Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/04/01

Elkarlanean aurre egingo diogu Covid-19ari, osasun krisiari eta krisi ekonomikoari

Eli Murua Errenteriako zinegotziak adierazi duenez: “herri ordezkariak gara, zuhur jokatu behar dugu herritarren diruarekin baina gizarte bezala, elkarrekin eta inor atzean utzi gabe krisi honi aurre egitea lehentasunezkoa da. Errenteriarrak konfinamendua errespetatuz ematen ari diren adibide txalogarriak erakusten digu guztion artean egoera gainditzeko gai izango garela”
Elkarlanean aurre egingo diogu Covid-19ari, osasun krisiari eta krisi ekonomikoari

Batzorde informatiboak eta osoko bilkura etenda badaude ere udal taldeen lana ez da eten eta astelehenean elkartu zen Errenteriako Udaleko bozeramaileen batzarra mahai gainean dauden gaiak aztertzeko. Halabeharrez,  Covid 19a eta osasun larrialdia eragiten ari den krisia izan ziren gai nagusiak. Udaleko talde politikoak krisiaren jarraipena egiten ari dira eta, EAJk azaldu duenez, guztien artean krisiari aurre egiteko neurriak lantzeko konpromisoa dute.

Zerga eta tasen inguruan dagoeneko hartu diren neurriez gain beste neurri batzuk hartzea ere aurreikusten da, baina egoera ondo aztertu ondoren eta zuhurtziaz hartu nahi ditu neurriok udalak. Elixabete Murua EAJko bozeramaileak azaldu duenez “lehentasuna errenteriarren osasuna da zalantzarik gabe eta bide horretan hainbat neurri hartu ditu udalak. Baina osasun larrialdi egoerak eragina izango du baita gure herriko ekonomian ere. Horregatik, neurriak hartzea beharrezkoa izango da eta horiek ongi aztertzea ezinbestekoa. Zuhurtziaz jokatu behar dugu, izan ere, krisi honen eraginez, aurreikus daiteke diru-bilketa jaitsiko dela eta udalak bere diru-sarrerak murriztuak ikusiko dituela, bai diru-bilketa propioetatik eta baita foru funtsetik ere”. Baina zuhurtziaz jokatuta ere, Errenteriako Udalak neurri eraginkorrak hartzeko gaitasuna baduela uste du EAJk eta lasaitasun mezu bat bidali nahi izan die egoera gehien pairatzen ari diren errenteriarrei. “Covid-19ak sortutako osasun larrialdia Errenteriako ekonomia jardueran gogor eragiten ari dela badakigu, bereziki merkatari, ostalari, autonomo eta enpresa txikietan”, baina jeltzaleek diotenez, “udalak baditu tresnak eragin ekonomiko hori arintzeko, eta horiek ahalik eta egokien aktibatzeko talde guztien arteko elkarlanaren aldeko apustua egin dugu”.

EAJren ustez, beharrezkoak diren neurri horiek, fiskalak nahiz herriko ekonomia suspertzekoak,  krisiak gehien eragiten dienei zuzenduak izan behar dute. “Erantzukizunez jokatu behar dugu, neurriek ezin dute unibertsalak izan, benetan krisiaren eragin ekonomikoa pairatzen dutenei zuzendu behar zaizkie”. Horretarako, esan bezala, beharrezkoa da azterketa sakon bat egitea eta horretan ari da udala. “Osasun krisiari aurre egitea da momentu honetan lehentasuna, baina krisi ekonomikoari aurre egitea ere ezinbestekoa izango da eta bietan jardun behar dugu udaletik, gainerako erakundeekin elkarlanean eta horiek hartzen dituzten neurriekin osagarriak direnak hartuz”.

EAJren ustez, ezinbesteko da bizi ditugun garai zailetan elkarlanean aritzea, “guztiok elkarrekin lan eginda aterako baikara krisi honetatik”. “Herri ordezkariak gara, zuhur jokatu behar dugu herritarren diruarekin baina gizarte bezala, elkarrekin eta inor atzean utzi gabe krisi honi aurre egitea lehentasunezkoa da. Elkarlanaren bidetik, ziur gaude lortuko dugula eta guztion artean krisia gaindituko dugula” azaldu du bozeramaile jeltzaleak.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkie Muruak errenteriarrei konfinamendu une gogor hauetan egiten ari diren esfortzuagatik baita Covid-19aren aurka lehen lerroan borrokan dauden pertsona guztiei ere eta Covid-19aren eragina zuzen zuzenean pairatzen ari diren pertsonei eta horien senitartekoei "gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Posta bidezko botoa

  Agenda

2020/06/04 09:30:00

Markel Olano

   ETB 1, Egunon Euskadi 

YouTube