzurik, herritarren inplikazio, konpromiso eta elkartasuna lortzen ez badugu, izaera soziala du ekimenak, elkarrekin eta indarrak batuta lan egin behar dugulako Tolosa biziberritzeko eta gure tokiko saltoki eta establezimenduak babesteko”.

Hala gehitu du: “Orain inoiz baino gehiago jarri behar ditugu balioan eta babestu behar ditugu gure herriak berezkoak dituen ezaugarriak, gure merkataritza, ostalaritza, zerbitzuen sektorea, azokak, kultura.... horregatik, merkataritzaz gain, Suspertu Tolosa proiektuaren barruan sektore gehiagori begirako laguntza-lerroak jarriko dira martxan datozen asteotan”.

Amaitzeko Letamendiak berretsi du, elkarlanetik jaiotako kanpaina dela eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela, guztion artean, Tolosa berriz ere martxan jartzeko. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube