Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/12/20

Aurrekontu “sozial eta inbertsoreak” onartu ditu Gipuzkoak, “legealdia anbizioz” hasteko

Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJ-PNVren bozeramaileak azpimarratu duenez "gaur aurrekontu ona onartu dugu. Aurrekontu orekatua eta eraginkorra, politika publiko guztiei erantzuten diena, zorra kitatzeko ahalegin handia egiten duena, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuten diena
Aurrekontu “sozial eta inbertsoreak” onartu  ditu Gipuzkoak, “legealdia anbizioz” hasteko

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu dituen aurrekontu orokorrak onartu dituzte gaur. Proposamenak EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoak jaso ditu, Alderdi Popularra abstenitu egin da eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu dute. Markel Olano diputatu nagusiak erabakiaren irakurketa positiboa egin du, “mugarri garrantzitsua delako, are gehiago legealdiaren hasiera izanda”. “Honi esker, anbizioz hasi dezakegu legealdia”, gaineratu du. “Onartu ditugunak oso aurrekontu sozialak dira, eta horri esker jauzi kualitatiboa eman ahal izango dugu desberdinkeriaren aurkako borrokan; aldi berean, aurrekontu inbertsoreak dira, legealdiko proiektu garrantzitsuenak gauzatzen hastea ahalbidetuko digutenak, esaterako Adinberri, MUBIL edota Elkar-EKIN”, azaldu du.

Gaur onartutakoren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020rako aurrekontuek 915,2 milioi euroko gastua aurreikusten dute, hau da, 39,7 milioi euro gehiago (+% 4,53) 2019koaren aldean. Markel Olano diputatu nagusiak hiru ardatz nagusitan jarri du arreta: behar sozialei erantzutea, non 400 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa nabarmentzen den gizarte politiketan; etorkizuneko sektore ekonomikoetan egindako apustuak, 22 milioi euro bideratu baitira Etorkizuna Eraikiz ekimenera; eta zorra murrizten jarraitzearen aldeko apustua,  2020an beste 45 milioi euro jaitsiko baita. “Oso aurrekontu garrantzitsua da, gure kudeaketa politikoaren isla, eta gure tresna nagusia Gipuzkoak ahalik eta desberdintasun gutxien izan dezan gizarte, genero eta hizkuntza arloetan”, adierazi du foru arduradunak.

Aurrekontu hauek Alderdi Popularra, EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoaren batzarkide taldeekin adostu diren 47 emendakin jasotzen dituzte, 832.000 euroko balioa dutenak. Alderdi popularrarekin 14 emendakin adostu dira, guztira 155.000 euroko pisua dutenak; EH Bildurekin, bestalde, 16 neurri hitzartu dira, 375.000 milioi euroko zuzkidura dutenak; eta azkenik, Elkarrekin Gipuzkoaren 17 emendakin onartu dira, 302.000 euro guztira. “Negoziaketetan izan dugun jarrera irekia eta elkarrizketaren aldekoa izan da, baina betiere Aldundiak aurkeztu zuen aurrekontu proposamenaren espirituari eutsiz”, adierazi du Olanok.

Datorren urteko aurrekontuei dagokionez, diputatu nagusiak oso aipagarritzat jo du aurkezten duen hazkundea, historiako bigarren aurrekonturik handiena baita. Halaber, inbertsioaren aldeko aurrekontua dela zehaztu du, seigarren kapitulua (inbertsio errealak) 20 milioi hazi baita, 131 milioira iritsi arte (+% 18). Diputatu nagusiak ere aurrekontuaren zeharkakotasuna azpimarratu du: “Gobernantza eredu ireki eta elkarlaneko baten aldeko apustua egiten dugu, eta horrek ere badu bere isla etxe barruan: gure proiektu nagusiak ez dira departamentu bakar batera mugatzen, baizik eta hainbat arlotan banatuta daude”.

Azkenik, foru arduradunak ekonomian jarri du arreta berriz ere; izan ere, adierazi duenez, Gipuzkoak esparru horretan erakusten duen sendotasunak baliabide gehiago ematen dizkio Aldundiari bere politikak gauzatzeko. Ildo horretan, foru erakundeak sustapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi du, diru-sarreren bilketak hazten jarrai dezan, eta, horrela, lurraldearen ongizate mailari eusteko tresna gehiago izateko. “Hasieratik sustapen ekonomikoaren aldeko apustua egin dugu, eta datuek berresten digute estrategia egokia defendatzen ari garela", amaitu du.

EAJ-PNVren balorazioa

"Gaur onartu ondoren, Gipuzkoak behar dituen aurrekontuak ditu, aurreko legealdian hasitako jarduera-ildoak sendotuko dituztenak eta garapen sozialari eta susperraldi ekonomikoari lagunduko diotenak", adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak, EAJ-PNVko bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020rako Aurrekontu Orokorren onarpenari buruz. "Gipuzkoako benetako egoerari erantzuten dioten aurrekontuak dira, eta Gizarte Politiketan eta 2020-23 Kudeaketa Plan Estrategikoan jasotako proiektu estrategikoen garapenean oinarritzen dira" gaineratu du.

Bozeramaile abertzalea pozik agertu da Foru Gobernuak Gizarte Politikekin duen konpromisoa sendotzen duten aurrekontuak onartu dituztelako. "915,2 milioi euroko aurrekontua,% 4,53ko hazkundearekin, eta ia 40 milioikoa 2019ko datuekin alderatuta". "Foru Aldundiak 104 euro bideratuko ditu gipuzkoar bakoitzeko sustapen ekonomikoan – jarraitu  du –  eta bide eta errepideen behar nagusiei ere aurre egingo die: 116 euro bideratuko ditu biztanleko, eta aurrekontuaren ia erdia bideratuko du Gizarte Politiketara: 566 euro herritar bakoitzeko".

"Alde horretatik, EAJ-PNV batzarkide taldean ez dugu inolako zalantzarik Gipuzkoako Foru Aldundiak sentsibilitate berezia duela laguntza eta gizarte-arreta behar duten kolektiboa osatzen duten pertsona guztiekiko. Hala da, hainbeste aldiz adierazi dugun bezala  2012. eta 2013. urteetan izandako murrizketen ondorengo urte guztietan, nabarmen handitu da Gizarte Politiken arloko foru-aurrekontua, eta gaur onartu dugun dokumentu honetan benetako errekorra lortu da gure Lurralde Historikoko herritar bakoitzeko 566 euro, 9,5 milioi euroko igoerarekin". Eta jarraitu du "gaur onartutako aurrekontuei esker, Foru Aldundiak Gizarte Zerbitzuen Mapa hedatzen jarraituko du, 250 plaza berri zabalduz, horietatik 116 adinekoei arreta emateko. Udal egoitzak Kabian integratzeko prozesuarekin amaituko da, eta zerbitzuen katalogoa berrikusiko da, pertsonan zentratutako arreta-eredu berri bat ezartzeko eta arreta-ratioak aldatzeko. Eta era berean, egoitza-baliabide berritzaile berri bat zabalduko da, gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonak artatzeko".

"Ez genuke ahaztu behar – azpimarratu du EAJ-PNVko bozeramaileak – Aldundiak ez ezik Jaurlaritzak ere eragina duela Gipuzkoako gizarte politiketan. Eta puntu honetan, bai aitortu nahi nuke Podemosen abstentzio iragarria, zeinak ahalbidetuko baitu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua onartzea, DSBEan% 4ko gehikuntzarekin: Legebiltzarrean aurkeztutako hasierako proiektuan aurreikusitakoaren bikoitza. Neurri horren eta Aurrekontu berriak ahalbidetuko dituen beste batzuen onuradunak gipuzkoarrak izango direlarik".

Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi duenez, "gaur aurrekontu ona onartu dugu. Aurrekontu orekatua eta eraginkorra, politika publiko guztiei erantzuten diena, zorra kitatzeko ahalegin handia egiten duena, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei eta herritarren benetako arazoei eta Gipuzkoaren interes orokorrari erantzuten diena. Zalantzarik gabe aurrekontu hauetan jasotako eduki guztiak betetzeak modu erabakigarrian lagunduko du Gipuzkoaren aurrerabidean".

"Azken finean gizartearen garapenean eta susperraldi ekonomikoan lagunduko duten aurrekontuak" bukatu du Arrizabalagak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube