Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/12/10

Eneko Goiak klima aldaketari aurre egiteko Donostiako egokitzapen plana aurkeztu du Madrilgo COP25 goi bileran

Donostiako alkateak hiriek aldaketa klimatikoari aurre egiteko aurrera eramaten ari diren ekintzen gaineko mahai inguru batean parte hartu du
Eneko Goiak klima aldaketari aurre egiteko Donostiako egokitzapen plana aurkeztu du Madrilgo COP25 goi bileran

Donostiako alkate Eneko Goiak Klimaren Goi Bileran parte hartu du gaur arratsaldean. Goi bilera lehengo astean hasi zen eta, bertan, mundu osoko agintari eta erakunde parte hartzen ari dira.

Goiak azaldu du, klima aldaketari aurre egiteko Donostiako egokitzapen plana. Eta aurkezpena egin du hiriek aldaketa klimatikoari aurre egiteko aurrera eramaten ari diren ekintzen gaineko mahai inguru batean.

Eneko Goiak esan du, Donostia kosta kilometro ugari dituen hiria dela eta, ondorioz, itsasoaren igoeraren eta olatuen gaineko arriskuak dituela, baita uholde arriskua ere, Urumea ibaiaren bokalearen inguruan kokatuta dagoelako. 

Horren harian, gogorarazi ditu azken urteotan izandako olatuen denboraleak eta ibaia haztearen ondorioz izandako uholdeak, eta horiei aurre egiteko hartu diren hainbat neurri. Hortaz, Urumearen ibarran egin diren eta egiten ari diren hainbat jarduera aipatu ditu. 

Eneko Goiak honakoa azpimarratu du: “URA Euskal Uraren Agentziarekin elkarlanean hainbat jarduera burutu ditugu Loiola, Txomin eta Martutenen uholde arriskua ekiditeko, hala nola, zubi zaharrak eraitsi ditugu zutaberik gabeko zubi berriak egiteko, eta Martutenen ubidea zabaltzeko proiektuaren lehen fasea egin dugu. Horri esker, auzoak, eta zehatzago esanda, El Pilar eremuak, albiste izateari utzi dio uholdeak direla eta”.

Horiek horrela, Goiak aditzera eman du, hiria Uraren eskutik ubidea zabaltzeko lanen bigarren fasean murgilduta dagoela, eta horri esker hiritar kopuru handi bat lasaiago biziko dela. 

Era berean, Donostiako alkateak CO2ren isuriak gutxitzeko hainbat ekimen aipatu ditu, eta honakoa esan du: “Udala apustu garbia egiten ari da sail ezberdinek erosten dituzten ibilgailu berriak – besteak beste, Udaltzaingoa, Mugikortasuna, Hiri Mantentze zerbitzuak, eta Dbus – teknologia hibrido edo elektrikokoak izateko”.

Halaber, aipatu ditu Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean garatzen ari den Dbuseko 17. Linean Autobus Elektriko Adimentsuaren proiektua, eta Topoaren igarobidea. Eneko Goiaren iritziz, bi garraio publiko ez kutsakor hauei esker hiriak CO2ren isuriak gutxitu nahi ditu, eta era berean, donostiarrentzat gune handiagoak irabazi nahi ditu.  

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube