Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/02/06

Irunen euskararen aldeko apustua, gizarte kohesiorako ezinbesteko elementua da

Azken hamarkadan euskarak udalerri askotan izan duen aurrerakada, neurri handi batean, gizartearen atxikimenduari zor zaio, euskara biziberritzeko ahaleginari.
Irunen euskararen aldeko apustua, gizarte kohesiorako ezinbesteko elementua da

Horregatik, Irungo EAJ-PNVk, euskararen aldeko eta Irunen, jendartearen kohesioa sustatuko lukeen apustu irmoa egin behar dela argi adierazi du. "Ezinbestekoa da euskara hiritar guztion arteko elkar harremanetako eta gizarte kohesiorako ardatza izatea. Pertsona guztiak baitira hiriaren alor garrantzitsua eta guztiek aberasten baitute hiria". Halaber, atxikimenduaz eta konpromisoaz gain, euskararen erabilera sustatzera bideratutako ekimenak eskaintzea garrantzitsua dela deritzote jeltzaleei, “honek ere udalaren erronka nagusi izan beharko luke”.

Bide honetan, ezinbestekoa da etorkizuneko belaunaldiek, umeek eta gazteek, euskararen konpromiso horri eustea, eta horretan oraindik Irunen asko dago egiteko. Hizkuntza ikusiz, ikasiz eta hitz eginez gozatzea oso garrantzitsua dela adierazi du Xabier Iridoyk, Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak. "Hau da gure helburua, gure etorkizuna izango diren belaunaldietan, euskararen erabilpena behar bezala sustatzea, eta datozen lekutik datozela ere, beraien egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko, entzuteko eta irakurtzeko aukera izatea".

Hala ba, EAJ-PNVk adin tarte guztientzako euskarazko kultur jarduera desberdinak sortzeko, hizkuntza-paisaia (kartelak, errotulazioak…) sustatzeko eta hizkuntza berdintasuna hiritarren artean zein Udaletxean bertan lantzeko beharra ikusten du. Honen harira, Irunen euskararen aldeko aurrera pausoak emateko helburuarekin, jeltzaleek Aurrekontu proiektua euskarari dagokionean hornitzeko, hainbat proposamen aurkeztu zituen. "Besteak beste, <<Haurrak Parkean>> egitasmoa. Haurrak eskolatik atera eta parkean dauden bitartean, jolasen bitartez, beraien arteko kooperazio eta elkarrekintza euskaraz sustatzeko helburua duen proiektua, Irunen aurrera eramateko proposamena luzatu genuen. Bide batez, gainera, horrelako ekimenekin Irun hirian eta baita Euskal Erkidegoan ere egin diren euskararen erabileraren hainbat azterketetan ondorioztatu diren beharrei, aisialdian euskararen erabilpena oso baxua dela, erantzuna emango genioke" aipatu du Josune Gomezek, zinegotzi jeltzaleak.

Halaber, EAJ-PNVk aurtengo udazkenean leku izango duen <<Euskaraldia>> egitasmoaren garrantzia eta honen bi ardatz nagusiak azpimarratu dituzte. Proiektu honek, batetik, hirian ditugun ahobiziei eta belarriprestei, hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo die eta, bestetik, entitateak euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematera bultzatuko ditu. "Eta bertan izan behar du Irunek, eta baita Irungo Udalak ere. Benetan, Udaletxetik euskararen normalizazioan aurrera pausoak eman nahi badira, eta euskara gure izatearen alorretako bat dela sinesten bada, horrelako egitasmoekin bat egitea eta hauek ahalik eta modu eraginkorrenean jorratzea, ekintza, jarduera eta baliabide aberats eta erakargarriekin, ezinbestekoa da. Udalak, betiere hiriko eredu izan behar du. Are gehiago, horregatik proposatu genuen Aurrekontuetan ekimen honi diru laguntza areagotzea. Hirian Euskaraldiari lotutako behar bezalako jarduera erakargarriak antolatzeko aukera eskaini ahal izateko. Guk beti defendatu baitugu, esateaz gain, egin eta erakutsi ere egin behar dela" azpimarratu du Iridoyk.

Tamalez, guk aurkeztutako eta hiriarentzat onuragarria izan daitezkeen jarduera hauen aurka bozkatu zuten, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP udal taldeek. "Deigarria iruditu zitzaigun hauetako batzuen ezezkoa, ondoren egiten dutenaren kontrakoa defendatzen dutela esaten baitute. Politikan koherentzia eta ardura beharrezkoak dira. Gure ustetan, hiriaren onurara izan behar da erabakiak hartzerakoan kontuan izan beharreko irizpidea, eta ez interes partidistak. Hirian euskara eta honen erabilpena, behar bezala sustatu dadin modu baikorrean lanean jarraituko dugu. Gure ekimenak defendatuko ditugu, baina besteenak ere aztertu eta onuragarriak badira, hauek ere onartuko ditugu. Argi baitugu, norberaren interes politikoen gainetik, zalantzarik gabe hiritarrenak daudela".

Azkenik, jeltzaleek Udalak datozen egunetan euskaran aurrera pausoak emateko borondate erreala duela erakusteko aukera duela azpimarratu du. “Pasaden azaroan izan zen Euskararen Aholku Batzordean, Euskaraldiaren egitasmoetan sakontzeko deialdi bat helaraziko zigutela esan zitzaigun, oraindik esperoan gaude, baina hemendik gutxira deituko dutelako esperantza dugu. Halaber, datorren astean izango den VI. Plangintzaldirako Euskararen erabilera Normalizatzeko Planaren inguruko bilkuran, gobernuak euskara sustatzeko duen borondatea norainokoa den erakusteko aukera izango du. Guk beti esan dugun bezala, Irunen eta bertako pertsonen alde, modu eraikitzaile eta arduratsu batean lanean jarraituko dugu".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube