Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/04/06

Aldundiak gizarte entitateekin kontrastatu ditu Covid-19aren aurrean zaurgarrienak diren pertsonei zuzendutako arreta dispositibo berriak

Foru arduradunak modu telematikoan elkartu dira Gipuzkoako 27 gizarte entitaterekin, "lankidetza estutzeko eta osasun krisiaren bilakaera partekatzeko"
Aldundiak gizarte entitateekin kontrastatu ditu Covid-19aren aurrean zaurgarrienak diren pertsonei zuzendutako arreta dispositibo berriak

Osasun krisia hasi zenetik, Foru Aldundiko arduradunak hainbat aldiz elkartu dira Gipuzkoako gizartearen ordezkariekin: udalekin, eragile ekonomiko, sozial eta kulturalekin, eta abarrekin, "Covid-19ak sortutako egoerei aurre egiteko ahaleginak eta estrategiak bateratzeko, lankidetza estututa eta osasun krisiaren bilakaera partekatuta", zehaztu du Maite Peña diputatuak. Horrela, telematikoki gaur egin den bileran buru izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua, eta, bertan, 27 gizarte entitatek parte hartu dute guztira: Atzegi, Gautena, Aspace, Ortzadar, Acasgi, Agifes, Aita Menni, Suspergintza, Caritas, Cruz Roja, Emaus, Peñascal, Kolore Guztiak, Loiola Etxea, Izan Fundazioa, Kalexka, Irse, Agintzari, Babesten, Zabalduz, Larratxo Fundazioa, Nuevo Futuro,  Eudes Fundazioa, Horbel, Lauka, Maryward eta Urgatzi.

Maite Peñak azpimarratu duenez, bilera partekatu horiek "aukera" berriak ematen dituzte: "Lurraldeko gizarte eragileekiko kontaktua eta elkarlana etengabea da, eta lana modu bateratuan egiten denez, ekarpenak eta gogoetak oso erabilgarriak eta aberasgarriak dira". Eta erantsi du lotura hori funtsezkoa dela aurrekaririk gabeko egoera honi arrakastaz aurre egiteko.

Bileraren lehen zatian, gizarte zerbitzuen esparruan ezarritako txoke planaren kontraste partekatua egin da. Izan ere, plan horren helburua da Covid-19aren eraginak prebenitzea eta geldiaraztea, zerbitzuak indartzea eta informazioa ematea, eta neurri esanguratsuenetako bat, Peñaren hitzetan, Gipuzkoako hirugarren sektore sozialeko entitateekiko lankidetza indartzea da, "osasun larrialdiari erantzun egokia eta koordinatuagoa emateko". Bileraren bigarren zatian, entitateek plan horri egindako ekarpenak jaso dira, eta diputatuak adierazi duenez, "gizarteko biztanle ahulenekin, une larri hauetan, zer nolako lana egiten ari den" jakiteko informazioa partekatu da denon artean.

Txoke planaren esparruan, foru arduradunek errepaso labur bat egin dute krisi honen aurrean ahulenak diren biztanleei zuzendutako arreta dispositiboen inguruan, eta, alde horretatik, Peña diputatuak hauek azpimarratu ditu: bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta egokia emateko zentro espezializatuak irekitzea Hondarribian, Orion eta Zarautzen; desgaitasuna duten pertsonen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta indartzea; eta gizarte inklusiorako eta haurrei arreta emateko baliabideak eta programak indartzea eta egokitzea.

Diputatuak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia, Matia Fundazioarekin elkarlanean, aholkularitza saioak ematen ari zaie entitateei eta zentroei, "denboran zehar saio horiek zabaltzeko, dibertsifikatzeko eta entitateen beharretara egokitzeko asmoz". Halaber, "joan den astean, desgaitasunaren, gizarte inklusioaren, osasun mentalaren eta adinekoen egoitzen arloko entitate eta zentroei zuzendutako hainbat saio eman ziren, eta aste honetan, jardunbide egokiei buruzko saio eta jardunaldiekin jarraituko dugu, haurrak babestera bideratutako baliabide eta entitateei zuzenduta", zehaztu du diputatuak.

12 hildako eta 33 positibo azken 48 orduetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko egoitzen egoera eguneratu du Covid-19ari dagokionez, non guztira 5.425 pertsona artatzen diren. Azken bi egunetako datuen arabera, 12 lagun zendu dira Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan eta 33k eman dute positibo Covid-19an. Azken hildakoak izan dituzten egoitzak izan dira Tolosako Iurreamendi (2), Eibarko Egogain (1), Zarauzko Santa Ana (1), Zumaiako Otezuri (1), Beasaingo Arangoiti (4) eta Ordiziako San Jose (3); eta orain arte, 40 dira egoitzetan hildako adineko pertsonak. Guztia 14 dira positiboren bat antzeman duten egoitzak, 65 egoitzako saretik. Egoitza-sare osoan 199 pertsonek eman dute positibo, 20 ospitaleratuta daude eta 34 eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Posta bidezko botoa

  Agenda

2020/05/25 08:30:00

Imanol Lasa

   Onda Vasca 

2020/06/04 09:30:00

Markel Olano

   ETB 1, Egunon Euskadi 

YouTube