Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/04/08

Ortuzar: “Herritarrak zaintzea eta babestea da gaur egun Aberria eraikitzeko modurik onena”

EAJ-PNVk euskal hiritargoa deitu du igandean balkoietan ikurrina jartzera 88. Aberri Eguna ospatzeko, koronabirusaren ondorioz hildakoak gogoratzeko eta pandemiaren kontrako borrokan lehen lerrotik ari diren emakume eta gizonei esker ona adierazteko
Ortuzar: “Herritarrak zaintzea eta babestea da gaur egun Aberria eraikitzeko modurik onena”

“Euskal herritarrak zaintzea eta babestea da Euzko Alderdi Jeltzaleak gaur egun daukan lehentasuna. Pertsonak zaintzea eta babestea da gaur Aberria eraikitzeko modurik onena, Herri gisa daukagun etorkizuna bermatzeko. Osasun eta ekonomia aldetik bizi dugun makalaldi honetatik ateratzea da, beraz, gure premiarik handiena. Helburu horrekin hitzemanda gaude, eta lan horri ekingo diogu buru belarri hurrengo hilabeteotan. Uste osoa daukagu Herri honen etorkizunean. Euskal gizarteak indarra eta kemena baditu edozein erronkari aurre egiteko eta,horrez gain, erakunde batzuk ditugu Euskadi aske eta burujabea eraikitzera eramango gaituen bidea egiteko”. Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur aurkeztu du Exekutiba jeltzaleak iragan astelehenenean aurtengo Aberri Egunaren kariaz onartu zuen adierazpena. Igandean ospatuko da Aberri Egunaren 88. edizioa bakoitza bere etxean koronabirusaren pandemiaren ondorioz oraindik indarrean dauden alarma-egoera eta itxialdiagatik. Gaur goizean Sabin Etxean grabatu duten bideoan, jeltzaleen buruak euskal hiritargoa deitu du Igandean Euskadiko balkoiak ikurrinekin apaintzera. EAJ-PNVk urtero egin ohi duen deialdia da baina 2020an sinbolismo berezia izango du. Halaber, Ortuzar pozik agertu da Aberri Eguna ospatzeko ekimen berriak agertu direlako. “Une latz hauetan, albiste ona da ikustea urterik urtera gero eta gehiago direla Euskal Aberriaren Eguna ospatzeko prest dauden herritarrak. Sabino Aranak duela 125 urte esan zuen bezala, ‘Euskotarren Aberria Euskadi da’ esango dutenak”, baieztatu du.

88. Aberri Eguna, esan beharrik ez dago, berezia izango da Covid-19ak eragin duen krisiaren barruan ospatuko delako, eta mehatxu hori oso presente egon da Ortuzarren diskurtsoan. Jeltzaleen buruaren esanetan Euskal Aberriaren Eguna iritsi da “Salbuespen egoera batean, egoera tragikoan. Zazpi Euskal Herrialdeetan gaude bakoitza gure etxean sartuta, itxialdian. Hainbat pertsona hil dira koronabirusaren eraginez, pandemia honetan milaka pertsona daude ospitalean eta dozenaka mila lanpostu arriskutan, gure herriko egitura ekonomikoak gogor kolpatzen ari den osasun-krisi baten ondorioz”. Horren baldintza konplexuetan, esan du Ortuzarrek “Alderdiaren lehen begiradak jendearentzat izan behar du, gaur egun gaixotasunaren ondorioz sufritzen duten euskal herritarrentzat, beren lanpostua galtzeko beldurrez daudenentzat edo beren bizitza balkoi eta leihoetan baldintzatuta ikusten dutenentzat. Eta, begirada horrek itxaropena eta konfiantza proiektatu behar ditu gure gizartean, itxaropena eta konfiantza gure Aberrian eta bere etorkizunean. Itxaropena eta lan nekaezina gauden egoera honetatik ateratzeko; horixe da gaur egin ahal diegun omenaldirik onena azken aste hauetan gaixotasunaren ondorioz hil diren emakume eta gizonei. Guztien galera sentitzen dugu”. Jeltzaleen buruak adierazi du EAJ-PNVk bat egingo duela igandean,12:30ean, koronabirusaren ondorioz hil diren pertsona guztiak gogoratzeko egingo den minutuko isilunearekin.

Krisialdi honetan balkoiak “batasun, eta elkartasun sinbolo” eta makalaldiari aurre egiteko orduan erresistentziarako toki bihurtu direla ikusita, Ortuzarrek proposatu du ikurrinak jartzea “Euskadi deitzen den aberri honen esker ona” adierazteko osasun eta segurtasuneko profesionalei, zerbitzuetako eta elikagaien sektoreko langileei, garraiolariei eta pandemiaren kontrako borroka honetan lehen lerroan dauden sektore guztietakoei. “Gure abertzaletasuna partekatu ala ez, gure begietara denak dira abertzale eredugarriak”, esan du agintari jeltzaleak.

Amaitzeko, jeltzaleen buruak aurreratu du EAJ-PNVren gizarte sareek gaur arratsaldean zabalduko dutela iragan astean abian jarri zen kanpainaren bigarren zatia, deialdiari erantzun nahi dioten baina une honetan ikurrinik ez duten guztiei irtenbide bat eskaintzeko. “Abertzale guztiak gonbidatzen ditugu iganderako prestaketa lanak eta Aberri Egun berezi hau gurekin partekatzera”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Posta bidezko botoa

  Agenda

2020/06/04 09:30:00

Markel Olano

   ETB 1, Egunon Euskadi 

YouTube